Euskara eta turismoa: oparitzen diren gauzen arima

Aste Santuko opor egunetan etengabe dihardugu hitz egiten turismoa den asmakizun handi horretaz. Inporta du zenbat bidai egin ditugun kanpora, zein den gure gaitasun ekonomikoa oporretako joan-etorrietan gastatzeko. Eta begiratzen ditugu, nola ez, gurera etorritako turistak: zenbat etorri diren, zenbat egun, zenbat tokitara, zenbat diru utzi duten gurean. Kopuru hutsen bitartez neurtzen baita turismoaren inpaktu ekonomikoa: turistak zerbitzu bat edo esperientzia bat jasotzen du diru truke eta truke horren inguruan turismoaren ekonomia oso bat eraikitzen da.

Gu ere kanpoko turistekin mimetizatu, eta etxe barruan turistarena egiten genbiltzala, hausnarketa bat turistek gurean jasotzen duten esperientziari buruz: diruz ordain daitekena badaukate. Jana eta edana daude bisitatzen gaituztenen artean top baloratuak, ordaindutako zerbitzuak. Zuzenean ordainpekoak ez direnak ere baloratzen dituzte: paisaia, mendiak, kostaldea, jendearen jarrera. Zer gehiago jasotzen du turistak? Jasotzen du, esate baterako, euskal herritarren esperientzia? Jasotzen du hizkuntza? Eskaintzen diogu turistari muinean garen horren esperientzia? Eskaintzen diogu euskara badela eta euskara badaukagula ezagutzeko aukera, piska bat bada ere?

Harrera egiten zaionean turistari ez zaio esaten ezta egun on ere? Ostatuetan zerbitzariek ez diote esaten ura, ardoa, sagardoa eska ditzakela. Bisita gidatuetan ez zaio oinarrizko hiztegi bat adierazten, azaltzeko bisitatzen diharduten herriaren izaeraren parte oso garrantzitsua dela hizkuntza? Horrela ez bada, zein esperientzia ari gara eskaintzen kanpotarrari, Logroñon jan-edan ahal duenaren antzekoa, Asturiasen ikusi ahal ditzaken paisaiaren berdintsua?

Hori guztia gurean turistarena egiten ikasi dudan kontzeptu berri baten harira: Artium Museoan Hau hitza erabili dute museoan euskal artistek XX. mendeko bigarren zatian egindako lanaren atariko. Hau berbak euskaraz esan nahi duena badakigu, baina lotu dute hitzak maorien artean daukan adierarekin. Polinesiarrentzat hau hitzak ematen diren objetuei ematen zaien balio espirituala esan nahi du. Hau hitza oparitzen diren gauzen arima da, norberaren parte den hori, eta truke bat egiten denan, arima hori behin eta berriro erreproduzitu eta zabaltzen da. Hau horrek ere izan dezake esanahia turistei ematen zaien zerbitzuetan. Turistak jasotzen dituen gauzen arima atxiki nahi badu, euskara oparitu behar zaio. Esperientzia bat edo zerbitzu bat erosten du eta gure arimaren zati bat oparitan jaso, euskararen ezagutza, hizkuntzaren esperientzia bat.

Agian poetikoegia geratu da azalpena, baina errealitatea da Aste Santu honetan Euskal Herria bisitatu duen turistak oso litekeena dela euskara batere jaso ez izana gurean egin dituen egunetan. Oparitzen diren gauzen arima ez bada, pentsatu beharko dugu hizkuntza turistentzako produktu ere bilaka dezakegula. Euren esperientzia zabaltzeko balio du, eta geureari indarra emateko premian gaude. Zeren, turismoa asmakizun handia da, baina baita ostalaritzaz kanpoko jarduera suntsitzaile itzela ere, eta ez dago merkatua doan oparitu ahal diren gauzak alperrik botatzeko. Nik behintzat doan eskaintzen diot leloa turismo sailari: euskara opari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK