Richard Nixon-ek utzitako harribitxien artean, ondokoak beti liluratu eta beldurtu izan nau: "Irakasleak etsaiak dira". Nekez esan daiteke hain hitz gutxirekin horrenbeste, bereziki norberari buruz. Anekdota hutsa litzateke, enegarren politikari buruberoak esandako ergelkeriatzat hartuko genuke ez balitz lotura zuzena duelako liburuak atari zabalean erre egiten diren garaiarekin, pentsamendua galarazi egiten zen garai horrekin, disidentziak labe garaietan errauts bihurtzen zen garaiarekin. 2021. urtean, gerora AEBko presidenteorde bilakatuko zen JD Vancek esaldi hori bera errepikatu zuen, eta txaloen artean hartu zuten "okurrentzia" aretoan zeudenek, ia denek pribilegioaren ikur diren goi-mailako unibertsitatetan ikasitakoek. Irakasleak etsaia direla esatea ez da iritzi politiko soil bat, esaten ez dena ere adierazten duen mezu argia baizik: ezagutza bera da jomuga. Ez da oso bizkorra izan behar ondorio horretara iristeko: Trumpen "Eskolarik ez duten herritarrak maite ditut" esaldia gogoratu besterik ez dago; horrek ere aurrekari ilunak ditu: "Aurrerabidearen etsaiak den-dena dakiten intelektualak dira" esan zuen Hitlerrek.
Columbia, Harvard eta enparauen aurkako sorgin-ehiza ez da inolaz ere berria, ezta mugimendu isolatuak ere. Nazioarteko ikasleen joan-etorria eragoztea, unibertsitateen baliabide ekonomikoak idortzea eta katedra-askatasunari eraso egitea bazterrak harrotzen dituzten eskandaluzko borroka-seinaleak dira, sakoneko gerrak —lehenagotik datorrena eta askoz sorragoa denak— aurrera egiten duen bitartean. Trumpek duela hiru hilabete izenpetu du Hezkuntza Departamentuarekin amaitzeko agindua, baina funtsean 1980. hamarkadan Ronald Reaganen administrazioak erabat betetzerik izan ez zuen promesa zen hori. Aurrekontu federalaren %2 kudeatzen zuen departamentuak, eta bere zereginak dira (ziren) eskola publikoen finantzaketa gainbegiratzea, ikasleen maileguak administratzea eta baliabide gutxiko ikasleei laguntzeko programak kudeatzea. Irakasleak etsaiak dira, eta hezkuntza-eskubiderik gabe geratu diren ikasleak, antza, kalte-ondorioak.
MAGA akronimoak “Make America Great Again” esan nahi du. Ameriketako Estatu batuak berriro (sic) handi egiteko, administrazioa eta haren inguruan ehundutako interes-sareko nodo ikusezinek AEBak handi egin zituzten erakundeak suntsitzen ari da tsunami ideologiko bortitz hau.
Jakintza ez da berez demokratikoa, baina demokraziarik gabeko jakintzak bazterkeriarantz lerrokatzeko joera handia erakutsi du historian zehar. Beste behin ere, patroia errepikatu egiten da, adibidez, DEI politikak —Dibertsitatea, Berdintasuna eta Inklusioa— bizitza publikotik ezabatzeko oldarraldiarekin. Hona Historiaren beste ikaspen bat: biolentzia sinbolikoarekin hasten dena ez da horretan gelditzen.
Hori ere pasa egingo da, noski, halako baten, uholdearen ur zikinak erretiratzen direnean zer panorama topatuko dugun ez dakigu, baina ez du itxura onik. XXI. mendeko erronkarik handienak —aldaketa klimatikoa, desberdintasun sozialak, bizikidetza kulturala— ezin dira konpondu jakintzarik gabe, eta zehatzago, gizartearen adimen kolektiborik gabe: unibertsitatean sortutako ezagutzaz gain, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakituria herrikoiak, hizkuntza gutxituetan sortzen den mundu-ikuskera, edo zaintza-lanetan metatutako esperientzia kolektiboa ezinbestekoak dira askotarik erronka globalen aurrean.
Ezagutza galderak egiteko gaitasuna baita, zalantza egitea zilegi dela ulertzea eta beste ikuspuntu bat entzun eta ulertu nahi izatea.
Bere momentuan anekdota gisa ulertzen den zerbait gaitz askoren abiaburua izan daitekeela erakutsi digu Historiak. Zer dakit nik… Imajinatu, adibidez, urliak bilera batetik alde egitea erabakitzen duela berea ez den beste hizkuntza ofizial bat mintzatzen hasten delako sandia…