Duela aste batzuk urtebetetze opari gisa Vicente Alcaide buztingilearen tailerrera eraman ninduten. Aurten lehen aldiz erabileran pentsatu gabe, ederra delako, begiratzean sentitzen dudan plazer diskretu horren bila hautatu dut pieza bat.
Loreontzi bat da, nahiz eta ikusi nuen unean dagoeneko banekien ez niola ontzi hari loreekin edo ezelako beste elementurekin protagonismorik ostuko. Etxean bere lekua eman genionetik maiz geratzen natzaio begira eta egunero ertz ezberdin batera narama.
Buztina erabiltzen ikasteak gizakiontzako ekarri zuen aurrera pausoan pentsatu dut azken aldietan. Halako batean, galkorrak ziren jakiak gordetzeko, iraunarazteko eta leku batetik bestera garraiatzeko aukerak zabaldu ziren. Behar zirenak baino jaki gehiago biltzeko aukera, hazien bitartez uztak urte batetik bestera mantentzeko aukera, olioa bezalako elikagaiak urte osoan zehar erabiltzekoa, kontserbaziorako teknika berriak garatzeko aukera… guztiak aurrezkiaren espresio primitiboak dira: orain behar ez denetik gordetzea baita, etorkizuneko beharrak ase ahal izateko. Nirearen antzerako ontziak izango ote ziren lehen aurrezki kutxak? Aski iraultza izango zen hori.
Eta horren aurretik? Horren aurretik zehaztasun eta begirada kirurgikoz adierazi ohi du Juan Luis Arsuagak historiaurrean klaneko kideen sabela zela aurrezki kutxa. Pentsa, ehizaldi baten ostean norbera jateko gai ez zen haragia galdu egingo zatekeen, ez balitz klaneko gainerako kideengatik izango. Eta era berean, ongi elikatutako klan bateko kide zen edonork bizirauteko aukera hobeak izango zituen; ongi elikatutako kideak ere elikagai gehiago ekartzeko moduan baitzeuden. Norbere biziraupena besteen biziraupenaren esku zegoen.
Aurrezki eta inbertsio sistema oinarrizko bat da klana elikatzea, ezta? Unean behar ez dugunari edo erabili ezin dugunari beste erabilera bat ematea da, etorkizunean bestelako onurak jasoko ditugulako esperantzan. Ez dago aurreikuspen plan bat irekitzen duen pertsona batek milaka urte beranduago duen pentsamendutik oso urrun. Eta hala ere, badirudi gure finantza-sistema konplexuegia bilakatu dela gure aurrezkiekin gertatzen dena ulertzeko. Itzelezko pena, ideia funtsean sinplea denean: bankuen jardun handienetakoa bezero batzuen aurrezkia biltzea da, ondoren beste bezero batzuei maileguan emateko.
Hortaz, ideia erradikalki sinplea eta eraldatzailea da finantza arloan ere burujabetzaz eta demokraziaz aritzea: zein eratako kontsumoa sustatu nahi dugu, zein eratako jarduera ekonomikoak finantzatu nahi ditugu gure aurrezkiekin? Ezinegon horretatik abiatzen dira finantza etiko eta solidarioetako entitateak. Gure aurrezkiak kolektibizatuz gure lurraldeetako ehun produktiboak itxuraldatzeko eta eraldatzeko palanka bihurtzean datza. Erabaki batzuk garrantzitsuegiak dira ate itxi batzuen atzean hartzen uzteko. Imaginatzen duzue zuen bankuak zuen dirua nori eta nola utziko dion erabaki ahal izatea? Bada hori dagoeneko gertatzen ari da Koop57 eta Fiare bezalako lekuetan. Erein nahi ditugun hazientzako buztinezko ontzi berriak dira.