• IRITZIA
  • Futbolaren arriskuak (enpresarentzako)

Futbolaren arriskuak (enpresarentzako)

2025eko martxoaren 14a
josu uriguen

Oharra: Iritzi hau Tijuana in Blueren 'Urroztarra' abestiaren zuzeneko bertsioaren sarrera entzuten den bitartean irakurtzea gomendatzen dut

 

 

 

Askotan entzun dut futbola herriaren opioa dela, askotan ikusi ditut lagun zein ezagunak lesionatuta futbolean aritzeagatik (gure adinarekin pilates eta paseoak aproposagoak dira). Askotan ikusi izan dut lesio horiek lanean dituen ondorioak (aldi baterako ezintasun luzeak). Ikusteagatik, futbolarien ezintasun iraunkorrak ikusi ditut ere, pentsio eskubidea ematen dituztenak. Baina jarraian zehaztuko dudana ez nuen sekulan ikusia.

Izan ere, Asturiaseko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki adierazi du lan istripua dela erakundeak antolatutako futbol partida bat jokatzen ari zela unibertsitateko langile batek jasandako lesioa. Bere ustetan, kirol-jarduerak bere eginkizunekin zuzeneko loturarik ez bazuen ere, unibertsitateak finantzatu zuenez txapelketa, eta zerbitzu-eginkizun bat eman zitzaionez txapelketa egun horietarako, eta, beraz, partidua jokatzeagatik soldata ordaindu zitzaionez, lan istripua da.

Langilea bere unibertsitateko futbol taldeko kidea da eta unibertsitate horrek eta beste batzuek antolatzen duten administrazio eta zerbitzuetako langileen futbol txapelketa nazionalean parte hartu zuen. Taldean parte hartzea borondatezkoa da. Txapelketan parte hartzeko, unibertsitateak zerbitzu-eginkizun bat eman zion langileari, egun horiek ordaindu egiten baitira.

Txapelketako partida bat jokatzen ari zela, istripu bat izan zuen, tibia hautsi zuelarik, eta aldi baterako ezintasun prozesua hasi zuen. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak aldi baterako ezintasunaren prozesua lanekoa ez den istripu batetik zetorrela adierazi zuen. Horren aurka, langileak kontingentzia erreklamatu zuen eta Lan Arloko Auzitegiak bere helegitea ezetsi zuen.

Langileak errekurtsoa jarri eta Justizia Auzitegi Nagusiak eginkizuneko lan istripuari buruzko araudia eta jurisprudentzia aztertu ostean, misioko lan istriputzat jotzen da. Misioan lanean zegoelako eta horretarako bi elementuak biltzen dituelako: hura betetzeko desplazamendua eta lan egitea.

Misioan gertatutako istripua lan istripuaren modalitate espezifiko bat da. Enpresariaren aginduak betez edo berez enpresaren funtzionamendu onaren alde gertatzen dela uste denez, lan istripu baten aurrean gaude, lana edo laneko jarduera normalak baldintza baitira faktore kaltegarriekiko esposizioa gertatzeko.

Ulertu dezaket, adibidez, lanalditik kanpoko jarduera batzuen kasuan, hala nola, merkataritza-lotura indartzeko, bezeroak gonbidatzen dituzten kirol lehiaketetan, enpresaburuak programatutako jarduerak direla, eta lotura estua dute langilearen zerbitzuak ematearekin eta jarduera horien garapenean, langileak haren jarraibideei jarraitu behar dielako. Kasu horretan lesionatuz gero, lan istriputzat hartzea normala ikusten dut. Baina goian aipatutako kasuan, lanarekiko lotura oso mehea, meheegia ikusten dut.

Enpresarentzako ondorioak garrantzitsuak izan daitezke: normalen lan istripuen prestazioak %100era arte osotzen baitira (lanez kanpoko istripuetan gutxiago gertatzen da); ezintasun iraunkorretan batzutan hitzarmenek indemnizazioak ezartzen dituzte... Are gehiago, lan arriskutzat hartu behar al du enpresak futbol partidu bat jokatzeak? Kasu horretan, zer prebentzio neurri hartu behar dira?

Enpresarientzako aholkua: partxis eta xake txapelketa gehiago eta futbol txapelketa gutxiago.