Larunbatean izan zen. Pirinio aldean txango batean nengoela lagun batek finantzei buruzko galdera bat egin zidan. Bere bankutik deitu zioten etorkizunerako aurrezki aukera ezberdinak planteatzeko. Buruan dituen helburuen arabera aurrezki estrategia diseinatzeko gomendatu omen zioten. Neuk hori ohikoa zela esan nion eta litekeena dela inbertsio funtsen bat eskaintzea. Atzo mezu bat bidali zidan. Bere bankuko gestoreak "azterketa" egin omen zion produktuei buruz zenbat ezagutzen zuen neurtzeko eta horren arabera eskaintza pertsonalizatua osatzeko. Ez zuen omen testa gainditu eta kezkatuta zegoen ez zekielako arrotz egiten zitzaion mundu horretan nola jokatu. Komenigarritasun testa egin zion bere bulegoko kudeatzaileak. Europako MIFID arauak horrela agintzen du eta bezeroek ulertzen dituzten produktuak baino ez kontratatzea du helburu. Legedi horren asmoa egokia bada ere askotan bezeroak galderak bankuko gestoreak "zuzenduta" erantzuten ditu eta bankuan erakusten dioten dokumentua sinatu egiten du. Hala, bezeroak babesteko tresna behar zuenak bankuak babesteko baino ez du balio zenbait kasutan, bezeroaren sinadura jasota dagoelako.
Europako Banku Zentralak interes-tasak jaitsi eta, historian lehen aldiz, eremu negatiboan uztea erabaki zuenean bankuek estrategia aldatu behar izan zuten. Historikoki bankuen ohiko negozioa bezeroen dirua gordailuen bitartez hartu eta beste bezero batzuei mailegatzea izan da. Gordailuengatik interes tasa bat ordaindu eta maileguengatik tasa altuagoa kobratu. Bitartekaritza-marjina deritzo horri. EBZren moneta politikaren aldaketak, baina, hankaz gora jarri zuen negozio eredu hori. Europa tasa negatiboa aplikatzen hasi zitzaien bankuei bezeroek kontuetan eta gordailuetan dirua izateagatik. Honek bankuei etekinak lortzea zaildu zien. "Erre" egiten omen zien bankuei bezeroek dirua izatea betiko aurrezki kontuetan. Enpresa eta erakudeei, esaterako, kontuan dirua izateagatik kobratzen hasi zitzaien bankuak. Inork espero ez zuen neurria zen eta enpresen artean harridura sortu bazuen ere, banku guztiek egiten zutenez onartu behar izan zuten. Norbanako bezeroekin,aldiz, ez ziren horrenbesteraino ausartu eta bezeroen dirua "minik" egiten ez zien produktuetara eramateko estrategia jarri zuten martxan. Bezeroak animatu zituzten dirua inbertsio-funtsetan inbertitzera. Oso denbora laburrean bezeroek inbertsio-funtsetan zuten inbertsioa izugarri handitu egin zen. Bankuen funtsen kudeatzaileek egindako lanak ere lagundu egin zuen Izan ere bezero askok errentagarritasun interesgarria atera zion bere diruari. Bankuek onura bikoitza lortu zuten. Gordailuetako diruak ez zien "kalterik" egingo eta inbertsio funtsak kudeatzeagatik komisio oparoak lortu zituzten.
Historikoki bankuen ohiko negozioa interesen bitartekaritza-marjina izan da. EBZk tasak jatsi zituenean hankaz gora jarri zuen negozio eredu hori eta bankuek estrategia aldatu zuten
Ingurunea, baina, aldatu egin da. Christine Lagardek dagoeneko tasak 50 puntutan igo ditu eta atzo bertan AEBetako Erreserba Federalak , FED bezala ezaguna denak, tasak berriz ere igo ditu. 2022an zehar egiten duen laugarren igoera da. Dagoeneko diruaren prezioa % 2 eta % 2,25 bitartean kokatu du. Inflazioaren beldur da FED eta horregatik tasak hain azkar igo ditu. Inoizko gorakadarik biziena izan da 1981tik. Ronald Reagan agintzen zuen garai horretan Etxe Zurian eta AEBtako ekonomia inflazio tentsio handia pairatzen ari zen. Gerra batek eraginda petrolioaren krisiak prezioen garestitzea ekarri zuen eta FEDeko agintariek tasak igotzeari ekin zion. Europan irailerako beste igoera gehigarri bat ere espero da.
Kontua da bizi garen mundu globalizatu honetan FEDak hartzen dituen erabakiek albo-kalte oso handiak dakartzatela. FEDen gertatzen dena ez da bertan gelditzen, kontrakoa baizik. Munduko ekonomia guztiei eragiten die. Herrialde gehienek petrolioa eta bestelako hornidura asko dolarretan erosten dute. Tasak igotzeak dolarraren garestitzea ekarri du eta gainerako dibisen hondoratzea. Dolarretan inportatzea, hortaz, garestiagoa da. Baina bada beste ondorio kezkagarri bat: kanpo zorra. Herrialde askok beren ekonomiak mantentzeko zorpetu behar izan dute, eta askok dolarretan egin dute. Txina apurka apurka garapen bidean dauden herrialdeen artean nagusitasuna hartzen ari bada ere, asko dira oraindik kanpo zorra dolarretan dutenak. Erreserba Federalak tasak igotzeak interes altuagoak ordaintzea suposatuko die eta, zorra dolarretan egonda, garestiago izango dute zorra itzultzea. Mundu mailako inflazio altuak eta FEDen erabakiak herrialde txirotuen ekonomiak asko tenkatu dituzte. Sri Lanka horren adibide da. 20.000 milioi dolarreko kanpo zorra du. Krisi egoeran dago herrialdea eta zorra ordaintzeari utzi dio. Herritarren egonezinak eztanda egin du eta agintean zegoen gobernua kalera bota dute. Agintera heldu den presidente berriak ekonomia zuzenduko duela agindu du baino zail izango du. Ikuskizun dago ea mendebaldeko herrialdeek nolako neurriak hartuko dituzten. Interes-tasa altuen eta inflazio altuaren batuketak atzeraldi ekonomikoa ekar dezake AEBn eta baita nazioarte mailan ere. Laburra espero bada ere, izua dagoeneko zabaltzen hasia da. Egonkortasun ekonomikoaz gain, soziala ere jokua egon daiteke.
Bizi garen mundu globalizatu honetan Erreserba Federalak hartzen duen edozein erabakik albo-kalte oso handiak ditu. FEDen gertatzen dena ez da bertan soilik gelditzen
Argi dago finantzen globalizazioak elkar lotutako sistema ekonomikoak ekarri dituela. FEDeko kideek hartzen dituzten erabakiek ondorio oso zabalak dituzte eta merkatu eta ekonomia asko tenkatu ditzakete. Normala da nire lagunak bankuan egin zioten komenigarritasun testa ez gainditzea. Finantzak gero eta ulergaitzagoak dira eta jendea ez da fio bankuek egiten dizkien proposamenez. Jendea ekonomia eta finantzen alorrean hezitzea ezinbestekoa da erabakiak lasaitasunez hartu ahal izateko. Ahaldundu behar da jendea gero eta nahasiagoa den finantzen muduan moldatzeko. Beste aukera da piriniotako txangoak aprobetxatzea lagunei iritzia eskatzeko. Mendi artean gauzak hobeto azaltzen dira, zalantza barik.