Pantailak Euskarazeko bozeramailea

ETB3 itxi digute

2026eko martxoaren 28a
Alex Aginagalde

— ZER? Bihartik aurrera ezingo dala ETB3 ikusi? Ez dute “pentsatzen” ala? – alabak.

 

— Ta orduan nun ikusikoet Robin? – negar zotinka, semeak.

Alabaren protestek eta semearen negarrek ikusarazi didate kontua uste nuen bezain larria dela. Astebete joan da pasadizo honetatik, astebete eguneko 20 minutuko telebista dosi horretan euskarazko marrazkirik ezin aurkitu… Horixe baita etxeko araua: telebista egunean tartetxo batez, afalaurretik normalean, eta 3. katean (edo gutxienez euskaraz) derrigor. Baina aste honetan “telemandoan” haurrek 3 sakatu duten bakoitzean, ETB1eko aspaldiko errepikapenak, albisteak, ala batzuetan, Korrikaren zuzenekoa agertu dira. 

 

— Ama, marrazkiak nahi ditugu, Netflixen Kity Katz jarri dezakegu (nazioarteko plataforman euskaraz dauden marrazki gutxietako bat)?

— Bai, bai, jarri…

Izan ere, gure 2018ko Samsung markako telebista adimendunean, munduko plataforma guztiak ikus daitezke: Netflix, Prime Video, Filmin, HboMax,… baina kasualitatez, Primeran eta Makusi, ez. “Gailu hau ez da Makusirekin bateragarria” mezua agertzen zaigu. Nola diseinatu daiteke telebista adimendunentzako plataforma bat, telebista adimendun batzuetarako baliagarria ez dena?

Etxe euskaltzale eta kontziente batean, euskarazko marrazkiak aurkitzeko saiakera egingo dugu, bai, ordenagailua telebistara konektatu eta halakoak egiten, beste plataformetan euskarazko edukiak bilatzen… baina zer egingo du jendearen gehiengoak? 

Adibide xume horrekin, agerian utzi nahi izan dut errealitate gordin bat: haurrentzako euskarazko telebista kate bakarraren desagerpenak kalte atzeraezina sor diezaiokeela euskararen normalizazioari. Izan ere, Makusi haurrentzako plataforma gailu adimendunetan ikusgarri badago ere, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen ia %40k, Eustaten 2025eko abenduko datuen arabera, ez du SmartTVrik, eta datua Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian antzekoa dela pentsa genezake. 

Eta gainera, gure etxean gertatzen den bezala, merkatuan dauden telebista adimendun asko ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin. Horiek horrela, ETB3ren desagerpenak Euskal Herriko familia asko haurrentzako euskarazko katerik gabe utzi ditu. Leiho bat itxi da euskararentzat. 

Kontsumo ohituretan aldaketak ekarri dituzte plataforma digitalek, eta euskarak ere horietara egokitu behar du. Litekeena da hemendik urte batzuetara telebista konbentzionala desagertzea, hori ere ez dut zalantzan jartzen. Baina ez dut uste ETB3 ixteko momentua heldu denik. Are gutxiago ikerketa soziolinguistikoek euskararen biziberritze prozesuan mantsotzea, edota atzerapena, ematen ari dela azaltzen digutenean. Tresna guztiak behar ditu euskarak normalizazioan aurrera egin ahal izateko. 

Pantailak Euskarazek ETB3 ez ITXI! lelopean ia 25.000 sinadura bildu ditu hamar eguneko epean. Horrek agerian uzten du gizarteak ez duela erabaki hau ulertu, eta are gehiago, EITBren erabakiak euskal jendartean kezka eta ezinegon handia sortu duela. Eusko Jaurlaritzak eta EITBk hausnarketa egin eta erabakian atzera egiteko itxaropena badut. Sinatu al duzu?