“Etxebizitza izateko eskubidea nahitaezkoa da gizakiarentzat, funtsezko beste eskubide batzuk baldintzatzen baititu; adibidez, enplegua izatekoa, botoa ematekoa, prestazio eta zerbitzu publikoak jasotzekoa, seme-alabak eskolaratzekoa, kulturaz eta ingurumen egokiaz gozatzekoa, bizipenak senideekin eta lagunekin partekatzekoa, eta beste hainbat ere, itzal handieneko doktrinak eta justizia-auzitegiek behin eta berriz nabarmendu dutenez. Etxebizitza izateko eskubideak eta eskubide hori benetan gauzatzeak bizitza duin bat eramatea errazten eta ahalbidetzen diote gizakiari”.
Ez da etxebizitza-grebaren aldeko paskin batean topatutako esaldia, nahiz eta izan zitekeen. Eusko Legebiltzarrak onartutako 3/2015 Etxebizitzaren Legearen hasierako lerroaldea da. Batzuetan, beharrezkoa baita Pelloren egiak lege batean jasotzea.
Pertsona orok bizitzeko behar duen teilapea legez aitortzea ulergarria eta funtsezkoa izan arren, 1978ko Espainiako Konstituzioak etxebizitza oinarrizkoak ez diren eskubideen artean sartu zuenetik urte mordoxka igaro behar izan dira etxebizitzaren funtzio soziala lege batera eramateko: 37 urte EAEn eta 45 urte Espainian, izenean bertan etxebizitzarako eskubidea jasotzen duen Espainiako 12/2023 Legearen bitartez.
Konstituzioa indarrean sartu zenetik, etxebizitzen alokairua hainbat legeren bidez arautu da. Lehenik, 1964ko Hiri Alokairuen Legearen bidez, 1994ra arte indarrean egon zena. Frankismo beteko legea izan arren, haren ezaugarri nagusia, paradoxikoki, gaur egun edozein maizterrek ontzat emango lukeen horietakoa zen: alokairu-kontratuen nahitaezko luzapena. Alegia, kontratuaren epea bukatzean, maizterrak nahi izanez gero, kontratua luzatu egiten zen. Sistema hori, baina, 1985ean irauli zen, 2/1985 Errege Dekretuaren bitartez. Alokairuzko etxebizitza gutxi eta jabetzako asko zeudelakoan, alokairua erakargarriago egiteko asmoz, nahitaezko luzapena eta kontratuen gutxieneko iraupena bertan behera utzi ziren.
1994an sartu zen indarrean gaur egun alokairuak arautzen dituen 29/1994 Hiri Errentamenduen Legea. Kontratuak egiteko erabateko askatasunaren aurrean, maizterra babestea bilatu zuen nolabait, ohiko etxebizitzen alokairu-kontratuen gutxieneko epea bost urtera luzatuz, maizterrak hala nahi izanez gero. Handik urte batzuetara, PP alderdiak Kongresuan gehiengoa zuela, jabeei askatasun handiagoa eman nahian, 4/2013 Legeak hiru urtera murriztu zuen alokairuaren gehieneko epea. Ondoren, 7/2019 Errege Dekretu-legearen bitartez, bost urteko gehieneko epea ezarri zen berriro, zazpikoa alokatzailea pertsona juridikoa bada.
EAEn, 3/2015 Legeak etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortu zien etxebizitzarik ez duten pertsonei, betiere baldintza jakin batzuen pean. Eta, hasieran esan bezala, zortzi urte geroago, Espainiako Kongresuak 12/2023 Legea onartu zuen, etxebizitzaren funtzio soziala aitortuz.
Berriki, beste bi urrats egin dira etxebizitzen alokairuari babes handiagoa emateko, hauteskunde-deialdi aurreratuari lotutako bi dekretu-legerekin: 29/2026 Dekretu-legea da bat, bizitzeko beste tokirik ez duten pertsonen etxegabetzeak eteten ditu, eta gaur egun garrantzitsua den beste neurri bat jasotzen du: bizitzeko erabiltzen diren logelen alokairua etxebizitzen alokairuarekin parekatzen du. Kontratua bukatzean, beste bi urtez luzatzeko aukera ere ematen du, maizterrak zaurgarritasuna egiaztatzen badu.
Indarrean sartuko den azken araua 28/2026 Errege Dekretu-legea izango da, azaroaren 15etik aurrera. Neurririk ikusgarriena honako hau: bost urteko epea —edo zazpikoa, alokatzailea pertsona juridikoa bada— bukatzean, kontratuak iraupen bereko nahitaezko luzapena izango du, maizterrak hala nahi izanez gero. Ez da, baina, eskubide osoa: alokatzaileak dirutan ordaindu ahal du, hamabi hilabeteko kalte-ordaina, eta kontratua ez luzatu.
Etxe faltan eta etxebizitza aberasteko negozio erraz eta biribil bilakatuta, legeetan ezarritako eskubideak gauzatzea da etxebizitzaren arloko erronka nagusia orain. Alokairu beltzak; bizitzeko egokiak ez diren etxebizitzen alokairuak; logela gehiago sartzeko sukalderik edo egongelarik gabe utzitako etxeak; denboraldiko alokairuz mozorrotutako ohiko etxebizitzen alokairuak; erroldatzeko aukerarik ematen ez dutenak; eta gehiegizko prezioak, bai alokairuan, bai erosketan. Hortxe agintariek kontuan izan beharrekoak etxeak norberaren bizimodua modu duinean antolatzeko benetako tresna bilaka daitezen.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta