Etorkizuna marrazteko desiran, lanbide edota ikasketak hautatzeko ordua heldu eta oraindik arrastorik ere ez zer egin nahi duten beraien bizitzarekin. Halaber, “zuk zer izan nahi duzu handitan?”, “zer ikasiko duzu?” galderak ohikoak baino ohikoagoak dira. Gutxi batzuk behintzat gai dira nolabaiteko erantzuna emateko, baina, aldiz, gehiengoak ez du inolako bizitza-proiekziorik, eta “ez dakit” hutsal bat erantzutera mugatzen dira. Gaztetxoek, orain arte behintzat, astronauta, andereño, suhiltzaile edo futbolari izan nahi izaten zuten, besteak beste, baina garaiak aldatzen doaz, eta baita ametsak ere; izan ere, egungo belaunaldiek funtzionario bilakatzea dute xede.
Gure burua herriaren zerbitzura jartzeak bokazioa izan beharko luke ardatz, gizartearen beharrak asetzeko grina edota gure auzotarren bizitza hobetzeko desira, kasu. Garaiak aldatzen doazela aipatu dut, eta ez naiz hankamotz geratu, ez horixe! Gizateriak zer behar duen bost axola, geure beharrei besterik ez diegu begiratzen; labur esanda, soldata, ordutegi, edota lantokian jasan dezakegun presioari begiratzen diogu. Hori, ez dago esan beharrik, enplegu publikoaren izaeraren aurka doala. Izan ere, zinez lan publikoetan aritu nahi dutenen ehunekoa benetan da apala.
Datuek berretsi egiten dute nire pentsamendua, ikustea besterik ez baitago ekainean burutuko den Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan izena eman dutenen kopurua: 100.000 inguru izango dira Barakaldoko BECen 5.400 postu betetzeko lehian arituko direnak. Are gehiago, inoiz izan den LEP jendetsuena izatea aurreikusi da. Bertan denetarik izango da, noski, baina ez soilik urte luzez aldi baterako kontratuak bata bestearen atzetik lotzen ari diren erizain edo administrariak bakarrik, baizik eta baita erosotasunaren nahiz egonkortasunaren bila joango diren milaka eta milaka gazte ere.
Horrek zeresana eman behar liguke (edo lieke batzuei), izan ere, gizartearen gehiengoak administrazioarentzat lan egitea badu helburu, zerbait bide onetik ez doanaren seinale argia izan daiteke. Faktoreak askotarikoak diren arren, sektore pribatuak eskaintzen ez dituen soldatak eskuratzea dute asmotzat, baita lan-ordutegi erakargarriagoak edota ziurgabetasunetik aldentzea ere. Hori horrela, belaunaldi berriek nahiago dute urte luzez gaitegi amaiezinak ikasten aritu, noizbait lanpostu egonkorra lortuko dutelakoan, besteren konturako edozein lanetan aritu ordez. Ez hori bakarrik, eta are larriagoa dena: gainera, egungo gazteen ehuneko txiki-txiki batek soilik nahiko luke bere proiektu propioa garatu, eta gehienen burutik pasa ere ez da egin norberaren kontura lan egitea.
Nolabait ere, ulergarria da gaurko gazteek buruan darabiltena. Sektore pribatuan geratuz gero, prekarizazioaren amu bilakatzeko arrisku galanta dute; aldiz, negozioren bat aurrera ateratzeko saiakera eginez gero, sekulako inbertsio ekonomikoa, dozenaka traba administratibo eta milaka sakrifizio pertsonal, orduak eta orduak sartu beharra, eguna joan eta eguna etorri. Beraz, irtenbidea zein da? Gure mandatariek ezer egiten ez duten bitartean, bada funtzionario izan.