Europako mapa hain zatikatu eta anitzean, beti topa dezakegu egoera kezkagarrian dagoen herrialderen bat. Harrigarria izan arren, ia 70 urtetan emandako integrazio ekonomiko prozesuak ez ditu erabat uniformatu herrialde ezberdinen egitura ekonomiko, politiko eta sozialak. Aniztasuna da oraindik ere Europar Batasunaren ezaugarrietako bat. Kide baten arazoek beti sortzen dute kezka eta ardura bizilagunen artean, noski, eta urduritasuna, herrialdearen tamaina eta pisu ekonomikoaren baitan egoten da (oharra: ekonomian, tamaina beti da garrantzitsua). Epizentroa Frantzian dagoenean, alarma guztiak pizten dira.
XIX. mendearen bukaeran, Otomandar Inperioari itsatsi zitzaion “europar gaixoaren” goitizena, bere beherakada politiko, ekonomiko eta militarra irudikatzeko metafora bezala. Hurrengo hamarkadetan zalantzazko ospea duen titulu hori herrialde ezberdinek irabazi dute: Erresuma Batuak 70.eko hamarkadan, Alemaniak XXI. mende hasieran edo Greziak 2011tik aurrera. Gaur egun, zalantza izpirik gabe, Frantzia da europar gaixo hori. Azken astetako istiluek azaleratu dute barne krisi ekonomiko eta politiko sakona, baina frantziar desoreka larriak aspalditik datoz. Eta irtenbidean ez da argi izpirik ikusten.
Aldagai makroekonomikoei dagokienez, arazo nagusia zor publiko erraldoian datza: azken datuen arabera, BPGaren %119 gainditzen du. Zor horri lotutako interesak modu esponentzialean hazten ari dira, arrisku-primaren gorakadari jarraituz. Zorraren sustraiak sakonak dira: 1974. urteaz geroztik, Frantziak urtero defizit publikoak izan ditu, eta aurten, defizit hori BPGaren %5,4koa izango da, europar erakundeek agintzen duten %3tik urrun. Gastu publikoak BPGaren %57 suposatzen du, eta egindako zerga murrizketek sarrera eta gastuen arteko desorekak areagotu dituzte, kontsumo eta inbertsioa piztu gabe. Industria sektorearen lehiakortasunaren ahultasuna geroz eta nabarmenagoa da, energiaren prezioen hazkundearen, inbertsio ezaren eta lubaki digitalaren eraginez. Bitartean, inflazioak eta langabeziak ere gora egiten dute, gizartearen atsekabea elikatuz.
2027ko presidentetza-hauteskundeen zain, ez dirudi politikak korapiloa askatzen asko lagun dezakeenik. Aurrekontuak onartzeko zailtasunak izugarriak dira, eta gizartearen polarizazioak bi muturren aukerak areagotzen ditu. Le Pen eta Melenchonen alderdien errezeta ekonomikoak zeharo kontrajarriak dira: lehenengoak gastu publikoaren eta zergen murrizketa ditu ardatz bezala; bigarrenak, gastu publikoaren hazkundea eta aberatsenei ezarri beharreko zergen ezarpena. Zorraren arazoaren konponketaren zati handi bat Europako Banku Zentralari esleitzen diote, zor publikoaren tituluak erosaraziz (Le Penen alderdiak) edo zorra zuzenean kitatuz (Le France Insoumisek). Bi alderdiek defendatzen dute jubilatzeko adina jaistea: 62 urtetara ultraeskuindarrek, 60 urtetara muturreko ezkertiarrek. Jakina, ez dute argi uzten nola ordainduko duten pentsioen faktura berri hori.
Frantziar jatorriko Nobel saria den Esther Duflok dioen bezala, arazoa ez da soilik ekonomikoa: elkarrizketa politikorako ezintasuna ere bada. Frantziak epe laburreko lehia partidistatik harago joan eta zorrari, pentsioei, lehiakortasunari eta gizarte kohesioari buruzko akordio iraunkorrak behar ditu. Horrelako erreforma sakonak ez dira hauteskunde ziklo baten neurrira egiten. Eta, ispiluari begiratuz gero, Espainiak ere badu lezio hori ikasteko premia. Baina ez dut uste inor horretaz jabetuko denik azaroaren 29aren ostean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta