Komunikazio eta lidergo aholkularia

Ez gaude ados

2025eko azaroaren 27a
Aran Erasun Urtzelaieta

Elkarrekin ari zarete datorren urteko plangintza eta estrategia marrazten. Jada sumatzen dituzue aurtengo balantze ekonomiko eta jarduerazkoak emango dituen pistak, oraindik itxita eduki gabe ere, eta hurrengo pausoen norabidea zehaztuko dute. Zuzendaritza marko bat izanda, badakizue ahots bakoitza badela erabakien parte. Esateak balioa duela, erabakien norabidearen gezi horri bultza egiten diola.

 

Bai, erabakiak aberatsagoak dira ahots anitzetatik datozenean, entzundakotik eta adierazitakotik eraiki direnean, hamaika begiradatik ikusi direnean. Baina ikuspegi diferenteak ez dira beti ongietorriak. Bai, hitzez adierazten dugu iritzi guztiak elkarbanatu behar direla, gure erantzukizuna dela… Baina badaude mezu sotilak, ez agerikoak, ez dutenak gauza bera esaten: beso gurutzatu horiek, tentsioa matrailean “eskerrik asko zure ikuspegia emateagatik” adieraztean, gorputz posturak distantzia jartzen, atzerantz egiten… Komunikazioaren geruza horietan ezkutatzen dira erresistentziak.

Eta ez, ez dira beti kontzienteak, baina hor daude. Nahi dugu, pentsatzen dugu iritzi ezberdin horiek jasotzea onuragarri zaigula, eta horren parte izatea desio dugu. Baina gure parte kontrolaezin hori astindu egiten zaigu gorputzeko zokoren batean, eta geure mugimendu eta espresioak ere aztoratzen ditu. Gugandik ezberdina den hori sumatzean, sabelean ukabilkada bat bezala datorkigu batzuetan, azkura eragiten digu besteetan. Ez dugu nahi arrazionalki, baina gure espresioek defentsa bat marrazten dute.

 

Beldurrek berdintzen gaituzte, eta pertsona egiten. Onartua ez izateko beldurrak isiltzen gaitu, eta aintzat hartuak ez izatekoak erasokor bilakatu. Elkarren lehengusu izango dira beldur horiek denak, baina dinamika mugatzaileak eragiten dizkigute, pentsatzen dugunaz harago. Seguru sentitzeko dugun beharretik hasten dira defentsibak, eta etsipenekin elkartzen dira gero. Konturatzeke, isiltasunaren kultura nagusitu da gurean eta ez dakigu zergatik. Isiltasun horiekin eta esan gabekoekin hartzen ditugu erabakiak.

Azken hilabeteetan hainbatetan entzun dut “nik hau uste dut, baina beno… zurekin ados nago, e!”, eta molde honetako esaldiak. Ezadostasunaren mamua deitzen hasi naiz. Bereziki antolaketa eta egituratze modu kolektiboago edota kooperatiboagoa ditugun enpresa, elkarte eta antolakundeetan sumatu dut. Ez dago inon idatzia, eta ez du inork hala nahiko, baina “ez dago ongi denok ados ez egotea” moduko ustea litzateke indarrean dagoena. Adostasunak prozesu ez balira bezala. Pentsatze, sortze eta erabakitze kolektiboak ahots bakarra balira bezala.

“Ez, ez nago ados” bakoitzak aniztasunari atea zabaltzen dio. Eta barruan sortzen zaizkigun erresistentziekin dantza egiten ikasiz gero, lur zabalago eta ongarrituagoetan erabaki dezakegu.

Ez gaude ados
Ez gaude ados | Argazkia: utzita