Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

EU Inc. ezagutu nahi?

2026eko martxoaren 23a
xabi murua 2022

Europak merkatua azkartu edo dinamizatu nahi du. Edo behintzat, hori da mezua. 48 ordutan enpresa bat sor daiteke hemendik gutxira, 100 euroren truke, eta Europa osoan operatzeko gaitasunarekin: hori da EU Inc. proposamenaren promesa. Sinplifikazioa, eskalagarritasuna eta lehiakortasunaren leloa. Hasiera batean ezin uka daiteke neurriak baduela logika: burokrazia gutxitu, ekintzailetza erraztu eta merkatu bakarra benetan bateratu. Baina zein dira eredu horren itzalak? Zer ekar dezake eredu berri horrek?

 

Hamarkadetan zehar, Europak bere burua arauetan eta erregulazio politiketan oinarritu du, babesean eta orekan, batik bat. AEBetan ez bezala, Europar Batasunaren nortasuna protekzionismo eta erantzun erreaktiboetan kokatu da, duen gizarte-eredua aldarrikatu eta zaintzean. Orain, ordea, diskurtsoz aldatzen ari da, orain gutxi Draghik ohartarazi zuen bezala: “Hazkunde eredua agortzen ari da eta merkatua azkartzeko sinplifikatu, azkartu, lehiakorrago bihurtu behar dugu”.

“Sinplifikazioa” bihurtu da mantra politiko berria: arauak “oztopo direla” saldu digute askotan, baina bermeak ere badira. Kasu honetan, zer galtzen dugu azkartasunaren truke? Enpresa bat sortzea erraza bihurtzen denean, arriskua da kontrol mekanismoak ahultzea eta kalitate txikiko proiektuak masiboki sortzea, benetako baliorik sortuko ez duten mini-proiektuak. Enpresak sortzea geroz eta errazagoa denean, benetako diferentziazioa non egongo da? Ez da nahikoa sortzea, balioa sortu beharra dute, eta horrek denbora, kultura eta ikuspegi propioa eskatzen ditu. Enpresak sortzeko “txurrera” bat egin nahi dute, eta hori ez da soluzioa.

 

Bigarrenik, proposamen horrek lehia desorekatu bat indartu dezake. Teorian, fiskalitatea eta lan-eskubideak ez dira aldatzen, baina praktikan, enpresek aukera gehiago izango dute egitura juridiko konplexuak sortzeko; esaterako, herrialde batean erregistratu, beste batean jardun, eta beste batean produzitu. Hau ez da berria, baina EU Inc.-ek erraztu egingo du, eta, ondorioz, estatuen arteko lehia indartu daiteke, baldintzarik onenak eskaintzen dituenaren lasterketa azkartuta.

Hirugarrenik, neurriak start-up eredua absolutizatzen du. Enpresa azkarrak, eskalagarriak, inbertsioa erakartzeko prestatutakoak... Europako ehun produktiboaren zati handi bat enpresa tradizionalek osatzen dute, lurraldeari lotutakoek, epe luzeko ikuspegiarekin lan egiten duten horiek. EU Inc.-ek ez du eredu hori indartzen, alderantziz, bazterrean uzteko arriskua du, eta Ipar Amerikako enpresen eredu eta estrukturak areagotu.

Laugarrenik eta azkenik, hainbatetan aipatu dugun botere kontzentrazioaren arriskua dago. Mugimendu honen helburua enpresa gehiago sortu eta eskalatzea da, baina historiak dio eskalatze horrek sarritan merkatuaren kontzentrazioa edo kontsolidazioa dakarrela. Plataforma handiek salerosketak egiten dituzte, kapitala pilatzen dute, eta berrikuntza bera gero eta zentralizatuago gelditzen da.

Ikuspegi politiko-ekonomikoaren biraketa bat izaten ari da Europa: Txina eta AEBrekiko lehiakorrago bihurtzea. Baina kostuen, abiaduraren eta malgutasunaren bidezko lehiakortasuna behar du Europak, ala kalitatearen, kohesioaren eta gizarte-ereduaren bidezko lehiakortasuna? Von der Leyenek “bi abiadurako Europa” aipatzen du, eta argi utzi du lehentasuna abiadura azkarreko kontinenteari emango diola. Ekonomia azkartzea zaila izan daiteke, baina ondoren gizartea orekatzea, askoz zailagoa.