Komunikazio eta lidergo aholkularia

Ez da laguntasuna

2026eko martxoaren 11a
Aran Erasun 1

“Ez gatoz lanera lagunak egitera”. Dozenaka alditan entzun dut esamolde hori, antolakundeekin lan egiten dugun gehienok bezala, edozein enpresatan dihardugunok bezala. Agian zure ahotik irten da esaldia, edota zure nagusi edota lankide bati entzun izan diozu. Hamarkada hauetan asko aldatu dira antolaketa kulturak, baina esaldi horrek oraindik indarrean dagoen ikuspegi batez hitz egiten du.

 

Lanean harreman eremuari eskaini beharreko gain-esfortzuari erantzuten dio batzuetan, bereziki horretarako baldintza eta baliabide nahikorik ezarri ez denean. Kokapen eta azalpen nahikorik gabeko formazio edota komunikazio plangintzei bestetan, ez dakigunean zertarako ari garen zerbaitetan ekarpen tenporal eta intelektuala egiten, zaila da lana deitzen dugun horretarako baliagarritzat bizitzea. Edozein kasutan, lanaren eredu industrial jakin batean jaiotako esaldia da, non eraginkortasuna bilatzen zen harreman eremua ezabatuta. XXI. mendeko antolakundeetan erronkak bestelakoak dira, ordea.

Ez da laguntasuna, harreman osasuna da. Lanean, izan enpresa, elkarte ala erakunde administratibo, lotura komunikatiboaren kalitatea erabakigarria da lan prozesu eraginkorrak elikatzeko, antolaketa sistema zehatza edozein izanda ere. Ez dugu lagunak izan behar lanean; hitz egin, eztabaidatu, zuzendu eta konfiantza izan behar dugu. Elkarrizketa zailak izan, prozesuen kalitatea bermatzeko. Gure ikuspegia elkarbanatzeko baimena sumatu, gure onena emateko. Parte sentitu, gure konpromisoa egunero elikatzeko. Testuingurua izan, bilkuretan eta gatazketan gutxiago galtzeko.

 

Ez da laguntasuna, azpiegitura produktiboa da. Harremana antolakundeetan bilkuren kalitaterako, informazioaren jario arinerako zein feedbackak modu eraginkorrean jaso eta emateko azpiegitura. Antolaketa energia xahutzen duten tentsioak, maiz, ezegoki diseinaturiko elkarrizketa modu eta inguruetan jaiotzen baitira. Mantenua egin gabe makineria matxuratzen den bezala.

Ez da laguntasuna, lanaren harreman ekologia da. Hamarkadatan profesionaltasuna urruntasunarekin lotu izan dugu, baina ziurgabetasunean garatzea biziraupen gakotzat dugun garaiotan, nola etorkizunak erein lantaldeetan errekonozimendua, entzute eraginkorra eta elkarlana zaindu, trebatu eta praktikatu gabe? Aitortza da lantaldeen harreman lurra aberats bilakatzeko ezagutzen dudan ongarririk baliotsuena, keinu txiki eta handietan gauzatzen dena, talentuari ongietorria egiten diona.

Ez, ez gatoz lanera lagunak egitera. Elkarri bizirautera ere ez, ordea.

Elkarrekin gauza zailak egitera gatoz. Eta horretarako lanean ditugun harremanen kalitatea ez da luxua, lan tresna baizik.

Harremana
Harremana | Argazkia: Aran Erasun