Euskara irakaslea

Euskaltzaletasun berritua

2026ko ekainaren 18a - 05:30
Sin título

Euskalgintzaren Kontseiluak berriki aletu du euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren oinarrien aldarrikapena: batetik, hizkuntza politiketan jauzi kualitatibo bat ematea; bigarrenik, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan bermatuko duen arkitektura juridiko sendo eta eguneratua. Baina, horiez gain, funtsezkotzat jo du euskaltzaletasun berritua sustatzea, euskararen eta komunitatearen errealitatea zehaztasunez interpretatzeko gai dena, eguneroko praktiketan euskararen erabilera sustatzeko konplizitatea eta sareak josiko dituena, eta gizarte eremu guztietan —etxetik hasi, lagunen artera, auzora, hezkuntzara, lan mundura zein kultur eta aisialdi esparruetara— euskarazko ekosistema lehenesteko eta elikatzeko gaitasuna duena.

 

Azken kontzeptu horretan jarri nahi dut arreta. Ohituta gaude hizkuntza politikaz hitz egitera, administrazioei eta eragile politikoei eskatzera euskaraz bizitzeko beharrezko baldintzak gara ditzatela. Eta hala behar du izan, sarritan, ematen diren urratsak neurtuegiak izaten baitira, epe motzekoak, egoera eraldatzeko nahikoak ez direnak. Baina benetako jauzia egiteko, behar-beharrezkoa dugu Kontseiluak proposatutako azken oinarria, euskaltzaletasunarena, zehaztasunez berrasmatzea eta eraginkorrago eraikitzea.

Zer da, ordea, euskaltzaletasun berritua? Funtsean, euskaltzaletasuna euskararekiko, eta oro har, euskal kulturarekiko atxikimendua adierazten duen pentsamoldea da. Ekintzara eramaten duen konpromisoa da: euskaraz egitea ahal den neurrian, besteek ere euskaraz egin dezaten aukerak sortzea, sareak eta konplizitateak eraikitzea, eta hizkuntza eskubideen alde jardutea. Hau da, euskaraz bizitzea, gero eta errazagoa, erakargarriagoa eta sozialki partekatuagoa izan dadin. 

 

Sarri entzuten dugu aktibatu behar garela, gizartea aktibatu behar dela, baina aktibazio hori zertan datzan ez dugu beti zehazten. Boluntarismo hutsean oinarritutako zenbait praktika edo ekimenetatik harago, beharrezkoa da bideak argitzea, gaur egungo erronkei modu egokian erantzuteko. Horrek beste ondorio batera garamatza: euskaltzaleok iniziatiba hartu behar dugu, baina prozesu hori erraztu behar zaigu, ardura gutako bakoitzaren bizkar utzita, nekeza eta etsigarria izan baitaiteke. Norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoa bada ere, ezin dugu zama guztia haren gain utzi. Horregatik, bidea modu kolektiboan egituratu, babestu eta partekatu behar da. Norabide horretan, Kontseiluak abiapuntuko gida bat plazaratu du.

Ez da nahikoa “egin euskaraz” esatea. Baldintzak sortu behar dira. Euskaltzaleok gauden tokietatik (erakundeak, enpresak eta era guztietako taldeak), erabilera errazteko neurriak eta baliabideak jarri behar ditugu martxan. Esate baterako, lehen hitza euskaraz egiteko protokoloak sustatu, harrera euskaraz bermatu, barne-araudiak egokitu… Azken batean, euskaraz aritzea benetako aukera bihurtuko duten tresnak eta ereduak partekatu behar ditugu, erreferentziak eskainiz. Eremu sozioekonomikoan badira proposamen eta jarraibide zehatzak: enpresek, adibidez, ibilbide bat zehaztu dezakete zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko; zuzendaritzaren eta langileen konpromisoa landu daiteke, euskaraz jarduteko baldintzak bermatzeko; bezeroei arreta euskaraz eskaini dakieke, aurrez aurre, telefonoz zein online; kontsumitzaileei zuzendutako materiala (gidak, katalogoak, menuak, aurrekontuak, fakturak eta abar) euskaraz eskaintzea bermatu daiteke; kanpoko zerbitzu-emaileek ere (aholkularitzek, segurtasun zaindariek, telemarketinekoek…) euskaraz aritzeko gaitasuna izatea susta daiteke. Helburua sinplea baina erabakigarria da: euskaraz aritzea ez dadila salbuespena izan, baizik eta ohiko aukera.

Azkenik, gazteen eremua bereziki garrantzitsua iruditzen zait. Oro har, mezu horiek oso urrun bizi dituzte, ez baitira haien eguneroko bizipenen parte, eta euskara kontu akademiko hutsa izaten da gehienentzat. Erronka handia dugu: euskararen erabilera gelatik harago zabaltzea ez ezik, gazteak euskaltzaletasunera hurbiltzea eta aktibatzearen garrantziaz jabetzea ere. Zorionez, ematen du mugimendua sortzen hasia dela.

Azken batean, aldaketa ez da berez etorriko. Hori dela eta, aldaketak eragiten lagunduko duten euskaltzale aktiboen sarea antolatzea ezinbestekoa da, eremu guztietan eragiteko: lantokietan, aisialdian, hezkuntzan zein instituzioetan. Sarea da indarra. Sarea da ohiturak aldatzeko, espazioak eraldatzeko eta erabilera sustatzeko bidea. Euskararen ekintzaileak izatea eskatzen du fase honek, ohiturak aldatzeko, espazioak euskaraz bizitzeko prestatzen laguntzeko eta erabilera sustatzeko ekimenak martxan jartzeko. Baina hori guztia gauzatzeko, beharrezkoak dira tresnak, babesa eta estrategia partekatuak. Izan ere, aldaketa soziala elkarlanean gauzatu behar da. Eta euskaltzaletasun berrituak horixe eskatzen du: hitzetatik ekintzetara jauzia egitea, baina elkarrekin.