Gabonak gabon!

Gabonak magia- eta alaitasun-garaia dira, maite ditugun pertsonekin elkartzeko eta batzen gaituzten laguntasuna ospatzeko unea. Argien, oparien eta apaingarrien nahas-mahasean, askotan bistatik galtzen dugu benetan axola duena: partekatzeko dugun denboraren kalitatea, ez gastatzeko dugun dirutza. Gabonetako gastua zifra astronomikoetara iritsi da. Orain gutxi egindako azterketen arabera, Gabonetan gurean pertsonako batez besteko gastua 589 eurotik gorakoa dela kalkulatzen da, eta opariak erosteaz gain, elikagaiak, dekorazioak eta beste jai-artikulu batzuk barnebiltzen ditu erosketa saski honek.

“Segurtasuna eta egonkortasuna bilatzen ditugu egoera ezegonkorren aurrean, eta erosketetara jotzen dugu” zioen Paul Harrison doktoreak —Kontsumo Hoberenaren Laborategiko zuzendariak— elkarrizketa batean. Azken hiru urteotan bizi izan ditugun krisi ugariek kontrola galdu dugula sentiarazten digute eta gorako tendentzia honen justifikatzailetzat jotzen du berak. Gabonetako batez besteko gastua aldatu egin da Hego Euskal Herrian azken urteotan. Lehengo urteko Gabonetan, herritar bakoitzeko batez besteko gastua 589 eurokoa izan zen; hau da, aurreko urtearekin alderatuta, %14 txikiagoa. Aitzitik, 2021eko Gabonetan, EAEko batez besteko gastua 479 eurokoa izan zen; aurreko urtearekiko %22ko murrizketa izan zuen.

Honen aurrean, Harrison doktoreak Buy Nothing Dayri buruz (ezer ere ez erosteko eguna), munduko hainbat herrialdetan kontsumismoaren aurkako salaketa gisa jarraitutako urteko boikota sortu zuen beste aditu batzuekin batera. Ez dut batu beharko ginatekeenik esango, baina hor utziko dut norberak batu ala ez erabakitzeko. Gainera, gorako tendentzia duen kontsumo-maila honek, gure poltsikoetan ez ezik, ingurumenean ere eragin nabarmena du. Kontsumo-ondasunen ekoizpen masiboak, horietako asko jaiak amaitu eta gutxira botatzen dira, eta badirudi urte osoan behin eta berriz errepikatzen dugun “ingurunea zaintzearen kanpaina” egun batetik bestera ahazten dugula.

Gabonak tradizioa direla eta “betidanik horrela egin dela” aipatzen da behin eta berriz. Horri buruz hausnartzeko eta geure buruari galdetzeko garaia da: hainbeste gastatu behar al da Gabonak ospatzeko? Festa hauen benetako funtsa familiaren eta lagunarteko batasuna da, mahai baten inguruko uneak, aspaldian ikusi gabeko lagunekin gurutzatzen diren barreak edota urtean zehar bizitako istorioak entzuteko momentua. Gabon jasangarri eta kontzienteagoak egin behar ditugu. 

Gure kontsumo-praktikak inoiz baino gehiago ebaluatu behar ditugu egunotan eta beharbada opariak egiterakoan material gutxiago eta jasangarriagoak direnei erreparatu: esperientzia edo bidaiak, eskuz egindakoak, bilgarririk gabeko opariak, etab. Ez gara beti koherente izango noski, baina aukera eta alternatiba asko dugu, beraz, egin saiakera.

Gabonetan benetan axola duena egiteko garaia da: gure inguruko pertsonen konpainiaz gozatzea. Oso animalia sozialak gara, baina gure lagun eta senitartekoek aintzat har gaitzaten janaria eta opariak emateko beharrari uko egiten saiatu behar gara. Baliteke baliabide pertsonal eta psikologiko garrantzitsuak behar izatea erritu horiei aurre egiteko, baina saia gaitezen bederen, bereziki Gabonetan. Ez dugu gehiegi erosi beharrik gure ingurukoekin egoteko eta elkar gozatzeko. Gabon zoriontsuak izan!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK