Maricarmenen etxegabetzeak etxebizitzaren auzia sutan jarri du berriro Espainian. 87 urteko emakumea 70 urte baino gehiagoz bizi izandako etxetik ateratzeak eragindako haserreak milaka lagun eraman ditu Madrilgo kaleetara, eta Puerta del Sol kanpin-dendez bete da. Kasuak, gainera, Gobernuaren erantzuna bizkortu du: Ministroen Kontseiluak etxegabetzeen, alokairuen eta etxebizitza eskuragarriaren inguruko neurri berriak onartu ditu, orain Kongresuaren galbahea gainditu beharko dutenak.
Baina etxebizitzaren inguruko eztabaidak badu arazo bat: oso erraza da errudun bakarra aurkitzea. Putre funtsak direla, etxebizitza turistikoak direla, etxe hutsak, okupazioa, immigrazioa edo gehiegizko burokrazia. Errealitatea, ordea, deserosoagoa da. Datu batzuk mahai gainean jartzea komeni da.
Lehenengoa agian guztietan esanguratsuena da. 2008ko higiezinen krisiaren aurreko urteetan Espainian urtean 700.000 etxebizitza berri baino gehiago hasten ziren eraikitzen; gaur egun kopurua 140.000 ingurukoa da. Aldi berean, biztanleria 45,7 milioitik 49,6 milioira igo da 2008tik 2026ra: %8,5 inguruko hazkundea. Eta gaur egun Espainian bizi diren hamar milioi pertsona baino gehiago atzerrian jaioak dira, biztanleriaren %20 inguru.
Hau da: etxebizitza behar duten pertsonen kopurua handitu da, baina etxebizitza berriak sortzeko erritmoa askoz motelagoa da duela bi hamarkada baino. Horrek ez du, berez, prezioen bilakaera osoa azaltzen. Baina eskaintzaren eta eskariaren arteko tentsioa ulertzeko abiapuntu nahiko sendoa eskaintzen du.
Espainian 26,6 milioi etxebizitza inguru daude. Horietatik ia 3,84 milioi hutsik zeuden INEren 2021eko erroldaren arabera: parkearen %14,4. Lehen begiratuan, kopuruak iradoki lezake arazoa konpontzeko nahikoa litzatekeela etxebizitza horiek merkatura ateratzea. Baina geografia tematia da. Etxebizitza hutsen ia %45 10.000 biztanletik beherako udalerrietan dago; 250.000 biztanletik gorako hiriek, aldiz, guztien %10,5 baino ez dute. Etxe hutsa Soriako herrixka batean izateak ezer gutxi konpontzen dio Donostian, Madrilen edo Bartzelonan lan egiten duenari.
EAEn fenomenoa are mugatuagoa da. INEren metodologia erabilita, etxebizitzen %6,5 inguru dago hutsik; Bilbon %5,5 eta Donostian %5,8. Eusko Jaurlaritzaren estatistikak portzentaje are baxuagoak ematen ditu, definizio zorrotzagoa erabiltzen duelako. Alegia, etxebizitza hutsak mobilizatzeak eskaintza handitu dezake, baina ez dirudi berez nahikoa denik etxebizitzaren arazoa konpontzeko.
Antzeko zerbait gertatzen da etxebizitza turistikoekin. Fenomenoaren eragina oso handia izan daiteke auzo edo hiri jakin batzuetan, baina estatu osoko argazkia bestelakoa da. INEk hiru plataforma turistiko nagusietako eskaintza aztertuz egiten duen estatistika esperimentalaren arabera, etxebizitza turistikoek etxebizitza-parkearen zati txiki bat osatzen dute (%1,3, 2026ko maiatzean). Hori bai, banaketa oso desorekatua da: ondorioak ez dira berdinak kostaldeko edo turismo-presio handiko hiri batean eta barnealdeko udalerri batean. Horregatik, Estatu mailako batez besteko batek tokiko arazo larriak ezkuta ditzake.
Jabe handiei buruzko eztabaidak ere antzeko ñabardura eskatzen du. Enpresa eta pertsona juridikoek etxebizitza-kopuru esanguratsua dute, baina Espainiako alokairu-merkatuaren zatirik handiena oraindik jabe partikularren esku dago. EAEn joera hori are nabarmenagoa da: alokairuko etxebizitzen lau bosten inguru pertsona fisikoenak dira; sektore publikoak %16 inguru du eta pertsona juridiko pribatuek %4 inguru.
Horrek ez du esan nahi jabetzaren kontzentrazioak tokian tokiko eraginik ez duenik. Esan nahi du politika publikoak diseinatzerakoan komeni dela alokairu-merkatua benetan nork osatzen duen jakitea. “Jabea” kategoria bakarraren barruan etxebizitza bakarra alokatzen duen familia bat, hamar etxebizitza dituen inbertitzailea eta ehunka aktibo dituen sozietatea sartzen baditugu, diagnostikoak zehaztasun gutxi izango du.
Eta okupazioa? Eztabaida publikoan hartzen duen tokiaren aldean, fenomeno kuantitatiboki oso mugatua da: 14.875, 2025ean. Etxebizitza parke guztiaren %0,06a. Horrek ez du esan nahi pairatzen duen jabearentzat arazo txikia denik, baina politika publiko bat dimentsionatzeko datuak behar dira, ez soilik kasu deigarrienak. Halaber, estatistiketan komeni da etxebizitza huts baten usurpazioa eta norbaiten bizilekuaren bortxaketa bereiztea: juridikoki ez dira gauza bera.
Azkenik, bada arreta gutxiago jasotzen duen faktore bat: etxebizitza berria sortzeko zailtasuna. Banco de Españak eskaintzaren erantzuna mugatzen duten hainbat oztopo identifikatu ditu: lurzoru eraikigarriaren erabilgarritasuna, hirigintza-prozesuen konplexutasuna eta iraupena, eraikuntzako kostuak eta sektoreko langile kualifikatuen eskasia, besteak beste.
Horrek guztiak ez du konponbide magiko batera eramaten. Alderantziz.
Etxebizitza turistikoak mugatzeak presio handiko eremu jakin batzuetan lagun dezake. Etxe hutsak mobilizatzeak eskaintza handitu dezake. Etxebizitza publikoa eraikitzeak merkatuaren alternatiba iraunkorra sor dezake. Alokairuaren arautzeak maizterren egoeran eragin dezake. Eta hirigintza-prozedurak arintzeak etxebizitza berrien eskaintza handitzen lagun dezake. Baina neurri bakar batek nekez konponduko du arazo osoa.
Agian etxebizitzaren auziaren daturik garrantzitsuena ez da portzentaje jakin bat, baizik eta azken bi hamarkadetako kontraesana: gero eta pertsona gehiago bizi gara, etxekoen unitateak gero eta txikiagoak dira eta etxebizitza behar den tokietan eskaintza berria motel hazi da.
Maricarmenen kasuak arazoari aurpegia jarri dio. Estatistikek, berriz, tamaina eta konplexutasuna ematen diote.
Lehenak haserrea azaltzen du. Bigarrenek konponbide hobeak bilatzen lagundu beharko ligukete.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta