• IRITZIA
  • Etxebizitza duina helburu, merkatuaren pizgarriak bidelagun
Doktoregai CEMFI Espainiako finantza- eta diru-ikerketa zentroan

Etxebizitza duina helburu, merkatuaren pizgarriak bidelagun

2025eko ekainaren 13a
pello aspuru lopez de munain

Eskaintza eta eskariaren legeak milioika produktu eta zerbitzuen ekoizpena gobernatzen du, egunero. Eskariak gora egitean, prezioek ere gora egiten dute. Prezio altuagoek etekin aukera gehiago sortzen dituzte ekoizleentzat. Etekinen pizgarriak bultzatuta, enpresek gehiago ekoizten dute, prezio garestian saldu eta dirutza egiteko asmoz. Ekoizpenaren igoerak, aldiz, prezioak jaitsiarazten ditu, oreka berreskuratuz. Hitz gutxitan: prezioek gora, eskaintzak gora.

 

Euskadin ordea etxebizitzen prezioak gora eta gora egin duen bitartean, etxebizitza berrien ekoizpenak behera jo du. Zergatik?

Erantzuna 2006ko lurzoru legean aurki dezakegu. Lege honen arabera, eraikitako etxeen %25 merkatuak ezarritako prezio librean saldu daitezke, soilik. Beste %75 babes ofizialeko etxebizitzak izan behar dute, eta Jaurlaritzak mugaturiko prezio merkean saldu. Hau da, naiz eta etxebizitzaren prezioa izugarri igo, enpresak prezio mugatuan saldu behar dituzte eraikitako etxe berri gehienak.

 

Neurri honen helburua etxebizitza merkeak ekoiztea izanda, merkatu pizgarriak apurtu ditu, prezioak igoaraziz: eskariak etxeen merkatu prezioa gora bultzatzen du. Hala ere, sustatzaileek ezin dituzte eraikitako etxeak merkatu prezioan saldu, prezio mugatuan saltzera behartuta daudelako. Prezio mugatuarekin etekinik lortzen ez dutenez, ez dute eraikitzeko inolako pizgarririk, eta proiektuak bertan behera uzten dituzte. Ondorioa: ez dira ez etxebizitza libreak ezta babes ofizialekoak eraikitzen, merkatu prezioa kontrolik gabe doa gora, eta babes ofizialekoak lortzeko ilara amaigabea da. Etxebizitzaren arazoa ez da beraz merkatua, merkatu pizgarri falta baizik.

EAJk eta PSE-EEk aurkezturiko “neurri larrien legeak" pizgarriak berpiztea du helburu. Lege honek, eraikuntza enpresak merkatu prezioan saldu ahal dituzten etxebizitzen ehunekoa %25etik %40ra igotzea ahalbidetuko du. Udaletxe bakoitzak erabaki beharko du portzentajea igo ala ez. Denborak esango du neurri lotsati hau nahikoa den eraikuntza sektorea berriz biziberritu eta prezioak kontrolpean izateko. Bitartean eskatu diezaiegun gure alkateei portzentajea igo dezatela, eskaintza itotzeari uzteko.