Lerro hauek idazten ari naizen unean, ordu gutxi falta dira Espainiako Kongresuak bi etxebizitza-dekretuak bozkatzeko: bata, etxebizitzaren funtzio soziala babesteko eta eskaintza eskuragarria zabaltzeko; bestea, ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratuen egonkortasuna indartzeko. Kontuak eginda daude, ordea. Junts, PP eta Vox ezezkoan bat eginda, badirudi ez batak ez besteak ez duela aurrera egingo. Madrilek idatziko du, beraz, gaurko titularra. Baina begi guztiak hara begira dauden honetan, Euskal Herrian egiten ari garenaz hitz egitera nator.
Lege-oinarririk ez zaigu falta etxebizitzaren alorrean: 3/2015 Etxebizitza Legea dugu, zeinak etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektibo gisa aitortzen duen; Nafarroak, 10/2010 Foru Legea. Horiei gehitu behar zaizkie estatuko 12/2023 Legea eta, balioztatuz gero, dekretuek ekarriko lituzketen tresna berriak. Tresna-kutxa beteta dago. Arazoa da kutxa hori nola eta zenbateko abiaduran erabiltzen dugun etxebizitzarekin dugun krisiari aurre egiteko.
Merkatu tentsionatuko eremuak dira horren adibiderik argiena. Nafarroak 21 udalerri deklaratu zituen, biztanleriaren ia %70 hartzen dutenak. Hego Euskal Herrian, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 32 udalerri identifikatu ditu irizpideren bat betetzen dutenak, biztanleriaren %67 baino gehiago biltzen dutenak; deklaratuak, berriz, poliki-poliki doaz gehitzen, udalerriz udalerri, eskaeraz eskaera. Eta prezioak mugatzeko ezinbestekoak diren erreferentzia-indizeak oraindik ere argitaratze-bidean daude.
Prezioei mugak jartzea, ordea, ez da nahikoa etxebizitzarik ez badago. Eta hemen ere oso zenbaki zorrotzak dira. Euskadin 80.000 pertsona inguru daude alokairuko babes-etxebizitza baten zain, eta alokairuan bizi diren etxeek, batez beste, diru-sarreren %47,6 uzten dute errentan. Eusko Jaurlaritzaren Plan Zuzentzaileak 7.000 etxebizitza eskuragarri sustatu nahi ditu legealdi honetan, eta Etxebizitzaren Itun Sozialak 50.000 etxebizitzako babes-parkea du jomuga 2035erako. Erritmo horretan, zenbat urte beharko dira itxaron-zerrenda hori husteko? Bitartean, 43.000 etxebizitzatik gora zeuden hutsik 2023an, ez dut imajinatu nahi zenbat izango diren 2026ean. Eraiki behar da, bai, eta asko; baina eraikita dagoena ere erabili.
Badago, gainera, itxaroten ez duen beste egoera bat: zaurgarrienen etxegabetzeak. 2026ko lehen hiruhilekoan, euskal epaitegiek 213 kaleratze gauzatu zituzten. Jasotako eskaerak, berriz, 363 izan ziren. Hodia betetzen ari da. Madrilek moratoria luzatu nahi zuen, baina dekretuak erortzen badira, ez al genuke geure babes-sarea josi behar, inor kalean geratu ez dadin? Orain herritarrak ari dira borondate onenarekin kaleratzeak gelditzen, baina ezinezkoa da kasu guztiak ezagutu eta gelditzea. Eusko Jaurlaritzak ezin du konpetentziaz etxegabetzeak gelditu, baina bizileku berria bermatu diezaieke etxegabetuei Alokabideren parke publikoaren bitartez. Bestalde, beste neurrietako bat alokairu-zorrak ordaintzea edo birfinantzatzea da. Eta hiru, jabeekiko bitartekaritza-zerbitzuak sortzea zaurgarriek bere abokatu propioak kontratatu eta putre-funtsekin hartu-eman zuzena izan ez dezaten. Herriak babesa eskatzen du, etxebizitza bizitzeko eskatzen du, eta hala ez den bitartean, herritarrek kalean jarraituko dute. Ez du atzera bueltarik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta