Berriz ere Elon Musk. Berriz ere arreta bereganatzeko moduko baieztapen biribil horietako bat, zeina, itxuraz, teknologiari buruz ari den, baina beste gauza asko ezkutatzen dituen bere atzean. Jakingo duzu, irakurle, duela egun batzuk Musk ahoberoak esan zuela laster iritsiko dela unea non teknologiak xakea erabat “ebatziko” duen. Bere iritziz, adimen nahikoa duen sistema batek aukera guztiak aztertuko ditu, jokaldi txar posible guztiak baztertuko ditu eta erantzun optimoa eman ahal izango du.
Baliteke arrazoia izatea. Kontua kalkulu zorabiagarriak egitea bada, giza garun bakar batek nekez lehiatu ahal izango du bere gaitasun guztiak batera jarri dituzten milaka makinekin.
Ados, baina… zertarako nahi genuke xakearen magia ebaztea? Taularen aurrean esertzen direnek ez dute sekretu hori argitzea bilatzen. Jokoan ari dira ez dakitelako zer gertatuko den, jokaldiak irudikatu behar dituztelako, mugimenduak interpretatu, arriskatu, huts egin eta berriro pentsatu. Orduak eman ditzakete prozesuaz gozatzen dutelako, plazera masokista samarra bada ere. Jokoa da, emaitza ez dagoelako aldez aurretik idatzita.
Aste honetan bertan asko hitz egin dugu adimen artifizialaz, eta ez, zirrara teknologikotik, hain justu. Aitzitik, beldurretik hitz egiten ari gara gero eta gehiago. Industriako erreferentziazko ahotsek berriro ohartarazi dute garapenaren abiaduraz, arriskuez eta kontrol mekanismoen gabeziaz. Batzuek diote teknologia honek hamar urte barru gizateriaren amaiera ere ekar lezakeela eta beste batzuek abiadura moteltzea eskatzen dute. Aldi berean liluratzen eta beldurtzen gaituen gaitasunen aurrean gaude, mugak ezarri ezinik. Puntu honetara iritsita, ez dakit zentzuzkoena ote den korporazio horien esku uztea erritmoak eta joko-arauak ezartzea.
Adimen profesionala erantzuteko gaitasunarekin lotu izan dugu: gehiago dakiena, hobeto kalkulatzen duena, arazoak bizkorrago konpontzen dituena edo irtenbideak erraz aurkitzen dituena gurtu izan dugu eraginkortasunaren aldaretan. Kontua da, baina, arlo horietan guztietan teknologia jauzi handiak egiten ari dela eta ikaratu egiten gaituela garaitzen ezinezkoa dirudien konpetentzia hori. Teknologia, baina, motelagoa da irizpideez ari bagara.
Zer da irizpidea? Bereizteko gaitasuna: jakitea, adibidez, arazo batek noiz behar duen konponbidea eta galdera batek noiz jarraitu behar duen. Erabaki ahal izatea noiz optimizatu eta noiz esploratu; noiz azkartu eta noiz gelditu. Irizpide argia behar da jakiteko noiz hartu behar den erabaki bat eta noiz utzi behar den eztabaida zabalik.
Xakerako balio du horrek, eta baita enpresa bat kudeatzeko. Eta, esan gabe doa, bizitzarako.
Enpresa batek arazoak konpondu behar ditu: produktibitatea hobetu, kostuak murriztu, merkatuak aurkitu, prozesuak antolatu, erabakiak hartu eta abar luzea. Bistakoa da. Baina estrategia ez da makina batean sartu eta erantzun zuzena itzultzen duen auzia. Ez dago botoirik eraldaketa kulturala egiteko, ezta talde baten barruko harremanak definitzeko ere. Enpresa baten propositoa ez da algoritmia, giza prozesua baizik. Hor dago aukera: irizpideak, oraingoz behintzat, giza lurraldea izaten jarraitzen du.
Aste honetan bertan ezagutu ditugu PISA 2025eko emaitzak. Ez dira onak, txarrak edo oso txarrak direla esan daiteke. Bizitzarako oinarrizko gaitasunetan ageri den errendimendu eskasak alarma guztiak piztu ditu eta galdera potoloa utzi du mahaiaren gainean: zer etorkizun iragartzen du halako emaitza batek?
Galdera, baina, ez da hezkuntzaren esparru hertsian soilik geratzen. José Antonio Marina filosofoak gogorarazi duen bezala, emaitza akademikoetan ikastetxeak duen eragina ez da %40ra ere iristen. Izaki sozialak gara eta komunitate konplexu baten parte garenez gero, loturek eta intersekzioek egiten gaituzte. Komunitatea da modu egokian hezten edo gizatalde zabarrak sortzen dituena eta horretan, denok gara erantzule.
Erantzun automatizatuen mundu batean ondo irakurtzea, matematika ulertzea, historia, zientzia edo literatura ezagutzea gero eta garrantzitsuagoa izango da, ez gutxiago. Ezagutza beharko dugu akatsak antzemateko, sinplifikazioak desegiteko eta erantzun sinesgarri baten eta egiazko baten arteko aldea bereizteko. Gero eta gehiago. Eta beste zerbait ere beharko dugu: pentsamendu kritikoa, jakin-mina, ideiak lotzeko gaitasuna, entzutea, lankidetza, galdera onak egitea. Enpatia ere bai, behar handiena dutenen ondoan egoten jakiteko.
Ezagutzen dugunaren mugak azkarregi mugitzen ari diren garai batean, alferrik da estrategia zurrunak eraikitzea, eta, beraz, gure efizientziaren kulturan ulertzen hain zaila zaigun ziurgabetasunarekin bizitzen ikasi beharko dugu.
Arazoak konpondu behar ditugu, baina den-dena konpontzea ez da helburua. Jakin behar da, bereizten jakin behar da, noiz behar den soluzioa eta noiz zalantza.
Agian egunen batean xakeak ez du sekreturik izango algoritmoentzat, baina horrek ez du esan nahi jokoaren zentzua amaituko denik.
Jolasten jarraituko dugu nahi dugulako, gure burua estutzen jarraitu nahi dugulako, gustatzen zaigulako.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta