Ezagutzaren transmisio-zikloa

“Ez da laguntzaile hoberik lehenago bide bera urratu duenik baino”. Halaxe egiten dugu gure bizitzako arlo guztietan: etxean, lagunen artean, lanean, etab. Enpresetan ere halarik gertatzen da: langile berri bat iristen denean ofizioa erakusten zaio, ohiturak, beharrak, ideiak, trikimailuak… enpresak erritmoa, ezagutza eta praktika onak gal ez ditzan, eta hobeak eraiki ditzan. Ezagutza-trasmisio hori, ordea, gehienetan lanpostu bat lortu eta bertako dinamika ikasi behar dugunean iritsi zaigu guztioi. Aitzitik, bada transmisioa bizkortu eta ikasketa prozesua hobe dezakeen mekanismorik.

Lanbide heziketa zentro eta unibertsitateek urtez urte ehundaka ikasle hezi eta prestatzen dituzte lan munduan murgiltzeko. Bi eta bost urte bitartez aritzen dira ikasleak buru-belarri liburuan irakasten zaiena buruz ikasten eta praktikan jartzen. Ikasgaiak gainditu, titulua jaso eta listo, prest da beste labekada bat profesional lan munduan murgiltzeko. Prozesu berdina errepikatzen da belaunaldiz belaunaldi, fabrikazio-kate bat bailitzan: ikaslea molde batean sartu, nahi zaion forma eman, paketatu eta mundura irtetzeko prestatzea da zentroaren ardura. Belaunaldi gutxiren buruan, zentro bakar batetik ehundaka ikasle ateratzen dira titulu batekin. Baina zenbateraino daude prestatuak ikasleok? Zenbateraino dago alineatuta ikasi dutena egungo beharrekin? Ez dut esango ikasketa materia etengabe aldatu behar denik, baina bada egungo disziplina eta sektore berrietan espezializatzeko aplika daitekeen alternatibarik: ikasle-belaunaldi arteko ezagutza transmisioa.

Orain arte bezero logika aplikatu izan zaie beti ikasleei ikasketa zentroetan. Halakoak dira, bai, zerbitzu akademiko baten hartzaile eta azken finean, erosle. Aitzitik, oraindik lortu ez dena zera da: ikasleak ikasketak bukatzerakoan zentroarekin harremanetan jarraitu, eta ikasle graduatuen sarea sortzeko mekanismoak eraikitzea. Bezero logika irauli eta aliatu edo laguntzaile bezala ikusi behar dituzte ikasle ohiak, bakoitza bere ogibidean ikasi eta sortzen ari den jakintza ikasle berriek aprobetxa dezaten. Nola saretu lanean eta espezializatzen ari diren ikasle-ohi horien ezagutza? Nola bihurtu zikliko eta emankor ikasketa zentroentzat? Nola egin berrikuntza eta ezagutza berriaren transmisioa datozen ikasleak aurrekoak baino prestatuagoak egon daitezen? 

Mentoreen eredua ekarri nahi nuke soluzio aukeren artera. Mentoreak esperientzia edo ezagutza handiagoa duen pertsonak dira, esperientzia edo ezagutza gutxiagoko pertsona bati laguntzen diotenak. Zer iritzi izango luke egun ikaslea den batek sektorean esperientziadun baten aholkuaritza baluke? Eta ez sektoreko esperientzia bakarrik. Zentro berdineko ikasle-ohia izan eta ikaslearen azalean jar daitekeen pertsona balitz? Ikasle-ohien ezagutza, esperientzia eta laguntza aprobetxatuz gero ikasketa zentroek formakuntza hobea eskaini ahalko lukete, errealitateko beharrak hobeto ezagutu eta etorkizunean gerta daitezkeen egoera asko orainaldira ekarri ikaslea hobeto presta dadin. Ikasleek gertuagoko arreta jasoko dute, eta ikasle-ohiek, lanaz gain unibertsitate edo zentroak eskaini ditzakeen onurak aprobetxatu ahalko lituzkete. Proba dezagun, zer dugu galtzeko?

Egungo unibertsitate eta ikasketa zentroek erronkaren bat badute, ikasle-ohiak aliatu, ezagutzaren balioa partekatu eta ezagutzaren transmisio-zikloa ixteko aukera bikaina izango dute. Hau lortuz gero, lan-munduarekiko konektatuago, porgrama akademiko berritzaileago eta etorkizunarekiko moldagarriago izango dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK