EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Ez nire etxe ondoan, mesedez

2026ko maiatzaren 8a - 05:30
eduardo malagon

Inork ez ditu nahi azpiegitura, enpresa edo jarduera ez desiragarriak bere etxe ondoan. XX. mendeko hazkunde ekonomikoak eta industrializazioak eragindako ingurumen kalteek, gure gizartearen kontzientzia ekologikoa piztu zuten. 60 eta 70eko hamarkadetan mugimendu ekologistak hedatu egin ziren, enpresen eta gobernuen gehiegikeriak salatzeko eta aldaketak eskatzeko. Iritzi publikoaren eta gizarte mugimenduen presiopean, legedi eta arautegi zorrotzagoak aprobatu eta aplikatu ziren, eta horrek ere berrikuntza sustatu zuen, bai ekoizpen prozesuetan, bai produktuetan. Enpresa askok bere burua inbertsio handiak egitera behartuta ikusi zuten (zorionez), inguruko biztanleen mesederako.

 

Baina kontrakoa ere gerta daiteke: gizartearentzat onuragarriak izan daitezkeen proiektuek tokiko oposizio tematia jasatea. Are gehiago gizartearen mozkinak difusoak direnean (edo onuraduna oso argia ez denean) eta kaltetuak, oso zehatzak eta lokalizatuak. NIMBY (Ingelesez Not In My Back Yard, edo Ez Gure Etxe Ondoan) delako mugimenduek buruhauste handiak sor ditzakete hainbat ekimen martxan jartzeko orduan.

Jar ditzagun adibide bezala gure gizarteak gaur egun dituen bi premiazko arazo: etxebizitza eta trantsizio energetikoa. Etxebizitzaren auzia konplexua den arren, geroz eta adostasun handiagoa dago eskaintza eskasiaren inguruan. Eta eskasia horrekin amaitzeko, eraiki egin behar da, noski (ez edonon, eta ez edozein moduan, baina hori beste kontu bat da). Etxebizitza publikoak eta dentsitate altukoak badira, hobe. Hor sor daiteke koxka: prest al gaude gure herri eta hirietan zazpi pisuetako eraikuntzak onartzeko? Zein lur sailetan? Prest al gaude arautegia eta baimenak leuntzeko, azkarrago eraikitzeko? Horrelako neurriak hartzeko adorea eduki dezakeen arduradun politikoak ez du zalantzarik: bozketan ondorioak izan ditzake.

 

Trantsizio energetikoaren inguruan, Iraneko gerrak argi eta garbi utzi du gure petrolioarekiko menpekotasuna murriztea inperatibo geopolitikoa dela. Energia berriztatzaileen hedapenaren beharraren inguruan ez dago zalantzarik… baina ez gure mendietan, mesedez. Azken hamarkadetan, ikusi dugu nola Gaztelako eta Nafarroako mendi-gain eta lautadetan ugaldu diren eguzki plakak eta haize errotak. Baina Araban, Bizkaia eta Gipuzkoan antzeko proiektuek oposizio gogorra jasan dute, “makroproiektu” goitizena segituan ezartzen zaielarik. Nire iritzi apalean, energiaren esparruan EAEn horrelako ezaugarria duen azpiegitura bakarra Petronorrek Muskizen duen instalazioa da. Baina ez dut uste subiranotasun energetikoaren ibilbideak handik pasa beharko lukeenik.

Orain dela urte batzuk, Donostiako auzo bateko balkoietan, hirian ireki berria zen tanatorio baten aurkako pankartek erabat harrituta utzi ninduten. Egia esanda, aitortu behar dut beilatoki bat etxe azpian izatea ez dela norberaren egunerokotasunean izpiritua altxatzeko gustuko edukiko lukeen negozio mota. Baina auzokoei azken agurra etxe ondoan egitea, zer esatea nahi, hunkigarria iruditzen zait. Handik egun batzuetara, egunkari batean irakurri nuen oposizioaren arrazoia: tanatorioak errausketa zerbitzuak eman behar zituela, eta bizilagunen beila auzoan egitea kontu bat da, baina ez da gauza bera ikustea haien errautsak nola aireratzen diren tximinietatik.

Agian heldutasun kolektiboa horixe da: etxebizitza merkeagoa nahi izatea, baina itzal gehiago egingo duen eraikina onartzea; energia garbia eskatzea, baina haize-errotari begirune pixka bat izatea; eta beilatokia beharrezkoa dela ulertzea, nahiz eta igandeko gosarian bizitzaren iragankortasuna gehiegi oroitarazi. Bestela, denok gara oso aurrerakoiak, ekologistak eta solidarioak… proiektua Google Mapsen gure ataritik hiru kilometro urrunago agertzen den bitartean. Orduan hasten da benetako eztabaida politikoa: mundua salbatu bai, noski; baina, ahal bada, beste norbaiten patioan.