Euskara gure ondarea izateaz gain etorkizuneko azpiegitura ere bilakatu behar dugu. Hori ulertzea da lehen pausoa: narratiba aldatu gabe, erabilera eta ohitura nekez hobetuko dugu. Urte luzez, diskurtso nagusia defentsiboa izan da: “euskara babestu, zaindu, gal ez dadin…”. Elbira Zipitriaren garaiko testuinguruan beharrezkoa izan zen, Frankismo garaiko beldur eta mehatxuei kontrara jartzeko narratiba eta estrategiak efektu bikaina eragin zuen; baina gaur motz geratzen da. Gaurdaino izugarrizko hobekuntza izan du euskararen erabilerak, euskal hiztun komunitatea indartu da, euskaraz ikasten dugu, eta leku askotan euskaraz bizi eta lan ere bai. Orain, ordea, oldarraldi judizial baten erdian gaudela ikusita, hizkuntzak gizartean duen posizionamendua birkokatzeko momentuan gaude. Ikusten ari gara erabilera ez dela espontaneoki sortzen eta biderkatzen: testuinguruak, pizgarriek eta botere-harremanek asko baldintzatzen baitute hizkuntzaren erabilera, eta hori aldatu beharrean gara.
Euskararen erronka ez dago soilik hiztun kopuruan: non, noiz eta zertarako erabiltzen den ere garrantzia handiko alderdiak dira, aspektu kualitatiboak. Gaur egun, eremu askotan presente dago, baina sarritan erabilera periferian dago: hezkuntzan, esaterako, ikasgelan euskaraz aritzen dira haurrak, baina jolasgaraian gazteleraz. Lan-munduan ere askok dakite euskara, baina lan-hizkuntza, askotan, gaztelaniak baldintzatzen du.
Lan-mundua, eta geruza ekonomikoan euskararen beharraren narratiba posizionatzeko modua, da jauzi horren giltza. Hizkuntza batek lanerako balio erantsia duenean egonkortu egiten da. Bestela, osagarri bihurtzen da. Enpresetan euskararen presentzia askotan borondatearen araberakoa da, eta horrek mugak sortzen ditu: ez da eskalatzen, ez da normalizatzen, eta finean, ez da balio ekonomikoarekin lotzen. Euskara lan-tresna gisa ulertu behar dugu, narratiba eta hizkuntzarekiko harremanean aldaketa bat eman. Beste dimentsio bat hartu.
Honetan guztian, administrazio publikoak eragin zuzena du. Ia euskal gizartearen %20ak zuzenki edo zeharka lan egiten duen sektore honetan, euskararen beharra eta presentzia bermatzea beharrezkoa dugu jauzi estrategiko berri bat eman beharrean bagara: ez bakarrik arauak ezarriz, narratiba eta hizkuntzarekiko harremana eraldatuz. Kontratazio publikoan hizkuntzari pisua ematen zaionean, enpresak egokitu egiten dira. Zerbitzuen diseinuan euskara lehen lerroan jartzen denean, herritarrak ere euskararen aldeko hautua egitea errazagoa da. Dinamika horiek ez dira naturalki gertatzen, politika publikoetan, araudi eta legedietan diseinatzen dira; eta orain, badirudi justizia jauregietarik jauzi estrategiko horri balazta sakatu nahian dabiltzala.
Norabide aldaketa baten beharrean gaude. Euskararen politikek eta estrategiek ez dute aldaketa sakonik izan azkeneko bi hamarkadetan eta, Esnatu ala hil liburuaren egileetako bat den Garikoitz Goikoetxeak hitzaldi batean zioen bezala, “salto estrategiko bat eman behar da, politika publiko hauek iritsi garen lekura ekarri gaituztelako, eta orain pausu berriak eman behar ditugulako”, babes logikatik aktibazio logikara. Ez da nahikoa hizkuntza bat egotea, eragitea beharrezkoa da; nahikoa ez den bezala egiturak mantentzea, funtzioak handitu behar dira. Euskara bizirik egotea ez da nahikoa, erdigunean egotea eta hizkuntzarekiko harreman eta pertzepzioak aldatzea da benetako jauzia.