Washington Post egunkari estatubatuarrak artikulu bat argitaratu berri du Estatu Espainar mailan “etorkin digitalak” erakartzeko sortutako araudiaren inguruan. Nomada digitalentzako bisatu berriak sortzeko araudi hori 2022. urtearen amaieran argitaratu zen, estatu eta herrialde askotan indarrean dauden legeak imitatuz. Washington Post egunkari ospetsuak argitaratuko artikuluak askoren arreta erakarri du, bereziki estereotipoen erabilerak kritika ugari jaso baititu. "Urdaiazpiko iberikoa. Sherry. Siestak. Espainian, gutxi gorabehera, 47 milioi pertsonak badakite nola bizi, eta, orain, urruneko langileek haiekin bat egiteko eska dezakete". Estereotipoak erabiltzeak ez du batere laguntzen eztabaida lasaia izaten legeen onura eta arriskuen gainean, are gehiago, ahalbidetzen duenean langile batzuek gozatu dezaten besteek ezin dutena disfrutatu. Ez dirudi oso bidezkoa, batzuek mugak itxita dituzten bitartean, beste batzuek ateak irekita aurkitzea. Horixe da lege horren garrantzia, langile migrante mota jakin baten aldeko bereizkeria eragiten baitu.
Lege horrek eta Europan onartu diren beste batzuek ez dute inolako eraginik estatu kideen arteko langileen mugikortasunean. Legearen arabera, Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako langileek bisatu bereziak jaso ditzakete egiten duten lanaren eta jasotzen dituzten diru-sarreren arabera. Baldintza desberdinak daude: estatutik kanpo lan egiten duen Espainiakoa ez den enpresa baten enplegatuak izan behar dute eskatzaileek. Autonomiek ezin dute diru-sarreren %20 baino gehiago izan estatuko enpresetatik. Diru-sarrerek ez lukete hilean bizpahiru mila euro baino gutxiago izan behar (oraindik zehazteke). Langileek frogatu beharko dute Espainian bizitzeko lekua dutela, eta Espainiako osasun publikoaren estalduraren pareko osasun-aseguru pribatua lortzeko aukera dutela. Gainera, enplegatzailearekin gutxienez gutxienez hiru hilabeteko kontratua daukatela frogatu beharko dute, eta urtebeteko eskarmentua telelanean. Horrela baldintzak aipatzen jarraitu dezakegu, batzuk besteak baino esanguratsuagoak.
Baldintza guztiak betetzen direnean, sherry, siesta, urdaiazpiko iberiko eta bizitza onaren paradisua hasten da. Edo horixe iradokitzen du, gutxienez, Washington Post egunkariaren artikuluak. Nolakoa izango litzateke artikulua guri buruz hitz egingo balu? Zer eratako paradisua deskribatuko luke? Batez ere enpresa digitalei buruz ari garenez, kasu askotan lanak softwarearekin zerikusia duenez, gure paradisuaren izena Txotxware Paradise litzateke. Kupelen artean lan egiten duten start-upak imajina ditzaket, bakailao-tortillak eta intxaurrak partekatuz, sagardotegiko paretak postit eta halakoekin betetzen dituzten bitartean.
Neurri txarra iruditzen zaidala dirudi eta ez da hala. Neurri ona da, eta Europatik kanpoko estatuetako langile asko gure artean lan egitera erakartzea espero dut. Beste estatu batzuk gauza bera egiten ari dira, eta bide horietatik espero dut euskal langileak beste herrialde batzuetara joatea eta bizi-esperientziak irabaztea, nomada digitalen arauak bide horiek erraztuko duelarik. Nik neuk zortea izan nuen urte askotan Erresuma Batuan, Alemanian, Italian, EEBBn edo Japonian lan egin bainuen, eta esperientzia ezin hobea izan zen. Baina tristea da batzuk mugitu ahal diren bitartean beste batzuk alanbre hesituak eta konzertinak aurkitzen dituztela. Tristea da pentsatzea Aita Mariren ausartak Mediterraneoan pertsonak erreskatatzen saiatzen diren bitartean, beste batzuek VIP bisa bat dutela gure artean etorri eta lan egiteko. Nahiago nuke gizarte gisa tratu bera ematea duintasunez bizitza bat garatzeko ametsa duten pertsona orori. Izan ere, ez ditugu nomada digitalak bakarrik behar; era guztietako langileak ere behar ditugu, erreleborik ez duten hainbeste lanbidetarako.