Gabonak gabon

Gabonak maitasunaren, familiaren, bazkarien eta oparien garai bihurtzen dira guztiontzat. Bazkari familiarrak, aspaldian ikusi gabeko lagunekin elkarretaratzeak, opariak, dekorazioak, argiak, loteria… kontsumoaren, bere forma eta ahalegin osoan,  garaia izaten dira gabonak. Aitzitik, jai horren atzean dagoen mugimendu ekonomiko erraldoiak - urtero milaka milioi euro mugitzen dituena - sor ditzakeen albo-kalteak ere mahaigaineratu eta aztertu behar genituzke, besterik ez bada, hau edo beste egitera goazenean kontuan izan ditzagun.

Eguberrietako goizean bizitzen dugun magia gertatzeko azaroko azken egunetara egin behar dugu atzera, desioak betetzeko data magikoa ez baita doakoa. Olentzero eta Maridomingi etxetik pasatzen dira, eta oparirik desiratuenak zuhaitzaren azpian edo galtzerdiaren barruan uzten dituzte baina hau gertatzeko, beherapen-kanpainaren hasiera aurreratu egiten da, urtetik urtera gehiago gainera, eta Black Friday izeneko egun-astea ospatzen da saltoki eta marka gehienetan. Beherapen kanpaina hauen inpaktu ekonomikoa izugarria den arren, eta ez bereziki kontsumitzaileon alde, ingurumen-inpaktua ere izugarria izaten da. Egunotan erosten ditugun produktu edo opari hauen ekoizteak, materialek, bilgarriek, garraioa… produkzio eta salmenta-kateak sortzen duen poluzio tasa altuak ere kezkagarriak izaten dira, gero eta presenteago dugun krisi klimatikoan murgilduta gaudelarik.

Zoritxarrez, opari eta erosketak ez dira gabon garaia jasanezin egiten duten arrazoi bakarra. Gabon garaiaren bueltan eraikitzen den dekorazio eta argiztapen kanpainek ere badute beren erruaren parte. Etxeetako, komertzioetako eta kaleko argiak dira honen erakusle garbiena, gure ingurua eta giroa alaitzen duten arren, ikuspuntu ekologista batetik aztertuta - gaur egun instituzio, enpresa eta norbanako guztiongan beharrezkoa dena - gauden egoeran egonik ez baitute inongo efektu praktikorik.

Bilbadura honetan ezin ditugu aipatu gabe utzi lagun, ikaskide, lankide eta senideekin egiten ditugun elkarretaratzeak. Beno, elkar ikusteak berak ez, honek gure kulturaren funtsarekin nahastuta eragiten duen koktel hutsezinak: mahai beteen bueltan ospatzen ditugun bazkari eta afari guztiez ari naiz. Madrilen, ekainaren 7an onartutako 2022 Lege berriak ezartzen du negozioek soberako elikagaiak dohaintzan eman beharko dituztela eta jatetxeetako bezeroei soberakinak etxera eramateko aukera eman beharko dietela. Ordea, etxe eta elkarteetako soberakinei buruz ez dio ezer. Ez dago elkarretaratze hauek ospatzeko egiten diren janari eta edari amaigabeen erosketak erregulatu edo soberakinak botatzea isunduko duen legerik, gizakion borondatearen gain utzi dute erabakia.

Ez gatoz inori lezio etiko eta moralik eskaintzera. Ez dugu hau edo beste erosi edo kontsumitzeagatik elkar zigortu edo markatu behar. Sobera dakigu gure izatearen oinarrian inpultso kontsumistak izan ditzakegun arren, zer dugun jokoan eta zerk eragin dezakeen saihesgarriak diren ingurune kalteak, kalte-ordain sozialak edota ekonomikoak. Hortaz, norberak egin dezala bere hausnarketa eta pentsa dezala zein izan daitekeen egoera hobetze aldera egin dezakeen ekarpena; norbera berean eragiteko gai bada kalteak ekidin ez, baina murrizteko gai izango baikara. 

Gabonak gabon, ospakizun jasangarriago eta soilago batzuk ospatzeko unea da. Ondo ospatu, gozatu eta jokatu arduratsu! Urte Berri On!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK