• IRITZIA
  • Etxebizitzaren ondoren datorrena
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Etxebizitzaren ondoren datorrena

2026ko urriaren 19a - 05:30
IMG 0131

Urriaren 2an, Espainiako Kongresuak bertan behera utzi zituen Gobernuaren bi etxebizitza-dekretuak, eta hiru egun geroago Pedro Sánchezek Gorteak desegin eta azaroaren 29rako hauteskundeak deitu zituen. Kanpainaren ardatza, beraz, idatzita dago: etxebizitza. Ulergarria da, gaur egun ez dago herritarren poltsikoa eta lasaitasuna hainbeste estutzen dituen beste arazorik. Baina dekretuok beste testu bat ere eraman zuten bidean, inork garrantzirik eman ez diona: adimen artifizialaren erabilera onerako eta gobernantzarako lege organikoa, ekainean Kongresura iritsi eta zuzenketa-fasean zegoena. Hurrengo legealdia lege hori gabe abiatuko da. Eta legealdi horren erdialdean, 2028 inguruan, lana, adimen artifiziala eta zergak izango dira mobilizazioak eta herritarrak kalera ateratzearen arrazoi handi bat. Denon ahotan dagoen eta berandu izango den arte inork konponduko ez duen gaia.

 

Ez naiz futurologoa; Atlantikoaren beste aldean gertatzen ari dena aurreikusten ari naiz bakarrik. Challenger, Gray & Christmas aholkularitzaren arabera, maiatzean adimen artifiziala izan zen Estatu Batuetako kaleratzeen lehen arrazoia, hirugarren hilabetez jarraian: 38.579 lanpostu, iragarritako murrizketen %40. Urtarrilean %7 zen. Eta kalea ere mugitzen hasi da. Uztailaren 18an, 142 protesta egin ziren 42 estatutan datu-zentroen hedapenaren aurka, lehen mobilizazio koordinatu bezala aitortu zena. Etxebizitzaren krisian bezalaxe, afera hau ere zeharkakoa da, ez da, ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa: materiala da. Eta Europara iritsiko da, beti bezala, bi urteko atzerapenarekin.

Gurean ere zenbakiak mugitzen hasi dira. Funcasen arabera, hamar langiletik gorako enpresen %21,1ek erabiltzen zuen jada adimen artifiziala 2025eko lehen hiruhilekoan, 2023tik bikoiztu egin den zifra. Datorren hamarkadarako aurreikuspena da 1,7 eta 2,3 milioi lanpostu artean suntsi daitezkeela espainiar estatutan, batez ere administrarien eta teknikarien artean. Sortuko diren 1,6 milioi postu berriek zati bat orekatuko dute, baina ez dira lanlekua galdu dutenentzat izango, ez toki berean, eta ezta soldata berarekin ere.

 

Zein dira, bada, alderdien jarrerak? Programak oraindik argitaratu gabe daudenez, gaur-gaurkoz, adimen artifizialaren aroko mapa politikorik garbiena produktibitatearen irabaziak denbora librean banatzearen alde —37,5 orduko jardunaldiaren proposamena— daudenak, eta ez daudenak dira.

Proposamenak ez dira falta: zerga bat planteatu da lanpostuak robotizazioarekin eta adimen artifizialarekin ordezkatzen dituzten enpresentzat; beste batzuek robotentzako zerga eta 32 orduko astea eskatzen dute. Ironiarik handiena, ordea: OpenAIk berak jarri zituela mahai gainean, apirilean, 32 orduko astearen pilotuak eta lan automatizatuaren gaineko zergak. Teknologia saltzen dutenak politikariak baino aurrerago doaz eztabaidan eta eztabaida publikoa egin beharra dago erreakzio indartsu bat egon dadin.

Eta Euskal Herrian? Eusko Jaurlaritzak adimen artifizialaren gobernantzarako estrategia propioa du, eta publikoki ere Lillen esan zuen makinek ez dutela enpleguaz edo bizi-baldintzez erabakiko. Udaletan, berriz, gaia lizentzietan agertuko da, datu-zentroetan, haien ur- eta energia-kontsumoan, Estatu Batuetan gertatzen ari den bezalaxe. Hor hasiko da politika, ez Madrilen.

Horregatik, kanpaina honetan gutxienez gai hauen inguruko posizionamendua eskatu beharko genieke hautagaiei: algoritmoen gardentasuna, lanaldiaren murrizketa eta adimen artifizialak ekarritako produktibitate-irabaziei lotutako zergak… Etxebizitzarekin hamarkada bat berandu iritsi ginen. Lanarekin, bi urte ditugu. Ez dezagun merkatuaren eskutan utzi.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain