• IRITZIA
  • Etorkizuna leihotik sartzen da
Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Etorkizuna leihotik sartzen da

2026ko ekainaren 23a - 05:30
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Igarle gisa, ez daukat preziorik.

 

Hilabete askotan behin eta berriro errepikatu nuen zinez sinisten nuena: Brexita ezinezkoa zela, alegia. Eta, egia aitortu behar badut, oraindik ere uste dut ez zela intuizio hutsa izan, arrazoizko ondorio bat baizik. Ekonomiari, Europako integrazioari eta nazioarteko politikari buruz ustez nekien guztiak norabide berean seinalatzen zuen. Alde batetik, irtetearen ondorioak demasakoak ziren, eta, bestetik, Europako Batasunean jarraitzearen aldeko arrazoiak begien bistakoak ziren. Sen onak —edo, behintzat, neureak— esaten zidan Erresuma Batuak ez zuela Europar Batasuna utziko. Gogoan dut ni baino askoz adituagoak ziren pertsonekin izandako elkarrizketetan ere gehienok ondorio berera iristen ginela.

Emaitza ezaguna da: duela hamar urte jazo zen ezinezkoa zirudiena. 

 

Goiz hartan Bob lagunari deitu nion. Ozta-ozta ulertu nuen zer esaten zidan, eta behingoagatik arazoa ez zen hizkuntza. Nahasmena partekatu genuen elkarri zentzurik ez zuten esaldi erdiak esanez, totelka bezala. Ezinekoa zen jakitea zer zetorren ondoren, inortxok ere ez baitzekien modu koherente samar batez azaltzen gertatu berri zena. Mundua interpretatzeko erabiltzen genituen mapetan kabitzen ez zen zerbaiten aurrean nengoela sentitu nuen.

Hamar urte geroago, Brexitak oraindik harritzen nau, baina askoz txundigarriagoa zait hura normalizatzeko izan dugun gaitasuna. Haustura historikoa zena ohiko paisaia bihurtu da. Europa eta Erresuma Batua negoziatzen, elkarlanean eta elkarrekin bizitzen ari dira oraindik; egia da kanalaren beste aldean txanpon desberdina dutela eta etorkizunerantz ezkerreko erreitik gidatzen dutela, bai: duela hamar urte bezalaxe, bestalde.

Beltxarga beltza txolarre bihurtu da.

Gizakion ezaugarri harrigarrienetako bat horixe da: apartekoa dena etxekotzeko dugun gaitasuna. Historiaren ohitura bitxia da: gertatu arte erabat disruptiboa dirudiena berehala bihurtzen dugu eguneroko ogia.

Atzera begiratzen dugunean, tentagarria da Brexitaren logika azpimarratzea eta are aurreikusgarria izan zela defendatzea. Ni neuk ere egin dut denbora tarte honetan, baina ez dut ahaztu nola bizi izan nuen ezuste hura. Ez da gauza bera zerbait gertatu ondoren saihestezin gisa irudikatzea eta gertatu aurretik posible dela uste izatea. Sarritan, ezinezkoa dena eta nekez gerta daitekeena nahastu egiten ditugu eta ez, ez dira gauza bera eta bakarra.

Brexitaren ondoren pandemia globala etorri zen, gerra bat hasi zen Europako lurretan, energia-krisi larria piztu zuten eta lan egiteko, ikasteko edo sortzeko modua bera zalantzan jartzen duen azelerazio teknologikoa agertu zen. Gertakari horietako bakar bat ere ez zegoen plan estrategiko gehienetako lehen lerroetan eta gaur, gure normaltasunaren parte dira.

Hamar urtetan oinarrizko gauza asko aldatu dira, baina ez denak. Hor dira oraindik nire belaunaldikook jaiotzetik ezagutu ditugun gatazkak, konpontzen asmatu ez ditugun egiturazko desberdintasunak, desberdinarekiko gorrotoa, indarkeria edo berekoikeria kolektiboa. Baina jarraitutasun horiek guztiek ere gero eta nabarmenagoa den errealitate batekin egiten dute topo: ziurgabetasuna ez da sistemaren salbuespena, sistema bera da.

Urte luzez erresistentzia miretsi dugu: tinko eusteko, jasateko eta amore ez emateko gaitasuna. Baina susmoa dut, bere horretan, jada ez dela nahikoa, gure garaiko ezaugarririk baliotsuena beste bat baita: erresilientzia. Den-dena aldatzen denean berdin jarraitzeko gaitasuna baino, den-dena aldatzen ari den bitartean zarena izaten jarraitzeko gaitasuna. Ñabardura txikia dirudi, baina alde handia dago.

Erresistentziak forma mantendu nahi du. Erresilientziak helburua babesten du.

Salbuespenak salbuespen (eta badira bakar batzuk), irauten duten erakundeak ez dira beren egiturak ukitu gabe mantentzen dituztenak. Irauteko aukera askoz gehiago dute prozesuak, produktuak, teknologiak edo negozio-ereduak eraldatzen dituzten bitartean, beren izateko arrazoia zaintzen dutenak. Gauza bera gertatzen da pertsonekin ere. Baliotsu egiten gaituena ez da ezagutza jakin bati atxikitzeko gaitasuna, ikasteko, desikasteko eta berriro ikasteko prestasuna baizik, bidean gure nortasuna galdu gabe.

2016ko ekaineko goiz hura benetako kolpea izan zen niretzat, ez oker nengoela erakutsi zidalako —horretaz bizitza bera arduratzen da maiz samar—, baizik eta nire begiekin behatu ahal izan nuelako etorkizunak norabidea aldatu zuen unea.

Igarle gisa, lehen bezain traketsa naiz. Ez naiz ausartzen esaten Brexitetik hamar urtera ere zein izan ahal diren hurrengo hamarkada markatuko duten gertakariak. Dakidan bakarra da gertakari horietako batzuk jada gure artean direla lerro hauek idazten ditudan bitartean, eta seguruenik gehienok oraindik ez garela antzemateko gai.

Etorkizuna halakoxea da: ate aurrean dagoela uste dugunean, isil-isilik leihotik sartzen da.