'Ezin zen' edo bi laia lan munduan

Gogoratzen nekazariek lurra iraultzeko erabiltzen zuten laia tresna? Bada, iruditzen zait, azken sasoian lan munduan laiaren moduko ondorioak ekarri dituzten bi aldaketa ezarri direla: bata, lan erreforma, batez ere obra eta zerbitzu jakin bat egiteko kontratuaren desagerpena ekarri duena; eta bigarrena, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera.

Urte hasieran onartutako lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatua eraldatzeko Errege Dekretuak helburu zuen lan prekarietatearekin eta lanaren behin-behinekotasunarekin bukatzea. Era berean, hitzarmen kolektiboak indartzen zituen. Ostera, ez zuen kaleratzearen lege-eraentza aldatzen. Ondorioz, kaleratzeak lehengo kostu bera izaten jarraitzen du. Lan mundua erreformatzearen aurka zeuden eragile, enpresari eta alderdiek ilunena iragarri zuten, enpresen itxiera kontratuen finkotasunari ezin eutsita, hitzarmen kolektiboen indarrari ezin eutsita.

Bestalde, lanbide arteko gutxieneko soldata urteko 14.000 eurora igo zen joan den urtarrilean; 2016an hilean 655 euro izatetik, 2022an 1.000 eurokoa izatera igaro da. Hemen ere iragarpen txarrenez lagunduta etorri zen igoeraren onarpena: enplegua sortzeko eragin eskasak izango zituela, enpresak itxi egin beharko zirela soldatak ezin ordainduta.

Urtea aurrera doa eta bi laien ondorioa enpleguaren hoberako izan dela baieztatu da: ez da enplegurik galdu bi aldaketa hauengatik, kontratu mugagabeek nabarmen egin dute gora adin-tarte guztietan eta sektore guztietan, egonkortasuna lortu da, eta hitzarmen kolektibotik kanpo dauden langile askoren soldatak hobetu egin dira.

Ezin omen zen; lurrak ez omen zuen laiaren ondorioa jasango. Baina jasan du, eta hoberako izan da. Beraz, hobera egin ahal dela ikusita, aztertu dezagun laiak nolako lana egin dezakeen lan munduan geratzen zaizkigun beste alor askotan: lan istripuak gutxitzeko desagertzeraino, langile autonomoen eskubideak eta langile direnen eskubideak bermatzeko, soldaten igoera bizitzaren kostuaren handitzearekin neurrikoa izateko, zaintza lanetan duintasuna bultzateko. Lan merkatuak orain aldeko aldaketok hoberako onartu baditu, ez dago arrazoirik oraindik egiteke geratzen diren puntu horietan ere hobekuntzak lortu ahal izateko, guztion fabore.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK