Komunikazio eta lidergo aholkularia

Ez berdin, ez betirako

2026eko urtarrilaren 28a
Aran Erasun Urtzelaieta

“Baina zertarako jarraitu behar duzu ikasten, lana baldin badaukazu?” 10 urte izango dira aitak galdera hau egin zidanetik, orduko lanpostua utzi nuenean. Industriako langile enplegatu gisa bere lau hamarkadatik gorako ibilbide profesionala bi enpresatan egin zuen. Jubilatzerako, metal gogorra sortzen zuten makinekin zuen trebeziaz zalantza gutxi zuen. Lanbidea eta lana hautu bakarra zen berarentzat, bizitzaren une batean egiten zena.

 

Reskilling deitzen diote eraldaketa profesionalari, eta lan gaitasunen hobekuntza iraunkorrarekin batera erabakiorra izango omen da, World Economic Forumen arabera. Langileen gaitasunen %44k (modu globalean) eraldaketa esanguratsuak izan ditzakete bost urtetan azterketa horien arabera. Eta 2027rako 10etik 6 langilek formakuntzaren beharra izango du gaitasun edota konpetentzia aldaketa horietara egokitzeko.

Aita Nafarroako landa lanetik Gipuzkoako industria lanetara hurbildu zen garai haietatik garapen profesionalaren kontzeptua eraldatzen ari da. Ibilbide lineal eta aurreikusgarria zen orduan, eta horrez gain bi aukera banandu eta ez bateragarri bezala agertzen ziren soldatapeko lana, batetik, eta freelance edo ekintzaile lana, bestetik. Oso gutxik hautatzen zuten azken hau, segurtasun faltarekin lotzen zen nagusiki.

 

Bi lan molde horiek elkartze puntu bat dute egun, egokitzapen iraunkorrarena, alegia. Bai enplegatuak diren langileek, zein “independenteek” —eta kakotxak jartzen dizkiot hitzari, ekonomia eta lana interdependentzia direlako, zerbait badira— eraldaketa bizian dauden lan inguruneak bizi dituzte, faktore teknologiko, sozial eta ekonomikoen ondorioz. Esaterako, Europako langileen ia laurdenak enplegu partzialak ditu, bereziki gazte eta emakumeen artean (Eurofound). Malgutasun gehiago, baina baita prekarietate handiagoa ere.

Aurten nire ekintzailetza prozesuko hirugarren aldia abiatzen dut, aholkularitza bide beraren baitan lema eramateko modua zuzendari bakar gisa egokituz. Eta ez naiz irla bat. Enplegu modu ez tradizionalek zein norbere kontura lan egiteko moldeek protagonismoa areagotu dute. Europako Batasunean lan indarraren %12 autonomoa edo autoenplegatua da, azken hamarkadetan etengabe areagotzen ari den joera. Pandemia garaiaz geroztik biderkatu egin zen profesional digitalen freelance joera, esaterako, 2022rako horien laurdena jada “independentea” zen.

Ezberdintasun nabarmenek badiraute lanerako bi molde horien artean, dela egonkortasun baldintza eta bizipenak, dela ibilbide profesionalen linealtasun edota garapen moldea, edota formakuntzaren logika eta harreman sareen eragina. Baina gero eta berdinagoak dira zerbaitetan: lan konpetentzia eta gaitasunak eguneratzeko beharra indartu egin da. Behin ikasi genuena ez da betirako baliogarri.

Batetik, “bigun” deitu diren baina eragina eta indarra duten gaitasunak gero eta baloratuagoak dira (komunikazioa, egokitzeko malgutasuna, esaterako) eta ikasten ikastea gako bilakatu da, gero eta aldakorragoak eta luzeagoak diren karrera profesionalak garatu ahal izateko. Ziurgabetasun horretan bizi eta lan egiteko trebeziak beharko ditugula, alegia.

Europako helduen ia erdiak azken urtean formakuntzaren bat egin du, eta Europako Batasunetik portzentaje hori %60ra igo nahi ei dute. 2040rako ikasketa iraunkorreko paradigmez hitz egiten digute, lanpostuez baino gaitasun eta konpetentzietan oinarrituriko lanaz. Karrera profesionalak porfolio bilakatzeko joeraz, kontratupeko lana eta autoenplegua modu hibridoetan tartekatzeko ibilbideez, alegia, adimen artifizialak abiadura handiz eragin eta eraldatzen duen aro honetan.

Eta aitari jada ezin, baina eskolan oraintxe industria iraultzaren ondorioez ikasten ari den semeari bai hitz egiten diot joera horiek ekarriko dizkiguten erronkez. Berak badaki ni beti nagoela ikasten. Langileok nola kudeatuko ote dugun prekarietatearen eta ziurgabetasunaren eragina, kontuan izanda Europako kontratu partzialen herena gutxienez ez dela borondatezkoa. Zein arrakala berri sor ditzaketen formakuntzara sarbidea izateko baldintza ezberdinek, inbertsio iraunkorra eskatzen baitigu horrek (denbora eta baliabideetan). Lan autonomoaren babes baldintzak eskasak edota burnout eta gure karreratan etengabe erabakiak kudeatzen aritzeko antsietate arriskuak ere surfeatzeko olatu izango ditugu.

Baina enpresa antolakundeentzat ere etorriko dira erronkak gure seme-alaben lan eszenatoki berrietan: talentu kualifikatua erakartzea, engaiamendua indartzea, maila orokorreko reskillingak eskatzen duen inbertsioak jasangarri bilakatzea, edota lan molde hibrido eta malguak (barne eta kanpo langileak) antolatzeko moldeak sortzea. Eta bereziki, garapen dinamiko horiek modu parekide eta inklusiboetan integratzea. Arazoak izan daitezke, baita aukerak ere.

Eta hori guztia paper bustia izango dugu, nire amak eta bere belaunaldiko hainbeste emakumek egiten zuten dedikazio osoko lana(k) ere ekonomiaren etiketapean barnebiltzen ez ditugun bitartean. Hitzez eta baldintzez. Hori ere ez dadin izan ez berdin, ez betirako.

Ez berdin ez betirako
Ez berdin, ez betirako | Argazkia: Aran Erasun