• IRITZIA
  • Euskal kooperatibak: elkarlanean etorkizuna eraikitzen
Konfekoopeko presidentea

Euskal kooperatibak: elkarlanean etorkizuna eraikitzen

2025eko uztailaren 4a
Eg. 2025eko uztailaren 4a
Lavinek bere lan ibilbide osoa egin du kooperatiben finantza arloan lanean | Argazkia: Konfekoop/Grupo SSI

Uztailaren 5a Kooperatiben Nazioarteko Eguna da, eta aurten testuinguru berezian ospatzen dugu, izan ere, Kooperatiben Nazioarteko Urtea ere badelako 2025a. Data hori ospakizun hutsetik harago doa: enpresa egiteko eta enpresa bizitzeko modu bat ospatzen dugu. Pertsona erdigunean jartzen duena, elkarlanean oinarritzen dena, eta ekonomiari zentzua eta justizia ematen dion eredua delako gurea.

 

Aldaketa sakonen garaian —ekonomikoak, sozialak, digitalak zein ekologikoak—, kooperatibismoa alternatiba sendo eta berritzailea da, pertsonen zerbitzura jarritako enpresa eredua delako. Horregatik, Nazio Batuek 2025a Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu dute. Aitortza sinbolikoa baino gehiago da: eragin positiboa sortzeko, desberdintasunak murrizteko eta garapen iraunkor eta inklusiboa sustatzeko gaitasuna dugula onartzen da.

Kooperatibak enpresak gara, baina ez edozein motatakoak. Herritarren konpromiso kolektibotik sortutako enpresak gara; aberastasuna modu bidezkoan banatzen dugu; eta pertsonak erdigunean jartzen ditugu, baita erabakiguneetan ere. Euskadin, eredu kooperatiboa oso errotuta dago: 1.400 kooperatiba baino gehiago gara -ekonomia aktibitate guztietakoak-, 62.000 enplegu zuzenetik gora eta 1,6 milioi bazkide inguru.

 

2021 eta 2024 artean, euskal kooperatibetan enplegua %9 hazi da, 5.000 lanpostu berrirekin. Ez da kasualitatea. Honek frogatzen du bestelako ekonomiaren aldeko apustuak emaitza eraginkorrak ematen dituela. Baita garai aldakor eta zailetan ere.

Konfekoopetik, Euskadiko Kooperatiben Konfederaziotik, lanean dihardugu kooperatibismoak aukera errealak sortzen jarrai dezan. Politika publikoetan eragiten dugu, kooperatibak erdigunean kokatzeko funtsezko gaien inguruan: industrializazioa, trantsizio ekologiko eta digitala, lurralde-kohesioa edo enplegu duina. Eta emaitzak hor daude: kooperatiba gehiago dagoen tokian, desberdintasun gutxiago dago; langabezia txikiagoa da; errenta handiagoa da; eta bizi-kalitatea hobea da.

Etorkizunari begira, bi ardatz estrategiko ditugu: gazteria eta ekintzailetza. Belaunaldi berriek kooperatibismoa ezagutzea nahi dugu, ez soilik historiako pasarte garrantzitsu bat bezala, etorkizuneko aukera erreal gisa baizik. Horregatik egon nahi dugu Lanbide Heziketako eta Unibertsitateetako Euskal Kontseiluetan, eta horregatik ari gara finantzazio tresna berriak finkatzen: Basque Konfekoop Ventures eta Konfekoop Seed Bizkaia-rekin, 4,5 milioi eurotik gora mobilizatu ditugu kooperatiba berrien sorrera eta hazkundea laguntzeko.

Aurten, Kooperatiben Nazioarteko Eguna Rochdale-n (Erresuma Batua) ospatu da, kooperatibismo modernoaren jaioterrian. 1844an, ehule talde batek enpresa eredu berri bat jarri zuen martxan: elkarlanean oinarritutakoa, demokratikoa eta sendoa. Gaur egun, euskal kooperatibek balio horiek bizirik mantentzen dituzte.

Kooperatibismoa ez da iraganeko aukera bat. Etorkizuneko aukera da. Pertsonak erdigunean jartzen dituen enpresa eredua, aberastasuna banatzen duena, desberdintasunak murrizten dituena eta komunitateak eraikitzen dituena. Errealitatea kolektiboki alda daitekeela sinesten dugulako, gaur egun ere, kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute.