Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak ebazpen historiko bat eman du: hemendik aurrera ezingo da europar herritartasuna saldu. Salgai zegoenik ere ez al zenekien? Maltak urteetan eskaintzen zuen golden passport programa —600.000 euro ordainduz, Maltako pasaportea eskuratu eta, horrekin batera, EBko herritartasuna— bertan behera utzi du aurreko astean argitaratu zen epaiak. Eta ez da erabaki hutsala: Europaren izaera politiko eta etikoa jokoan jartzen zuen praktika bat atzean gelditu da, eta agerian utzi du Europaren oinarriak elite ekonomikoaren interesen aurrean izango direla aurrerantzean.
Ebazpenak argi dio: nazionalitatea eta, ondorioz, herritartasun europarra, ez dira transakzio ekonomiko baten objektu. Ez da ondasun bat, ezta diru ahalmenetik lor daitekeen zerbait ere. Herritartasuna komunitate sozial eta politiko batekiko atxikimena da, eskubideak eta betebeharrak dakartzana, eta ez banku-transferentzia baten bidez lortzen den “VIP txartela”.
Malta ez da bakarra izan: Txipre, Bulgaria eta beste hainbat herrialdek ere antzeko programak izan dituzte, eta neurri handiagoan edo txikiagoan praktika bera egin dute aberatsak erakartzeko. Horren aurrean, aholkularitza bulego handi batzuk salaketa eta kexa egin dute, “segurtasun neurri zorrotzak” defendatu eta “motibazio politikoak” direla atxikituz. Baina non bizi dira hauek? Horixe bera da arazoaren muina eta! Teorian segurtasun eta justizia oinarri dituen komunitate bat ezin da soilik botere ekonomikoa dutenentzat eraiki. Bestela nola justifikatu munduko herrialde askotako oinarrizko beharrak dituzten milaka lagun EBn sartzeko dituzten bitartean, beste batzuek 600.000 euro ordainduta pasaportea lortzen dutela? Batzuei atzeko atea irekita uztea da hori eta ez zen inondik ere bidezkoa.
Eta beste galdera potoloago bat ere mahai gainean utzi nahi nuke: zer da Europako herritartasuna gaur egun? Giza eskubideen berme bat? Kapitalaren zirkulaziorako plataforma bat? Ala biak aldi berean? Herritartasuna eta demokrazia ez dira bateragarriak logika merkantil batean, eta ebazpen honek —oso berandu bada ere— atea itxi dio hipokresia horri.
Dena den, gogora ekarri nahi nuke epaia herritartasunaz ari dela, baina ez egoitza bidezko programei buruz, eta arlo honetan merkatua zabaldu eta sustatze bizian da. Portugal, Espainia edo Irlanda bezalako herrialdeek beren "urrezko bisatuak" dagoeneko mugatu badituzte ere —higiezinen espekulazioa eta etxebizitza eskubidearen urraketak direla eta—, AEBetan Donald Trumpek bere bertsioa proposatu du. Orain gutxi bota dituen hitzen arabera, bost milioi dolarren truke herrialdean egoitza eskaini eta herritartasuna lortzeko “bide azkarra” ezarri du. Elite ekonomikoaren nazioarteko pase librea, finean.
Europak erabaki garbia hartu du aurreko astean: herritartasuna ez dago salgai. Hortaz, ate bat itxi du, baina beste batzuk zabalik jarraitzen dute, eta zoritxarrez merkatuaren logikak oraindik ere eskubideen gainetik gailentzen dira hainbat herrialde eta egoeratan. Herrialdeen arteko “gerra ekonomikoa” hain irekia dagoen momentu honetan, ebazpen hau beste pausu bat izango da. Beste batzuek eskaintzen hasi direnaren aurrean, Europan errefuxiatu eta babesa behar dutenen aldeko apustua egin dezagun.