Eguneroko praktikan noizean behin bitxikeriak ikustea egokitzen zaigu. Azkenengo urteetan hiruzpalau aldiz egin didate honako kontsulta: kirurgia estetikoko ebakuntza bat egiteak aldi baterako ezintasunagatik baja hartzeko eskubidea ematen al du? Galdera bi ikuspegietatik egin didate, langilearen zein enpresaren ikuspegitik, hain zuzen ere.
Erantzun zuzena, betiko moduan, irekia da. Printzipioz borondatezko esku-hartze estetiko baten ondorengo atsedenaren ondoriozko baja aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoaren babesetik kanpo geratzen da, izatez arrazoi estetikoa bakarrik baldin badago funtsean.
Aldiz, gaixotasuna, istripua edo sortzetiko malformazioa tratatzeko ebakuntza justifikatzen duen aurretiazko gaitza egiaztatzen bada, orduan bai, prestazio eskubidea onartzen da. Demagun lan istripu baten ondorioz langileak erredurak dauzkala. Kasu horretan ebakuntzak, estetikoa izan arren, argi dago aldi baterako ezintasunaren prestazioa kobratzeko eskubidea ematen duela.
Beste kasu bat: sudurraren ebakuntza. Aldez aurretiko arnas arazo bati lotuta badago, bai. Estetikoa besterik ez bada, ez. Beste gauza bat da arnas arazoak edukitzeagatik sudurraren ebakuntza egitea eta, bide batez, norberaren itxura hobetzeko aprobetxatzea.....
Eta liposukzio baten kasuan? Ba hor Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aurki emandako sententzia batek dioena. Kasu honetan, langile batek aldi baterako ezintasuna hasten du kontingentzia arruntagatik, abdominoplastia eta liposukzioa egiteko ebakuntza kirurgikoa egin ondoren klinika pribatuan. Mutuak aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoak ukatzen ditu, ebakuntza ez dagoelako lotuta aldez aurreko gaixotasun edo gaitzekin. Orduan, klinikak txosten bat egin zuen, eta lehen aldiz adierazi zuen "sabeleko muskuluen diastasia, ebentraziorako joerarekin". Horrek, langilearen iritziz, ebakuntza kirurgikoaren aurreko gaixotasun-egoera bat definitzen du, prestazioa jasotzeko eskubidea justifikatuko lukeena.
Auzitegiak ez du ukatzen langilea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela, lan egitea eragozten dion ebakuntza kirurgikoaren ondorioz. Egoera horrek lan-prestazioa eteten duela onartzen du, baina prestazio ekonomikoarekin babestuta egon dadin, ebakuntzak aurretiko gaixotasun edo patologia batekin lotuta egon behar duela dio. Eta hori ez da egiaztatzen aztertutako kasuan, ez baitago osasun-aurrekari medikorik, ez eta osasun publikoaren ebakuntzaren preskripzio medikurik ere. Eta auzitegiak ez dio baliozkotasunik ematen klinika pribatuaren txostenari, mutuak prestazio ekonomikoa errefusatu ondoren agertu zelako.
Auzitegi Gorenaren doktrina gogorarazten du, zeinaren arabera kirurgia estetikoko ebakuntza batek aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa ekar baitezake soilik interbentzioaren beraren konplikazio edo albo-ondorioen kasuan, nahiz eta borondatezkoa izan, edo ebakuntza beharrezkoa denean langilearen lanbideagatik, eta horrek baztertu egin lezake ebakuntza egiteko erabakia. Baina ez dago prestaziorako eskubiderik borondatez erabakitako ebakuntza estetiko bat sendatzeko denean, gaitz edo gaixotasun batekin inolako loturarik izan gabe, eta osasun-laguntzarik behar ez denean.
For Ever Young bai, baina ez Gizarte Segurantzaren kontura, ezta enpresaren kontura ere.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta