Exxon eta klima-aldaketaren (des)informazioa

Klima-aldaketa, zuzenean edo zeharka giza jarduerari egozten zaion prozesua da, atmosfera globalaren osaera aldatzen duena eta ikusitako klimaren aldakortasun naturalari gehitzen zaiona. Hala jasotzen du Nazio Batuen Klima-aldaketarako Esparru Konbentzioak bere 1. artikuluan. Zientzialariek erakutsi dutenez, gaur egun bizi garen aldaketa honen atzean erregai fosilen erabilerak sortzen dituen berotegi efektu gasen isurpena dago. Arazo horren aurrean erregai fosilen enpresa handiek izan duten jarrera erakutsi digute (beste behin ere) Science aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek.

Zein punturaino ezagutzen zituen Exxonek erregai fosilen erabilerak planetaren kliman sor zitzakeen eraginak? Petrolio-enpresak 1970eko hamarkadaren amaieratik bazekien bere jarduerak berotze globala eragingo zuela. Aipatutako ikerketan, Harvard Unibertsitateko ikertzaileek aurrerapauso bat eman dute eta Exxon enpresak klima-aldaketari buruz garai hartan egindako proiekzioak aztertu dituzte. Horretarako, enpresaren modelizazio-lanak eta hamarkada hauetan neurtutako tenperatura-aldaketak alderatu dituzte; emaitzak harrigarriak dira. Benetan miresgarria da Exxoneko zientzialariek nolako zehaztasunarekin aurreikusi zuten munduko tenperatura aldaketa.

Argi dago Exxonek ondo baino hobeto ulertzen zituela bere jarduerak izango zituen ondorioak, eta klima aldaketak sor zitzakeen inpaktuak ezagututa ere, hamarkadak eman dituzte eragin hauek behin eta berriz ukatuz edo zalantzan jartzen. Horretarako, komunikazio estrategia desberdinak erabili izan dituzte; adibidez, Exxonek publikoki klima-modeloen fidagarritasunik eza defendatzen zuen. Adi 1999an ExxonMobil-eko zuzendari nagusiaren hitzei —Science artikulutik hartuak—: “Proiekzioak frogatu ezin diren klima-ereduetan oinarritzen dira, edo, ohikoagoa dena, espekulazio hutsetan". Bitartean, eredu horiek erabiltzen zituen eta horien estimazioak egokiak izan zirela ere argi gelditu da. Era berean, enpresak berotegi efektuaren inguruan egon zitekeen ziurgabetasuna nabarmentzea adostu zuen, 1988an egindako txosten batean jasotzen den bezala.

Azterlan berriak berretsi baino ez du egiten erregai fosilen enpresen itxuragabekeria. Hamarkadetan ebidentzia ukatu dute, informazioa bihurritu eta itxuragabetu, klima-politikak moteldu eta oztopatu. Oraindik ez da egon erregai fosilen enpresa handiak klima-aldaketaren erantzuletzat jo dituen epairik. Baina klima-auziak ugaritzen ari dira, eta etorkizunak zer ekarriko digun ikusi beharko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK