Datorren astean euskararen eguna ospatuko dugu, eta honekin batera euskara eta euskararekiko goraipatze guztiak. Euskararen bueltan lanean diharduten instituzio eta gizarte-eragileak, ordea, eszeptikoak dira egun hauekin eta kezka berak errepikatzen dira: erabileraren beherakada, gazteen ohiturak, euskalkien transmisioa, eta, batez ere, euskararen prestigio sozialaren ahultzea. Badirudi oraindik ez dugula onartu euskarak baduela ekonomia propio bat, eta ez naiz Durangoko Azokako salmentaz bakarrik ari. Gizarte eta kultura ekonomiaz ari naiz, eta hori ez dela defizitarioa, nahiz eta kontabilitate klasikoak —euroei so eginez gero— kontrakoa dioen.
Euskararen sustapenean lanean diharduten eragile gehienak bat datoz ideia batean: hizkuntza-politika eraginkorra ezin dela soilik merkatuaren logikan neurtu. Adituek behin eta berriz azaldu dute: hizkuntza gutxituen biziberritzeak naturalki kostu bat du, baina etekina ez dago balantze ekonomikoan, etorkizun sozial, kultural eta komunitarioan baino. Kontraste bitxia gertatzen da: denok ulertzen dugu osasun sistema edo hezkuntza sare publikoa ezin direla diru-sarreretan oinarritu, baina euskara zerbitzura iristen garenean, askok oraindik egiten duten galdera zera da: “eta honek zenbat ematen du bueltan?”. Egun demokraziaren eta gizartea mehatxupean dituen erronkei —polarizazioa, indibidualismoa eta ultraeskuinaren gorakada, besteak beste— aurre egiteko tresna bikaina izan daiteke euskara, duen zeharkako izaera baliatuta; baina nork hartzen du aintzat? Zergatik jotzen dugu ebidenteagoak diruditen mekanismoetan —buloei aurre egiteko gabinetea, baliabide soziosanitario handiagoak, polizian inbertsio handiagoak, etab.— inbertitzera? Euskara bezalako hizkuntzak eskaintzen dizkigun baliabideak gutxiesten ari gara, eta horrenbestez, diru publikorik ez inbertitzen.
Prestigioaren inguruko kezkak hor kokatzen dira. Euskararen balioa aitortua dago printzipio gisa, baina ez da oraindik guztiz bihurtu hautu sozial eta ekonomiko sendo bat. Euskara erabiltzea askotan estetika-kontu gisa ulertzen da, ez erantzukizun kolektibo gisa. Hau arriskutsua izaten ari da, batez ere belaunaldi gazteenengan. Benetako prestigioa ez baitute kanpoko errotuluek ematen, eguneroko interakzioek, zaintzak eta komunitatearen diskurtso partekatuak baizik. Gazteez ari garela, kasu adierazgarria da: gazteak ez dira “euskaldun gutxiago”, baina euren hizkuntza-portaera testuinguruaren ispilu izaten ari da. Ingurua erdarazkoa bada, euskara ez dute beharrezko sentitzen, eta beste hizkuntza eta bizimodu baten aldeko hautua egiten ari dira. Behar sozialak, identitateak eta komunitatearekin konektatzeko moduak beste batzuk bihurtzen ari dira. Gaur egun, gazteen balio nagusiek —askatasuna, sormena, adierazkortasuna, etab.— eskala global baten logikan funtzionatzen dute, sare sozialetan azaltzen diren eduki eta narratiben erritmora.
Horregatik da garrantzitsua euskarazko erreferenteen auzia, eragileen beste kezketako bat. Euskara erabiltzen duten sortzaile, kirolari edo profesionalen ikusgarritasuna ez da “gure artean bizirik dagoen” kontu bat. Euskarak ikusgai eta entzungai egon behar du gizartearentzat erreferente diren gizarte-eremu estrategikoetan. Euskara egunerokoan erabiltzeko lehen pausua imitazioa da, eta hala ulertu behar genuke erreferenteak diren pertsonen funtzio nagusia. Imitazioa da ohitura bilakatzeko lehen pausu isila. Nor edo zer dira euskal hiztunen erreferenteak? Futbolariak, musikariak, influencerrak…
Horregatik guztiagatik, euskara ekonomia sozialaren logikan txertatu beharko genukeen tresna baliagarria izan behar dugu. Inbertsio ekonomiko handiak behar ditugu, gizarte- eta kultura-eragin eta etekin handia izan dezan. Euskara izango da gure etorkizun soziokulturala bermatzen duen azpiegitura estrategikoena, komunitate-izaera emango digun aktiboa, gizarte-zaintza eta kohesioa indartzeko giltza. Euskararen ekonomiak ez du zertan soilik defizitaren kontzeptu klasikora kondenatutako eremu bat behar, gure gizartearen kohesiorako, kulturaren berrikuntzarako, zaintzarako eta komunitatearen etorkizunerako inbertsio nagusia baizik.