Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Ezagutza irekian

2026ko uztailaren 6a - 05:30
IMG 0131

Azken hilabeteotan enpresa handiek, txikiek, banku kotizatuek eta mota orotariko erakundeek beren ezagutzarik oinarrizkoena partekatzen hasi dira. Open source kontzeptua ez da berria, baina AA sortzailearen hazkundearen eskutik bigarren gaztaroa hasi duela dirudi.

 

Enpresa handiak beren software stack osoa publikatzen ari dira. Kotizatua den Santander bankuak esaterako, SantanderAI izeneko espazio bat zabaldu du GitHuben. Ez dute barne-eredurik ez bezeroen daturik argitaratu —dena sintetikoa edo anonimizatua da—, baina iruzur-grafo sintetikoen sortzaile bat argitaratu dute, diskriminazio-frogak konparatzaile kontrafaktualekin, hornitzailearekiko neutrala den LLM bezero bat. 14 errepositorio, 2.200 jarraitzaile, eta orain arte ezinezkoa zirudiena gertatzen ari da, banku kotizatu bat bere AA proiektuak Github irekian publikatzen.

Gurean, HiTZ Zentroan IXA taldea (EHU) da kasurik bikainena. Latxa izeneko hizkuntza-eredua sortu dute, Metaren LLaMAn oinarrituta, eta erabilera-lizentzia irekian publikatu dute GitHub-en eta Hugging Facen. AAren eta hizkuntza gutxituen arteko hutsune teknologikoa murrizteko ahalegin kolektiboa bilakatu da proiektua, eta dena irekian egiten ari delako.

 

Zergatik ari dira, gero eta gehiago, enpresa handi eta txikiak beren ezagutzarik ezinbestekoena irekitzen eta partekatzen?

Erantzun bat baino gehiago egon daiteke, baina finean erantzun orokor bat dago: gaur egun ezagutza ez da aktibo bereizgarria. Jada ez. Enpresa, erakunde eta profesional guztiak beren ezagutza LLM ezagunenekin partekatzen duten momentuan gaude. Ezagutza jada plataforma teknologikoetan dago eta ez dago atzera bueltarik. Ezagutza ezean, exekuzioa da askoz bereizgarriagoa, eta horren gainetik, GitHubetik edo AAtik deskargatzen duzun kode hori —edo ideia hori— zerbait operatibo eta erabilgarri bihurtzeko talentua izatea.

Ideia bat eta produkzioan dagoen sistema bat ez dira gauza bera. Inork ez luke ideiarik partekatuko honek lehia-arrakala automatikoki itxiko balu. Ezagutza guztia eskuragarri dagoenean, talentu eskasiak are garrantzi handiagoa hartzen du. Lehen kodea ez izatea zen oztopoa, orain kode guztia partekatzen da, baina exekutatzeko gaitasuna —arkitektura, ebaluazioa, ikuspegi estrategikoa— are urriagoa da erlatiboki. Orain "komuna" dena ezagutza da, baina abantaila talentuan dago, eta hori ez da inola ere demokratizatzen ari.

Formakuntza, formakuntza eta trantsizioa behar dugu Euskal Herrian. Tradizio handia dugu teknologia transferitzeko —zentro teknologikoek, unibertsitateek…— baina transferentzia hori beti izan da norabide bakarrekoa: ikerketatik enpresara. Orain panorama aldatzen ari da: ezagutza ez dator soilik gure zentro eta unibertsitateetatik, mundu osotik dator eta modu irekian, doan eta eskura. Erronka jada ez da ezagutza sortzea edo eskuratzea, ezagutza hori xurgatu, ulertu eta operatibo bihurtzeko talentua izatea baizik. Txipa aldatu eta martxan jartzeko unea da, mundu mailan irekitzen ari den ezagutza guztia aprobetxatu eta gureetan aplikatzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain