EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Europaren lagun berriak

2026eko otsailaren 6a
eduardo malagon

Azken urtean zehar Trumpen administrazioak hartutako erabakiek 80 urtez bizirauten zuen nazioarteko ordena politiko eta ekonomikoa hankaz gora jarri dute. Ordena berriaren oinarriak oraindik ez ditugu ezagutzen, baina badirudi AEBetako presidentearen aberastasunaren jatorri inmobiliarioak markatuko dituela bere hurrengo hiru urtetako kanpo politikak: beste herrialdetako zorua edo zoru horren azpiko baliabideak promotore ase ezin honen obsesioa bilakatu dira, eta berdin dio izotz-basamortu batez inguratuta egotea (Groenlandia), edo sarraski baten ondorengo hondakinak izatea (Ukraina edo Gaza). Partzelak beste jabe bat izateak (Venezuelan bezala) ere ez du kikiltzen: horretarako, munduko armadarik handienak abantaila ekonomikoak ateratzen laguntzen du. XIX. mende bukaerako kanoi-ontzien diplomaziaren bertsio gaurkotua.

 

Bruselan eta Europar Batasuneko beste hiriburuetan, jokabide horiek harriduraz eta beldurrez jaso dira. Hainbat urtetan zure segurtasun militarra (eta ekonomikoa: AEB da gaur egun EBeko herrialdeen merkataritza-bazkide nagusiena) Washingtonen eskutan jarri ondoren, zure aliatu nagusiaren fidagarritasuna lurrintzeak erronka erraldoia suposatzen du EBren kanpo harremanen eta aliantzen estrategiarentzat. Lagun berriak bilatu behar geopolitikaren jolas parkean.

Mercosurrekin (Argentinak, Boliviak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik osatutako aduana batasuna) eta Indiarekin sinatutako merkataritza hitzarmenak izango lirateke estrategia berri horren lehen urratsak. Nekazari eta abeltzainek antolatutako protestek Mercosurreko hitzarmenaren inguruko zalantzak sortu dituzte. Kritikoek diotenez, Mercosurreko produktuei ateak irekitzeak azken ezpatakada suposa lezake krisialdi iraunkor bat pairatzen duen lehen sektorearentzat. Akordioaren defendatzaileek, aitzitik, aukera berriak sortzen dituela azpimarratzen dute, eta ez manufaktura-sektorearentzat soilik: hasiera batean, Cars for Cows (kotxeak behien truke) bataiatu zuten arren, ardoa eta olioa bezalako elikagaientzat ere errenta hazkorra duten 270 milioi biztanle dituen merkatu bat irekitzen da.

 

Bitartean, India-EB akordioak ez du inolako zalapartarik eragin: ez dugu ezagutzen kontrako iritzirik. 1947an independentzia lortu zuenetik, Indiako agintariek bertako sektore produktiboak babesteko eta garatzeko erregimen zeharo protekzionista ezarri dute, muga-sari bereziki altuak finkatuz (2024an batez besteko muga-saria %50ekoa izan zen). Nahiz eta munduko laugarren ekonomia izan, bere errenta per capita EBren hamarrena baino txikiagoa da (3.000 $ versus 38.000 $ inguru). Baina munduko herrialderik populatuena (1.400 milioi biztanle) hazkunde biziko dinamikan murgilduta dabil azken urteetan: iaz, bere BPGa %7,4 hazi zen, manufaktura-sektoreak bultzatuta. Horrekin batera, bere klase ertainen erosketa ahalmena hazten ari da ere: bi kasutan, aukera berriak europar enpresentzat. Indiar merkatua gaur egun ez da europar esportazioen %2,5 baino gehiago, beraz, harremanen hedapenerako ibilbidea badago. Ez da autopista bat izango, baina muga-sarien murrizketak hedapen horren batez besteko abiadura igoko du.

Eta zer eskaintzen dio akordioak Indiari? Lehenik, bere esportazioen lehen merkatuarekin harremanak estutzea; baina arrazoi nagusiena Asiako hegemoniaren inguruko gatazkan topatzen dugu: Txinaren aurrean bere posizioa indar dezakeen aliantza estrategiko bat sendotzea. India ere jabetu da AEBren eta Txinaren arteko lehiak definituko duen mundu-ordena berri honetan aliatu berriak behar direla. Eta testuinguru horretan, Europaren ahultasunak (eta premiak) ezusteko loturak korapilatzeko aukerak sortzen ditu.

Aurreko asteetan Davosen izandako foroan, Kanadako lehen ministroak bereziki txalotua izan zen hitzaldia eman zuen. Bertan zera esan zuen: “Potentzia ertainek [kurtsiba nirea da] elkarrekin jardun behar dute. Mahaian ez bazaude, menuan zaude”. Orain dela ez asko, Paris edo Berlingo gobernuek haserre erreakzionatuko zuketen bere herrialdeak potentzia ertain gisa kalifikatzera ausartuko zatekeen edozeinen aurrean. Gaur egun, hiriburu hauetan (eta Bruselan, noski), menutik ateratzeko ahaleginak dira nagusi.