• IRITZIA
  • Existituarazi duten ideia hori
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Existituarazi duten ideia hori

2026ko uztailaren 27a - 05:30
IMG 0131

Orain bolo-bolo dabilela… zer da zehazki absentismoa? Definizioz, justifikaziorik gabe lanera ez joatea da; eta hau gertatuz gero, ez da kobratzen soldata. Ez da horrelakorik existitzen. Gaizki erabiltzen duten absentismo kontzeptuaren atzean dagoen ia guztia baja medikoak dira—mediku batek sinatua, eta, beraz, justifikatua—, ez langile baten kapritxoagatik lanera ez joatearen erabakia. "Absentismo" hitza aukeratzea eta modu horretan erabiltzeak berak mezu indartsu bat helarazi nahi du: gaixotasun bat, hutsegite moral bihurtzen du.

 

Orain “hain larria den absentismo-tasa” zein den badakigula (%9,4 EAEn), goazen are esanguratsuagoak diren beste datu batzuk ezagutzera: osasun mentalagatiko bajak %111—lan-baja justifikatuak— hazi dira azken bost urteetan, eta jada lehen kausa dira gure herrian. Kostu ekonomikoari ere jarri diote zenbakia: 4.035 milioi euro euskal ekonomiarentzat 2025ean. Baja medikoak, amatasun-aitatasun baimenak eta lan-istripuak eskubide legitimoak dira, ez "absentismoa".

Zifra horiek entzunda, Feijóok "minbizia" deitu dio absentismoari, eta Garamendik, CEOEko buruak, 35 urtetik beherakoak seinalatu ditu, "astelehen eta ostiraletan pilatzen den" iruzur gisa salatuz. Honen atzean dagoen interesa ez dakit politikoa den, erabat ekonomikoa dela —mutuekin dituzten akordioak tarteko— esango nuke. Eta inor salatu edo kriminalizatu beharrean, baja-laboral eta justifikatuen gorakadaren irakurketa zintzo bat eta zentzuzko neurriak adosteko parada galdu dute.

 

Azken urteotan lan-baldintzak sistematikoki prekarizatu dira, eta prekaritate hori bera legeztatu egin da —erreforma laboral bakoitzarekin, kontratazio modalitate bakoitzarekin—. Lan-erritmo eutsiezinek, soldata baxuek, etxebizitza lortzeko ezintasunak, ordutegien eskakizun gero eta zorrotzagoek... horrek guztiak eragina du jendearen osasunean, eta osasunean eraginak, ezinbestean, baja gehiago dakartza. Ez da misterioa, kausa-ondorio efektu argia da. "Gaixotasunaren" errua langileari egotzi behar al diote behin eta berriz? Osasun mentala edota etxebizitzaren aferari tinko eutsi beharrean, orain baja horiek murrizteko eskubidea aldarrikatzen ari dira, bajen kontrolak lehenagotu, konpentsazioak eten baja errepikatuz gero eta kaleratzeko bide berriak zabaldu. Alegia, langileak gaixotasun bati erantzuteko duen eskubide bakarrari —bajari— eskua sartu nahi diote orain.

CEOEk Gizarte Segurantzak baja guztiak lehen egunetik ordaintzea eskatzen du. Gizartean dugun osasun-egoera konpontzeko borondatetik urrun, kostuen transferentzia bat eskatzen ari dira, mutuei hain modu negatiboan eragin ez diezaieten. Interes erabat ekonomikoa, finean.

Ba al dago baja-laboralen gaia ezberdin jorratzeko modurik? Esaterako, osasun mentalagatik bajen tasa altua duen enpresa batek kotizazio gehigarria ordaindu beharko luke, ez gutxiago. Bestalde, administrazioak absentismo-datuak enpresaka argitaratu beharko lituzke, ez soilik sektorez sektore, gardentasunak presio erreala sor dezan, baina ez langilean, enpresan baizik. 

Existitzen ez den zerbait existiarazi izana eta jendearen buruan errealitate bihurtzea izan da beren helburua. Hitzak erabiliz, diskurtsoan sortu dute arazo hori dagoenaren ideia, baina lan-ereduan eta oro har bizi-baldintzetan dugu benetako arazoa. Eta hori onartzen eta beste ikuspuntu batetik lantzen ez den bitartean, elkar akusatzen eta etsaiak sortzen jarraituko dute, benetako soluzioak bilatu beharrean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain