“XVI. mendea da, zalantzarik gabe, euskal historiako distiratsuena” esana du Jose Antonio Azpiazu antropologo eta historialariak, eta aho zabalik uzten gaitu, XXI. mende honetan zorioneko aro kuantikoaren zain urbitsetan omen gaudenok; inoizko autonomiarik handiena XX.ean lortu zela sinetsirik bizi garenok; geure burua XIX. mendeko industria-iraultzaren oinordekotzat dugunok eta, itxurak betetze aldera baino ez bada ere, XVIII. mendeko Euskal Ilustrazioaz, harro asko, sarri hitz egin ohi dugunok. Baina Azpiazuk moldeak hausten jarraitzen du aditzera ematen digunean XVI. mendeko munduan barrena protagonista izan ziren euskaldunen galeria erabat errepikaezina dela, zer esan jakinez geratzen gara, gutako inor gutxi baita gauza, garai hartako hiruzpalau euskaldun ospetsuren izenak buruz gogoratzeko.
Historialaria ez da, ordea, isiltzen, eta lotsa handirik gabe salatzen du, alde batez zein bestez, euskal historia desitxuratu nahi izan dutenen jokoa. Batetik, ohiko espainiar historiagrafia klasikoarena, erabateko batasuna azpimarratuz eta hainbat lurralde, eskualde eta jaurerriren gainetik inperio ahalguztiduna goratuz. Eta, bestetik, denetariko diferentziak nabarmendu beharraren beharrez, euskal gizartea garaiko egitura eta baldintza politikoetatik kanpo balego moduan edo inguruko joeretatik aldendua bizi izan balitz bezalaxe. Bi iritzi kontrajarri horiek ez omen dute besterik lortzen, Espainian, Europan zein Ameriketan euskal gizarteak bizi izan zituen erronkak eta ekarpenak gutxietsi baino.
Historiak berak behar besteko datu zehatzak eskaintzen ditu, ordea, batzuon eta besteon erdipurdiko sasi-egiak hankaz gora jartzeko. Alegia, ulergaitz gertatu izan da beti, zein naturaltasun handiz hartu izan den XVI.mendean euskal gizarteak bizi izan zuen ezohiko egoera. Harrigarri samarra da inork ez galdetzea nolatan 200.000 biztanle inguruko gizarte txikiak baliatu zituen urte gutxiren buruan horrenbeste itsaskari, eskribau, idazkari, militar, ekile, eragile eta merkatari. Inork azpimarratu ez arren, sumatzekoa da nekez izan zitezkeela horrenbeste marinel eta ontzigile, aurretik jakineko itsas-tradiziorik izan ez balitz. Eta nekez gero hainbeste eskribau eta idazkari, euskal familia apaletako gazteei erakutsi izan ez balitzaie irakurtzen, idazten eta gutxieneko kontuak eramaten. Hau da, inork gutxik pentsa lezake orduko burokrata, nabigatzaile eta gerlari bat-batean sortu litezkeenik, hartaz urratsak bideratu zituen gizarterik aurrez izan ez balitz.
Aurrekaririk izan ez balitz, eta ekinean egiten zekien gizarterik izan ez balitz, Shakespeare nekez heldu ahal izango litzateke Bilboko altzairua pare bat antzezlanetan aipatzera, Cervantesek ez zukeen Don Kixoteren ahotan “sabiendo leer y escribir bien, con la añadidura de vizcaíno, podéis ser secretario del mismo Emperador” bezalako esaldirik jarriko, eta erabat sinesgarri egiten zaigu Velázquezen “Bredako errendizioa” pinturako pikak inguru honetan eginak izatea, besteak beste hamarretik zortzi Elorrio-Arrasate-Soraluze trianguluan egiten zirelako.
Seguru gero hartan guztian lagungarri gertatu zirela Ameriketako aurkikuntza eta espainiar inperioa, baina ez batak eta ez besteak ez dute esplikatzen XI. mendetik aurrera Julio Caro Barojak sumatzen duen mendez mendeko “euskal susperrraldia” eta XVI. menderako Kantauri isuriko erreketan sakabanaturik zeuden hirurehundik gorako olak. Zentzu honetan, dio Don Juliok, “Euskal Herria ez da batere mediterraneotarra nekazaritza arloan, eta nabarmen ipartarragoa industrian zein merkataritzan”.
Caro Barojak berak hitzez hitz dioenez: “XVI. menderako herriak modernoak dira, kale-janzkeraz berritzaileak dira. Sutearen ondotik Bilbo erabat aldatzen da, eta ekonomia zein industriarekiko jarrera guztiz modernoa da”. Eta XVI. mendeaz ari delarik, XXI.ari legokiokeen giroa azaltzen du: “ekonomia aberatsa eta pribilegiatua da” orduko euskal gizartean, non jendea “bizi den oso ondo, bizimodu maila handiaz, eta herria, herrialde pribilegiatu baten barruan, salbuespen eta askatasun eztabaidatuak edo eztabaidagarriak dituen herria da edo izan da”.
Amerika eta imperio espainiar berberarekin, euskal gizarteak europar jarduera, ekoizpena, dinamika eta aurrerakoitasuna bere egin zituen bitartean, gaztelau gizarteak, sekulako koiuntura onuragarriaren aukera izan arren, gaitzetsi egin zituen ekoizpen-egiturak, errentaz bizi nahi izan zuen eta, tamalez, amaitu zuen euskal enpresa-giroa ere ez zegokion bidetik behartzen.
Bostehun urte geroago, arazoa ez da XXI. mendea XVI.a baino distiratsuena ote den ala ez. Egiazko arazoa da historiaren errentaz bizi izaten segitu nahi dugun ala benetan historia egiten jarraitu gura dugun.