• IRITZIA
  • Euskara enpresa eta kolektibo denentzat

Euskara enpresa eta kolektibo denentzat

2026eko martxoaren 18a
JC21316(1)

Ezaguna da greenwashing kontzeptua, enpresa batzuren marketin estrategia bat ekologiarekiko erantzukizuna dutela itxura egiteko. Urte batzuk gehiago behar izan dira purplewhasing edo feminismwhasinga kontzeptuak azaleratzeko, enpresek gizartearen gehiengoaren nahi kolektibo batekin bat egiten zutela adierazteko estrategia. Washing mota gehiago ere izango dira beste arlo batzuetan, enpresen saiatze bat herritar eta kontsumitzaileengandik gertu daudela adierazteko.

 

Korrika hastear dagoen honetan, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak euskararen erabileran demaseko ilusioa eta indargunea jartzen duen ekitaldia denez gero, izan daiteke tentaziorik enpresa edo kolektibo batzuek euskarawashing egiteko baliatzea, Korrika bitartean euskararen erabileraren alde daudela adierazteko, nahiz eta lasterketa pasa eta hurrengo egunean betiko moduan jarraitu: euskara gizarte honen hizkuntza normal, berezko eta ohiko ez balitz bezala jarduten.

Ideia ez da nirea. Sindikatu ezagun batek eta harengandik gertu dabilen elkarte batek hizkuntz profilen aurka egiteko ipini duten tema, laguntza eta dirua hedabideetan agertu ondoren, sare sozial batean argitaratu zen hausnarketa: sindikatuak edo sindikatuko kideek Korrikako lekukoa eramango dute, eta gogoetak zalantzan jartzen zuen horren zilegitasuna.

 

Washingak, edo euskarazko betiko berbetan, aurpegia garbitzeak, badauka alde on bat: garbi agertu nahi duten enpresa edo kolektiboek onartzen dute gizartean badaudela gurari kolektibo batzuk eragile sozialek, tartean enpresek, erantzun eta erakarri behar dituztenak. Euskal gizarteak badauka kontzientzia ekologista eta feminista, eta prest dago erantzukizun horiek bere egiten dituzten enpresak aintzat hartzeko.

Gauza bera euskararekin: bizi garen gizartea, traba guztien gainetik, euskararen alde dago, eta gehiengo handi batek euskara erabili nahi du, zailtasunak zailtasun. Gauza positibo moduan ikusi beharko genuke enpresek gizartean gailentzen diren balio aurrerakoiekin bat egin nahia.

Besterik da nola interpretatu eta erabiltzen dituzten balio horiek, marketin hutserako ote diren, eta are gehiago, askotan, balio beraren aurka egiteko baliatzen dituzten; esate baterako, jasangarriak ez diren energiak erabiliz —nahiz eta green izan—, ala gaztelera hutsean sorturiko estatutuetatik abiatuz euskara ahalik eta gutxien eskatuz —nahiz eta euskara izan—.

Euskararen alde egiten diren ekitaldi guztiak, Korrika barne, euskara erabili nahi duten norbanako eta kolektibo guztienak dira; inori ez zaio karnetik edo aurretiazko konpromisorik eskatzen parte hartzeko. Hizkuntza eskuzabala da, ez dauka etiketarik, ez du baztertzen, ikasi eta hitz egin baino ez da egin behar. Parte hartu nahi duten guztiak daude gonbidatuta, eta kolektibo bakoitzak ikusiko du zein jarrerarekin gerturatzen den.

Euskal kontsumitzaileek euskara erabiltzea baloratzen dute, eta besteak beste, horretarako aterako dira ilusioz Korrikara. Baina ondoren dator konpromisoa: zerbitzu publikoan nahiz pribatuan eskaera horri egoki erantzuteko gai ez den enpresa, kolektibo edo administrazioa washing hutsean ibiliko da horretarako bideak ipintzen ez baditu, bihartik hasita eta 29ra bitarte Euskal Herriko errepideetatik kilometro andana egiten baditu ere.