Etxebizitzaren Legea

Aurreko astean Etxebizitzaren Lege berria aurkeztu zuen Espainiako gobernuak. Sanchezen gobernuaren legealdiaren agintza izan da Etxebizitzaren Legea, koalizio-gobernuaren promesa izatetik, gobernuak aliatu parlamentarioekin duen konpromiso nagusietako bat bilakatzera. Urtebeteko negoziazioen ostean, azkenean badirudi badela akordioa.

Legediarean neurri nagusien artean alokairuaren prezioaren mugatzea dago. KPIak gorabehera handiak eragin ditzakeela ikusi da azken hilabeteotan. Alokairuaren prezioak igoera handiak jasan ditu azkenaldian. Urrunago joan gabe, alokairuaren prezioak errekor guztiak hautsi zituen martxoan, urtetik urterako %9,7ko igoerarekin. Igoera horrek Espainiar estatuko bederatzi erkidego maximo historikoetan kokatu zituen, Fotocasak argitaratutako azken datuen arabera.

Adierazitako joerak alokairuaren merkatua asko tentsionatu du, eta goia jotzen ari da lurralde edo hiri askotan. Epe motzean, Etxebizitzaren Lege berriak berehalako alokairuen prezioaren igoera erreakzio bat eragin dezake etxebizitza jabeengan. Aitzitik, adituen ustetan, “gehienez prezioaren %3ko igoera jasan dezakete maizterrek, dagoeneko sabaia jota baitaude". Izan ere, kontrolik gabeko handitze horiek saihesteko, aurrerantzean indize berri bat sortuko da, KPIaren joera baino egonkorragoa eta txikiagoa izango dena.

Merkatu asea edo tenkatua dagoen eremuetan, Donostia kasu, alokairuak arautu eta mugatu egingo dira: jabe handi zein txikientzako, eta alokairuko merkatuan dauden higiezinen kontratuetarako zein kontratu berrietarako. Gainera, eremu tentsionatua deklaratzeko baldintzak erraztu egingo dira, eta legeak ezartzen dituen bi baldintzetako bat bete beharko da: "Hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko karga eta oinarrizko gastu eta horniduren gehiketa etxeen batez besteko errentaren %30 baino gehiago izatea, edo etxebizitzaren erosketa- edo alokairu-prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana eremu tentsionatua deklaratu aurreko bost urteetan". Bai, badakit, akaso lehenengoan irakurrita ez duzu ulertuko; baina arretaz irakurri, merezi du eta.

Etxebizitzaren merkatuan dagoen espekulazio abusiboarekin amaitzeko, eremu tentsionatuan bost higiezin edo gehiago dituzten jabeak jabe handitzat hartuko dira, eta mota horretako jabeentzako neurri eta berezitasun zehatzak aplikatuko dira;. Horrela, putre funtsak eta gainerako inbertsio-funtsak egiten dituzten higiezinen espekulazioa murriztu egingo da. Neurri horren efektuaren helburua etxebizitza inbertsio oldarkorrerako aktibo bezala ikusten duten interesa murriztea da.

Batzuen ustetan, "etxebizitzaren eskaintza ikaragarri murriztuko du legedi honek eta beraz, merkatuko prezioak izugarri handituko dira”. Usteak erdia ustel. Estatuak etxebizitzaren merkatuan egin asmo duen interbentzioa positibotzat jotzen dut, baina betiere erkidegoek behar bezala aprobetxatzen badute legea, horrela ezean, gutxi egin ahal izango baita arlo horretan.

Bestalde, legediak eragin ditzakeen “albo-kalteak” edota bestelako eraginak ezagutzeke daude. “Soilik bai da bai” legearekin garbi ikusi da lege batek izan ditzakeen ertzak. Beraz, etxebizitzaren legeak merkatuan izango duen eraginaren emaitzak ikusteko egonean egon beharko dugu. Eremu tentsionatu batean bizi bazara edota kaleratzeko arriskuan bazaude, lege horrek lagunduko zaitulakoan nago. Baina tentuz jokatu, gizakia onena baita edozerri zirrikituak topatzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK