Artikulu hau idazten dudan momentuan Euskaraldia hasi berri da, eta honek, lana eta euskararen harremanaren inguruko hausnarketa berri bat egitera eraman nau. Askorentzat lanean euskararen erabilera naturala eta erraza ez den aroan bizi gara oraindik ere: hitz teknikoak, zenbakiak…”ez zaigu batere erraza egiten euskaraz elkarrizketa edo bilera oso bat mantentzea”. Baina benetan horrela al da hori? Nire esperientzia oso bestelakoa izan da.
Enpresa munduan euskaraz aritzeak gaur egun bi funtsezko balio dakartza: abantaila konpetitiboa eta memoria kolektiboa. Nire iritziz bezero, lankide edo ezezagun batekin euskarazko lehenengo hitza giltzarri izan daiteke, Euskal Herrian eta Andaluzian ere bai. Gure hizkuntza berezi egiten duen historia, kultura, fonetika eta musikalitate berezi bat dugu, eta honek asko erakartzen ditu euskal hiztunak ez direnak. Gure ingurukoekin gertutasuna adierazteko estrategiarik eraginkorrenetako bat bihurtu daiteke bideodei edo bilera batean “Egun on, zer moduz?” eta “Eskerrik asko, agur” esatea. Euskara erabiltzea bezeroengana gertuago iristeko eta konfiantza harreman sendoagoak eraikitzeko tresna da.
Bestalde, enpresek bizipen komunetatik sortutako balioan oinarrituta, beren nortasuna eta balio soziala argi adieraz dezakete gure ama hizkuntza erabiltzean. Enpresa edo instituzio bateko zuzendaritza talde euskara hutsean aritzeak, beren bilera eta batzordeak euskaraz egiten dituztela jakiteak, eta euskararen erabilera normalizatua dutela entzuteak —orain gutxi entzun nion Euskal Herriko kooperatiba handienaren zuzendariari—, euskal gizartearekiko konpromiso sendoa adierazten dute. Bikain edota Bai Euskarari ziurtagiriak eskuratzea beharrezkoa da, baina enpresaren ikusgarritasunari eta gardentasunari balio erantsia ematen diona eguneroko erabilera izango da, beti.
Euskaraldian lan-eremuan euskaraz jarduteak bihotza eta buruarekin konektatzeko aukera zoragarria eskaintzen digu. Elkarren arteko harremanak euskaratzeko ahaleginak egin behar dugu, edozein lankiderekin egunerokoan topo egin eta lehen hitza euskaraz egiteko. Nik ez dut gezurrik esango: orain zortzi urtetik nire lankide izan denak hitanoa ikasarazi dit, inongo klase edo esfortzu berezirik gabe. Egunerokoan egitean asko laguntzen du edozein hizkuntza batera gerturatzen, eta besterik ezean, lehen eta azken hitza euskaraz egiten. Gure hizkuntzarekin hitz egiteak konfiantza-sortze prozesua azkartzen du eta talde-lana indartzen. Euskaraz lanean aritzeak gure ondare kulturalaren biziraupena eta transmisioa bermatzen du, lan eremuak baitira gure bizitzaren denbora gehiena igarotzen dugun espazioa.
Gure jarduna euskaraz eginez, munduari erreparatzeko modu propioa izango dugu eta gure ekosistema propioa garatu. Mundu globalizatu honetan euskaraz aritzeak nortasuna indartu eta gure ideien ekosistema partekatuak sendotzen lagunduko digu. Enpresek eta erakundeek etorkizunerako ikuspegi praktiko eta berritzaileak gara ditzakete, euskararen bueltan proiektuak, produktuak eta zerbitzu berriak pentsatu eta gizarte-erronka berrietara egokituz. Dena den, nire esperientziatik administrazio eta enpresetan postura oso polarizatuak topatu ditut: askok euskararen normalizazioa asko landu dute eta pentsagaitza egiten zait zerbitzu edo elkarrizketa bat gazteleraz egitea; aitzitik, eta zoritxarrez, Euskal Herriko lurralde historiko eta hainbat hiri/herri handi gobernatzen dituzten administrazio batzuetan oraindik ere euskara mehatxutzat dute, eta noski, oso urrun Euskaraldiak lortu nahi duen helburutik.