Urte sasoi honetan, Excel orriak erakundeetako dokumenturik garrantzitsuenak bihurtzen dira. Administrazio publikoetan, enpresetan, elkarteetan, eta neurri txikiagoan bada ere, etxeetan ere bai. Aurreko urteko zutabeak kopiatu, ehunekoak eguneratu, sail bakoitzaren eskaerak bildu eta kalkulagailuak lanean jartzen dira, su bizian. Beti dago azken orduan beste partida bat sartzeko eskatzen duena eta beti dago dirua ez dela zuhaitzetan hazten gogoratuko duena. Azken hori da, hain justu ere, urte-aldi honetan pertsonarik gorrotatuena, baina ongi dakigu zuzen dagoela. Horrek, alta, ez du esan nahi urteroko mirari txiki hura eskatuko ez diogunik.
Egunotan, erakundeetako aurrekontu-proposamenak bata bestearen atzetik iragarri dira, zenbaki handiekin, ulertzen ere zail egiten diren hazkunde-aurreikuspenekin eta lehentasunen zerrendekin. Osasuna, zaintza, etxebizitza, lehiakortasuna, berrikuntza… dena kabitu behar da orri bakar batean. Albisteen protagonistak milioiak dira, baina iragarpen horien atzean ez dira kopuruak soilik zerrendatzen.
Aurrekontua kudeaketa-tresna da, jakina, baina bereziki ariketa estrategikoa da. Eta ideologikoa ere bai, hitzak ospe txarra hartu badu ere. Erakunde edo enpresa batek mundua nola ulertzen duen erakusten dute zutabe eta lerro horiek, baita mundu horretan zer eginkizun izan nahi duen ere. Asmoek eta baliabideek bat egiten duten tokian ageri da egiarik zintzoena: plan estrategikoetan den-dena sartzen da, baina aurrekontuetan ez.
Excel orri batean biluzten dira asmoak: langileen prestakuntzari zenbat eskainiko zaion, zaintza-premiei erantzuteko neurriak norainokoak izango diren, ikerketan zenbat inbertituko den, eta abar. Enpresetan eta administrazioetan antzera gertatzen da, eginkizunak eta betebeharrak desberdinak izanik ere. Zenbakiek ez dute den-dena esaten, baina asko esaten dute.
Ariketa, baina, ez da zerotik abiatzen, aurrekontuak aurreko urtekoen gainean eraikitzen direlako. Iazko kopuruari zerbait gehitu edo kendu, partida nagusiak berrantolatu eta aurrera. Zentzuzkoa da hein batean, konpromisoak, zerbitzuak eta betebeharrak ez direlako urte batetik bestera erabat berritzen, baina inertziak ere ideologia du: hartutako erabakiak ez eztabaidatzea erabaki bat da, erabaki berriak hartzea bezain eztabaidagarria izan daitekeena. Batzuetan, erakunde edo enpresa baten erabaki ideologikorik handiena ezer ez aldatzea izaten da.
Aurrekontuak iragartzen ari diren honetan, behin eta berriro entzuten ari naiz zein diren erabaki estrategikoak eta lehentasunak. Askoz gutxiagotan, ordea, zein esparruk izango dituzten baliabide gutxiago, zeri egingo zaion uko, noraino eta zergatik. Erabakitzea aukeratzea da, eta aukeratzeak beti uzten du zerbait kanpoan, nahiz eta hori prentsaurrekoetan azaltzeko hain erosoa ez izan. Lehentasunak zerrendaren lehen lerroetan erakusten ditugu; ukoak, ahal dela, bazterrean.
Dena ondo bidean, agindutako epera iritsiko gara eta norbaitek pozik esango du baietz, lortu duela beste urte batez ere mirari txiki-handi hori gauzatzea: azken gelaxka egokitu du eta zenbakiak koadratu ditu, azkenik. Lan handia dago horren atzean, eta ez dut gutxietsi nahi, baina emaitza hura bezain garrantzitsua (edo garrantzitsuagoa) iruditzen zait horretara iristeko hartu behar izan diren hamaikatxo erabaki ez horren ikusgarri. Zenbakiak koadratu ditugu, bai, baina zer etorkizun irudikatu dugu bide horretan?
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta