Administrazio kontseilu zein zuzendaritza taldeetan sarritan entzun izan dut: “enpresa honetan exijentzia falta da”. Ia beti, gainera, helburuak zergatik ez diren lortzen, konpromisoak zergatik ez diren betetzen edo estandarrak zergatik erlaxatzen diren azaltzen duen azalpena balitz bezala aipatzen da exijentzia falta hori. Eta behin betiko diagnostikoa balitz bezala esaten da.
Zer esan nahi du, ordea, enpresan dauden arazoen iturria exijentzia falta dela esateak? Horixe da esaldia aditzen dudan bakoitzean neure buruari egiten diodan galdera. Izan ere, hitz horiek komodin bihurtu direla deritzot. Aitzakia hutsa.
Esaldia borobila da, bai; baina ez du fokua behar den horretan jartzen, hau da, arazoan. Adierazten du zer edo zer ez dabilela nahi genukeen moduan, baina horren atzean ezkutatzen denaz ez du txintik esaten. Gabezia baten alferreko adierazpena baino ez da. Eta hortxe sortzen da, nire uztez, enpresaren zuzendaritzaren lidergo gaitasunarentzat aukera: gai izango al da kexa hori egoera aldatzeko egin dezakeenaren inguruko hausnarketa emankor bilakatzeko?
Exijentziak esanahi anitz izan ditzake: zorroztasuna, erantzukizuna eta konplimendua adierazi ditzake. Edota presioa, kontrola eta inposizioa ere bai. Horregatik, enpresa batek exijentzia bere balioen artean kokatzen duenean, komeni da zintzotasunez pentsatzea hitz horrekin benetan zer adierazi nahi duen.
Estandarrak betetzeaz, konpromisoak hartzeaz, zorroztasunez lan egiteaz eta emaitzen ardura hartzeaz ari bagara, erantzukizunaz edo bikaintasunaz ari gara hitz egiten.
Aldiz, emaitzak lortzeko presioa iradokitzen badu, edota etengabe falta zaigun horretan fokua jartzea esan nahi badu, nekez izango da lantaldea inspiratuko duen balioa.
Ulergarria da kontseiluek zein zuzendaritza taldeek frustrazioa sentitzea konpromisoak betetzen ez direnean, estandarrak ez betetzea onartzen denean edota zerbait ondo ez dabilenean arduradunek esku hartzen ez dutenean. Baina esango nuke egoera horiek guztiak hitz bakar batean biltzeak diagnostikoa gehiegi sinplifikatzen duela.
Agian, argitasuna da falta duguna; beste batzuetan, gaitasuna; edo akaso, erantzukizuna da arazoa. Izan ere, oinarrizko arauak errespetatzea, estandar batzuen arabera lan egitea edo emaitza komun baten ardura hartzea, maila desberdinak dira.
Erne! Exijentziaren alternatiba ez da konplazentzia. Gaizki ulertutako exijentziaren alternatiba bikaintasuna, erantzukizuna eta etengabeko hobekuntza oinarri dituen enpresa-kultura eraikitzea da. Listoia igotzen duen enpresa-kultura, bai, baina argitasuna, garapena eta koherentzia bezalako balioetatik abiatzen dena, eta ez presiotik.
Beharbada zuzendaritza foro batean norbaitek “enpresa honetan exijentzia falta da” esaten duen hurrengoan, merezi du galdera berri bat plazaratzea: konplitzea, hobetzea eta konpromisoa hartzea ez badira normaltasuna gurean, zer ez gara egiten ari?
Zuzentasunez erantzuten badiogu gure buruari, agian ohartuko gara arazoa ez zela exijentzia falta orokor bat, baizik eta benetako lidergoa gauzatzeko eta aitzakia gutxiago bilatzeko aukera zehatza.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta