Etxeko langileen langabezia prestazioa: Galiziatik (Europa bidez) etorritako aldaketa

16/2022, Irailak 7ko Errege Lege Dekretuak, aldaketa nabarmenak ekarri ditu Etxeko Langileen Lan Baldintzei eta Gizarte Segurantzari dagokienez. Horien artean garrantzitsuena beharbada, langabezia prestazioa bermatzen duena.

Izan ere, orain arte etxeko langileek ez zeukaten langabezia prestazioa kobratzeko eskubiderik. Arau berri honek aldaketa nabarmena dakar: 2022ko Urriaren 1etik aurrera langabeziagatik kotizatzen hasiko baitira. Praktikan, urtebetez kotizatu beharko dute, prestazio eskubidea jasotzeko. Hau da, ez du atzeraeraginik.

Baina nondik dator aldaketa hori? Errege Lege Dekretuan zortzi aldiz aipatzen da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) 2022ko otsailaren 24ko epaia. Epai horrek, laburbilduz, ohartarazten zuen ez direla bateragarriak Europar Batasuneko ordenamenduarekin langileekiko desabantaila partikularrean jartzen dituzten Gizarte Segurantzako arauak, ez badago justifikatuta faktore objektiboetan eta betiere horiek sexuagatiko edozein diskriminaziorekin zerikusirik ez badaukate.

Epai horretan gogorazten zen, gainera, Espainian familia-etxean zerbitzuak ematen dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuta daudela 2012tik. Bertan, kotizazio-sistema berezia zeukaten, zenbait berezitasun zituena, eta langabezia-prestaziotik kanpo geratzen ziren. Eta, hain zuzen ere, kolektibo hori langabezia-prestaziotik baztertzeari dagokionez, epaiak arreta jartzen dio sexuagatiko diskriminazioa izateari, etxeko enplegatuen kolektiboa feminizatua izanik.

Era berean, epaiak gogorarazten du langabeziaren aurkako babesa baztertzeak berekin dakarrela "etxeko langileek jaso ditzaketen Gizarte Segurantzako beste prestazio batzuk lortzeko ezintasuna". Beraz, argudiatzen du baztertze horrek etxeko langileen "babesgabetasun sozial handiagoa" dakarrela, eta "gizarte-babesgabetasuneko egoera" dakarrela. Eta sexu-arrazoiengatiko zeharkako diskriminazioa dela gizarte-segurantzako prestazioak eskuratzeko orduan.
Argi dago Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ondorio horiek Espainiako gobernua erreakzionatzera behartu dutela, kolektibo horrek gainerako langileen kolektiboekiko prestazio-ekitatea zuzentzera eta berrezartzera behartuta egon baita.

Aipatu beharra dago, epai horrek Vigoko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak. planteatutako judizio aurreko arazo bati erantzuten ziola, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langabezia-kontingentziagatiko kotizazio-eskaera bati uko egin ondoren. Emakumeak pertsona fisiko batentzat lan egiten zuen, eta 2011ko urtarriletik alta emanda zegoen etxeko langileentzako gizarte-segurantzako sistema berezian, babes mota hori barnean hartzen ez duena. Esan daiteke langile horrek eta bere abokatuak legea aldatzearen merezimenduaren zati handi bat daukatela, nola ez, Europaren laguntzarekin, gero eta gehiago gertatzen den moduan, bidea markatzen duela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK