Ez da bukatu

Lehen lan-asteko lehen egunean adiskideak “urte berri on” esanez hartu gaitu. Urtarrilaren kaltetan, irailak hasieraren usaina du, neke handiz forratu berri ditugun liburuenak. Eskola garaiko erritmoek den-dena zipriztintzen dute: urte judiziala hasten da, urte politikoa abian jartzen da (esateko modua da, irakurle) eta jarduera ekonomikoari ere eragiten dio: bizkar-zorroa bete eta agendan txukun-txukun zerrendatzen ditugu urte berriko zeregin garrantzitsuenak. Udak atseden hartzeko balio du, baina aurtengo udak enpresatan eginkizun dugun trantsizio garrantzitsuenetako baten oihartzuna anplifikatzeko ere balio izan du.

Lehen lan-asteko lehen egunera bueltatuko naiz une batez trantsizio horren nondik norakoa ulertzeko. Bezero batekin elkartu gara; bi musu emanez agurtu nau ni eta nirekin batera bilera horretan dauden gizonei bostekoa luzatu die ondoren. Iraila atsegin zaiola esan digu, bereziki emakumeok kolore ederraz eta jantzi arinez agertzen garelako bulegoetan. Eta hitzez esaten ausartu ez garena aurpegian nabarmen ikusi delako, ez gaizki hartzeko ere esan digu konplizitate-keinua eginez, itxura denez, uda honetan azala beltzaranago ez ezik, finago ere jarri omen zaigu eta. “Uda honetan”, esan gabe doa, Espainiako futbol-federazioko presidentearen kasuarekin lotuta dago. Egun batetik bestera, gizon batzuk ohartu berri dira beren desirak, ohiturak eta gurariak emakumeekin adostu behar direla eta inposizioa salagarria dela. Ustekabe handia izan da.

Rubiales kasu tamalgarriarekiko erreakzio gisa sortu den #BukatuDa mugimendu horrek helburua seinalatzen du, baina ez gaitezen engaina: desberdinkeria ez da bukatu, boterea ez orekatu, gehiegikeriak ez dira gutxiagotu. Botere-gehiegikeriak eguneroko ogia dira; emakumeen intimitatean baimenik gabe sartzea ez da kuestionatzen eta gizonen neurrira egindako eraikuntza sozialaren zimenduetan arrakalak aspaldikoak badira ere, zenbait tokitan ez da pitzadurarik txikiena ere nabari. Indarkeria —zuzena edo zeharkakoa, sotila edo berariazkoa—, konstante bat da emakumeen bizitzan, eta lanaren mundua horren isla argia da.

Ahotik ahora darabiltzagun trantsizioen parekoa izanik ere, oso atzean gaude, tamalez, eraldaketa feministaren bidean gure enpresa eta erakundeetako estrategia eta agendari dagokienez. Eraldaketaren aroa da gurea: trantsizioan ari gara, iraganbidean, eredu energetikoa, ekonomia zirkularra edota egokitzapen digitalaren gurpilari jarraitzeko, adibidez, eta begien bistakoa iruditzen zaigu denbora eta baliabideak jartzea horretan urratsak ez galtzeko, estropezu eginez gero lehiakortasunaren bidea gal dezakegulako. Den-dena horren bizkor aldatzen omen den garai honetan, desagertzearen parekoa litzateke egokitzeko gauza ez izatea. Bada, gure enpresetako zenbatetan ari gara intentsitate eta ikuspegi horrekin lan egiten trantsizio feministan? Eraldaketa horren agenda gehienek orri zuri bat izaten jarraitzen dute, tamalez.

#BukatuDa esaten ari gara, baina #HasteraGoaz esan beharko genuke, oraindik oso urruti gaude eta. Hainbeste, non ez garen jabetu ere egiten enpresa-kultura matxistak duen eraginaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK