Hedabideei esker zabalduta, gizarteak ondotxo ulertu du EAEko enpresek aurrean daukaten erronketariko bat: talentua falta da, eta beharrezkoa da lantzea talentua nola erakarri eta nola errotu. Bertako enpresek zein Eusko Jaurlaritzak, jabetuta profesional prestatu eta kualifikatuak topatzeko dagoen zailtasunaz, lanketa garrantzitsuak egiten dihardute ahalik eta langile onenak enpresaratzeko bidean. Talentua, diote, enpresa batek aurrera egiteko daukan baliabiderik garrantzitsuena izanik, profesional onenak erakartzea, garatzea eta errotzea lortzen duten enpresek etorkizunaren lidergoa izango dute.
Talentu bila dabilen enpresa bakoitzak zeren bila dagoen definitu beharko badu ere, badago zoru komun bat talentuaren nondik norakoa zehazteko. Profesional on baten talentuari lotuko genioke, zalantza barik, prestakuntza on eta osatua izatea hezkuntzari dagokionez, eta formazio egokiarekin batera, bestelako askotariko gaitasunak izatea lana aurrera eraman ahal izateko: komunikazioa, lidergoa, gizatalde batean egokitzea, arazoei aurre egitea, emozioak kudeatzea, erabakiak hartzea.
Talentua, beraz, ezinbesteko bilakatu denez enpresen lehiakortasunerako, pentsatzekoa da profesionalak aukeratzeko orduan, enpresek ahalik eta formakuntza osatuena eskaintzen dieten langileengana joko dutela. Zenbat eta hobeto formatuta egon eta gaitasun hobeak izan, hautatutako profesionalak aukera gehiago emango dizkio enpresari, eta enpresak, bere aldetik, profesionala enpresan txertatzeko diru eta denbora gutxiago erabili beharko du.
Hori hala da enpresa pribatuan. Ez, baina, enpresa publikoan.
Epaitegiak Gipuzkoako Foru Aldundiari (enpresa publikoa) esan dio ezin dituela profesional onenak aukeratu, alegia, formazio eta gaitasun osatuena daukatenak. Euskara ez jakiteko eskubidea baliatuz, esan dio ezin dela euskarazko ezagutza eskatu zenbait lanpostutan. Ondorioz, Aldundiak bere lan eskaintza publikoko lanpostuen %34ean ez du hizkuntza eskakizuna aurrez eskatuko eta “denbora” eta “bitartekoak” emango omen ditu behin langileak kontratatuta hizkuntza profila egiazta dezaten.
Beraz, hezkuntza publikoan aise lor daiteken formazioa daukatenak, alegia, euskara zein gaztelania menperatzen dutenak, baztertuta geratuko dira enpresa publikora sartu ahal izateko formazio txikiagoa daukatenen, euskara ez dakitenen, aldean. Euskara ez dakitenek lanpostua hartzen dutenean, guztion zergen artean ordaindu beharko dugu: a) profesional horren liberazioa euskara ikasteko eta b) ordezko langile bat titularra ikasten dabilen bitartean lana ateratzeko. Demaseko mauka denon poltsikotatik elikatzen den altxor publikoarentzat.
Enpresa pribatuan zentzubakoa eman badezake gutxiago dakitenak lehenestea gehiago dakitenen kaltetan, jarrera politiko batetik abiatuta bakarrik uler daiteke hezkuntza publikoan eskura dagoen formazio bat baztertzailetzat jotzea. Ezjakintasuna bertute bilakatu ideologia jakin batek bultzatuta.