• IRITZIA
  • Gabonetako saria. Enpresa Olentzero lanetan

Gabonetako saria. Enpresa Olentzero lanetan

2024eko abenduaren 13a
josu uriguen

Badatoz Gabonak eta horiekin ohitura zaharrak: sendiarekin afari zein bazkariak egiteko geratu, koinatuen gorabehera xelebreak entzun (adi: beharbada koinatua zu zara/ni naiz), azken finean, Gabonetako gauzak egin, edo Evaristo handiak janzten zuen kamisetan agertzen zena jarraituz: “Paz y Amor y Toda esa Mierda”.

 

Ohitura bitxi horien artean Gabonetako saskiarena dago. Eta ez, ez nabil zozketa bitartez egiten diren horiei buruz, baizik eta enpresetan banatzen direnei buruz.

Ohitura honek, antza erromatar jatorria dauka. Hain zuzen ere, abenduan paganoek ospatzen zuten Saturnalietan. Egun horretan patroiak (erromatar zentzuan) bere bezeroei (erromatar zentzuan) janari onez beteriko saskia oparitzen zien, euren fideltasuna eskertzeko.

 

Mendez mende errepikatu ondoren, lanaren mundura heldu zen ohitura: nagusiak (enpresak) saskia oparitzen zien langileei Gabonetan. Antza, Espainiako Estatuan 1950. hamarkadan orokortu zen enpresa munduan.

Eta zelan dago araututa gaur egun gai hau Lan Zuzenbidearen ikuspegitik? Enpresak beti eman behar al du? Ezin du kendu? Ezin du murriztu?

Lehenengo eta behin argitu beharra dago, zuzenbidean ohikoa denez, ezberdintasun nabarmenak daudela. Izan ere, Lan Hitzarmen Kolektiboan agertzen bada, enpresak ekidin ezin duen beharra da, edo latinez esaten zen moduan “pacta sunt servanda”.

Baina, formalki araututa ez badago? Bada, 2016. urtera arte, jurisprudentziaren arabera, Gabonetako saskia eskuzabaltasun-ekintza hutsa zen, hitzarmen kolektiboan ezarri gabeko hobekuntza soziala, eta, beraz, ezabatu edo eten egin zitekeen enpresaburuaren aldebakarreko borondatearen ondorioz. Hau da, opari moduan, ez zen sartzen lan-kontratuaren ezaugarri den kontraprestazioan.

Baina, 2016etik aurrera, Auzitegi Gorenak orientazioa aldatu zuen, eta nahitaez errespetatu beharreko baldintza onuragarriagotzat jo zuen. Zehazki, 2016ko apirilaren 21eko epaian arrazoitu zuenez, langileei Gabonetako saskia etengabe eman dieten enpresak mozkin horri eustera behartuta daude, baita egoera ekonomikoak okerrera egin badu ere. Hau da, ematea ohitura bat denean, eskuratutako eskubide bat da, nahiz eta enpresak bere langileei lan-harremana arautzen duten legezko edo ohiko iturrietan ezarritakoak gainditzen dituen abantaila den.

Beraz, Gabonetako saskia espezietan egindakoa ordaintzea da eta ezin da zuzenean ezabatu edo murriztu, baizik eta lan baldintzak funtsean aldatzeko prozedura bitartez bakarrik.

Are gehiago, saskiaren balioa nominan sartu behar da Gizarte Segurantzako kotizazioari eta PFEZren tributazioari dagokienez.

Beraz, Olentzerori edo Erregeei (Bizarzuriri ez arren) eskatu, baina enpresari ere eta gogoratu azken finean, euskaldunok ere, erromatarren ondorengo hutsak garela.