Gai izan

Munduan ehun herritarretatik ia 15 desgaitasunen batekin bizi da; munduko gutxiengorik zabalenetako bat osatzen dute, nik uste. Kosta egiten da ulertzea, bada, nolatan ez garen ohartu ere egiten munduari dakarkioten aniztasunaz, normala deitzen duguna asmazio bat besterik ez dela, ehun herritarretatik beste 85rentzat abantailazkoa zaigun begitazio baino ez.

Nire kasuan, behintzat, halaxe da, eta esango nuke —gehiegi konfunditzeko beldurrik gabe— zurean ere, irakurle, halaxe dela. Desgaitasunen bat duten pertsonak zure lankideak direla edo aisialdian topo egiten duzula haiekin, adibidez, gimnasioan edo korrika egitera ateratzen zarenean. Desgaitasunen bat duen lagunen bat duzula, edo ikaskide bat, edo bizilaguna. Agian zure bikotea izan daiteke, edo seme-alaba. Agian, supermerkatuko kutxan laguntzen zaituen langilea da, edo goizero kafea nola hartzen duzun ongi baino hobeto gogoratzen duen zerbitzaria.

Desgaitasunen bat dute, fiskoa, adimenekoa, zentzumenena edo mentala, edo besteren bat, edo horietako bat baino gehiago. Ezaugarri hori dute, baina ez dira ezaugarri bat. Irakasleak dira, arkitektoak, erizainak, medikuak, kazetariak, enpresa-kudeatzaile edo giza-baliabidetako zuzendari, eta ez badira ere, ez da desgaitasun bat dutelako izango kasurik gehienetan. Desgaitasunik (ustez) ez dugun beste edozein pertsonok ditugun aspirazioak, ideiak edo ezagutzak dituzte eta askotarikoak direla esate hutsak agerian uzten du, hain justu ere, zein urruti gauden oraindik gizarte-bizitzan denok leku propio bat izatetik.

Abenduaren 3an, Desgaitasunaren Eguna da mundu osoan, hala izendatu baitzuen 1992an Nazio Batuen Erakundeak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta ongizatearen inguruan gizartea sentsibilizatzeko.

Askotan gertatzen den bezala, oinarrizko eskubideen defentsa nekez uler daiteke testuingurua aintzat hartu gabe eta eskubideen urraketa zuzenean pairatzen dutenen protagonismotik aparte. Gerra handien ondorenean hasi zen mamitzen eskubideen aitortza hori, guda-zelaietatik zauritu andana iristen hasi eta gizartean berriro integratzeko sistemak eratu behar izan zirelako. Estatuen benefizentzia-tresnak abiarazi ziren orduan, baina desgaitasun-kolektiboak ekimen propioak hartu zituen bere gain, ikuspegi-aldaketa aldarrikatzeko. Horrela sortu ziren nazioarteko eremu gorenetako eztabaidak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik zuzenean abiatuta, zeinak bere Lehen Artikuluan dioen "Gizaki guztiak aske jaiotzen direla, duintasun eta eskubide berdinekin".

Ikusi gabe bizi gara gu, baina besteak omen dira itsuak. Entzun gabe bizi gara gu, baina besteak omen dira gorrak. Gure pribilegioekin sortu dugun bolizko dorretik ezin jaitsi gaitezke gu, baina besteak omen dira mugikortasun-arazoak dituztenak. Beti besteak.

Desgaitasunik (ustez) ez duena da ulertzen beti azkena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK