Telefono-deia jaso dut etxean (bai, oraindik telefono finkoa duen horietakoa naiz) eta nire harridurarako, Internetetik deitzen zidala esan dit ingeles traketsean mintzo zen ahots batek. Nire ordenagailua birus batek hartu duela behatu omen dute ez dakit zein sistema miragarri baten bidez, baina ez izutzeko, arazoa erraz-erraz konpondu omen daiteke eta: nire gakoak emanda, di-da baten garbituko omen dute guztia, gaineratu du. Ingelesez ez, baina euskaraz ba ote dakien otu zait bat-batean, “garbitu” hitzaren beste adiera askoz kaletarragoa begien bistakoa iruditu zait eta. Hamaika aldiz jaso dut bere burua Senegaleko Errege Etxeko printzetzat aurkezten duen baten mezu elektronikoa, nire zain dagoen oinordekotza-sari potoloaren berri ematen didana behin eta berriro. Ez omen du ulertzen zergatik ez dudan aberatsa izan nahi, nire kontu-zenbakia ematea besterik ez dut-eta egin behar.
Arestian aipaturiko saiaketa traketsek barregura eragin dezakete, baina inondik ere ez da hau txantxetan hartzekoa.
Iruzurrak eta maltzurkeriak ez dira gure teknologia hauekin asmatu, baina erruz zabaldu dira. Espero izatekoa zen, bestalde: gure nortasun birtualaren ertzak askotarikoak dira, nonahi gaude, edonoren eskura, eta gure burua babesteko bitarteko minimoak jarri ezean, ziber-oihaneko piztien apetaren mendean. Maila indibidualean, eta maila kolektiboan: etxeko ordenagailuan ez ezik, etxe ondoko enpresa handiaren ekoizpen sisteman ere sar daiteke harra.
Ez dakigula ez dakigunaren aurrean nola babestu gure burua? ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak urtero antolatzen du gaiaren inguruko foroa, industria, akademia eta teknologia elkartuta zibersegurtasun industrialaren joerak, egoera eta aurreikuspenak partekatzeko. Bada, azken foroan goiko galdera horixe egin zuen adituetako batek eta buruan iltzatuta geratu zait geroztik. Nola aurre egin etortzen ikusten ez duzun mehatxuari? Nola prestatu gure enpresak diren eta, bereziki, izan litezkeen arrisku ezezagun horien aurrean erantzun ahal izateko?
Segurtasuna lehiakortasun-oinarria dela lehendik genekien eta orain “ziber” gehitzen badiogu ere, halaxe izaten jarraitzen du
Segurtasuna lehiakortasun-oinarria dela lehendik genekien eta orain “ziber” gehitzen badiogu ere, halaxe izaten jarraitzen du. Industriaren esparruan, izan ere, erasoak Senegaleko printzearen saialdi traketsa baino askoz sofistikatuagoak izaten dira. Arrakasta duten zibererasoen % 95ek giza akats batean dute jatorria. Sistemak zainduta, enpresaren egitekoak diren guztiak eginda ere, maiz hutsa arriskuaren kontzientziarik ezan datzala ohartzen dute adituek.
Erabateko segurtasunik ez da existitzen, baina horrek ez du esan nahi erabateko babesa behar ez denik. Eta esango nuke, entzundakoa entzun eta gero, horretan jokatzen dela, neurri handian, gure industriaren etorkizuneko lehiakortasuna.
Gure radarren azpitik hegan egiten dute arriskuek. Lantegi bateko ekoizpena eten egin dezaketen birusen kontrako txertorik ez dago, ez bada ulertzea dakiguna bezain garrantzitsua dela ez dakigun horri, eta balio-kate osoan zehar babes- eta kontrol-neurriak ezarri behar direla, gure burutik hasita. Lehiakortasunaren aldarria jotzen dugunean, maiz ahaztu egiten dugu egiten duguna bezain garrantzitsua dela egiten ez duguna.