Etorkizuna irudikatzerik badut

Imaginatu al duzu inoiz zuk lan egiten duzun sektorearen etorkizuna? Nolakoak izango dira etorkizuneko ikasgelak? Izango ahal dira bankuetan bulego fisikoak? Sare sozialak existituko ahal dira? Eta abere haragia? Nolakoak izango dira etorkizuneko etxeak? Berritzaileak izatea eskatzen digute behin eta berriro, baina zenbateraino gara ameslari edo irudikor gure lanean? Niri ere ez zait erraza egiten etorkizuneko eszenatoki berriak marraztea, baina noizean behin saiatzen naiz paratu, burua gora jaso eta datorren hamarkadan nire lana eta enpresaren ekina kokatzen. Egingo ahal dugu saiakera bat?

Orain egun batzuk The Verge aldizkari futuristak telesail berri bat estreinatu du Netflixen, The Future of izenekoa. Telesail hori, gure egungo bizitzaren askotariko esparruetan ditugun objektu, zerbitzu, zailtasun edo beharren etorkizuna irudikatzen saiatzen da, eta haien bertsio zintzoago bat proiektatzen, inguruan dugun guztia denborarekin nola alda liteken azalduz. Hanburgesen, zakurren, etxe orratzen edota heriotzaren ondorengo bizitza bezalako gaiak lantzen ditu telesailak. Esaterako, lehen atalak Txakurren etorkizuna du izena. Bertan, egun txakurrekin ditugun komunikazio eta elkar ulertze zailtasunak jartzen ditu hizketagai. Otsoak txakur bilakatu genituenetik, mendeak igaro ditugu elkarren ondoan izanda. Oraindik, ordea, soilik keinu sinple edo mugimendu batzuk interpretatu ditzakegu elkar ulertzen saiatzeko; alegia, ezin gara harago joan. Nola lagun diezaioke teknologiak gizakiari etorkizunean txakurrak dioena argi interpretatzen edo itzultzen? Nahiko al genuke txakurraren kexa, arazo edo jabearenganako duen iritzi zintzoa jakiterik?

Bigarren atalean zitak etorkizunean irudikatzen saiatzen da. Oraingo aplikazioek pertsonek zer nahi duten ezagutu besterik ez dute nahi, antza. Ezker-eskuin mugimenduen laguntzaz gustatzen zaizun pertsonaren profila definitzen saiatzen dira aplikazioak, zure hautagai perfektua lortu arte. The Vergek, ordea, beste zita aplikazio eredu bat aurkezten digu: jokoa bailitzan, aurreikusi gabeko isilpeko zitak antolatzen dituen aplikazio bat. Kalean oinez zoazela, aplikazioak parean duzun bankuan eseri, itxaroteko esan eta bat-batean lehenago ezagutu gabeko pertsona bat alboan esertzea. To! Hortxe bat-bateko zita.

Eskukada bat kapitulu ikusi dut, eta ondorioztatzen dudana zera da: zientzia eta teknologia ez direla bakarrik 'gertatzen'; asmakizun eta teknologia horien atzean jendea gogor dabil lanean soluzio berriak asmatzen, asmakizun horiei erabilera harrigarriak ematen, eta mundu berri bat etengabe eraikitzen, zikloa behin eta berriz errepikatuz. Telesail honek etorkizun itxaropentsu bat irudikatzeko abagunean eskaintzen du. Albistegietan eszena eta berri tragikoak besterik ez dugu ikusten: krisi klimatikoa, pribatutasun eza, espioitzak, albiste faltsuen hedapena, eskuin muturraren gorakada, armen erabilera, abortuaren ezbaia… Eta badirudi okerrera besterik ez dugula egiten. Etorkizun zirraragarri eta itxaropentsuan pentsatzeko garaia da, eta berau irudikatzen laguntzen diguten euskarriak erabili behar ditugu horretarako.

Gure sektore, zerbitzu edo produktuen etorkizuneko bertsioak irudikatzeari denbora eskaintzea ezinbestekoa iruditzen zait. Eguneroko lantxoetan dihardugu lanaldi osoa, eta askotan ez dugu horrelako hausnarketarik egiteko astirik topatzen. Aldiz, gizaki adimentsu eta berritzaileak izango bagara, hobe inspirazio diren eduki eta ideia berriak ezagutu. Hori ere etorkizuna egitea da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK