"Gai izango naiz? Neurria emango dut? Nahikoa ona al naiz?". Gaur klasiko batez arituko gara: iruzurgilearen sindromeaz. Besteak beste, gai horrekin hasi genuen asteazkenean Aspegi Elkarrizketen zazpigarren edizioa. Mahai inguruak enpresetan erabakiak hartzeko postuetan dauden emakumeak izan zituen protagonista.
Pertsona prestatuenek eta seguruenek ere sentitu ahal izan dute inoiz ez dutela maila ematea lortzen. Eta hala baieztatu zuten solasaldian parte hartu zuten hizlari guztiek: Itziar Epalza Urkiaga Euskadiko Parke Teknologikoen zuzendari nagusiak, Nerea Aramburu Eizmendi Realeko sailburuak, Nerea Aranguren Achótegi IDEKO zentro teknologikoko gerenteak eta Maider Barahona Fernández OTEICeko Lege Arloko eta Familia Enpresako arduradunak. Den-denek adierazi zuten noizbait sentitu izana ez zirela gai, nahiz eta beren lorpenek guztiz kontrakoa erakusten duten.
Badirudi fenomeno horrek mugatu egiten duela emakumeen karrera profesionala. Eta hala islatzen dute datuek: Euskal Autonomia Erkidegoko goi-zuzendaritzako karguen herena baino ez dute emakumeek betetzen. Espainiako estatuko zifrei erreparatzen badiegu, azken urteotan konpainiek atzerapausoak eman dituzte kontseilari delegatuen postuetarako emakumeak izendatzeko garaian. Aurreko urtearekin alderatuta ehuneko bi puntuko jaitsierarekin, emakumeak buru dituzten enpresen kuota % 23koa izatera igaro da.
Baina zergatik jarraitzen dugu emakumeok geure buruarengan sinetsi gabe? Zergatik uste dugu iruzurtiak garela eta gure arrakastak zorte onaren ondorio besterik ez direla? Konponbideak erraza dirudi: eta gugan konfiantza handiagoa izaten hasten bagara?
Ez da arazo indibiduala, arazo globala baizik. Ez da kasualitatea iruzurgilearen sindromea genero-rolekin hertsiki lotuta egotea: gure gizarte-sistemak generoaren arabera esleitzen ditu arau, jokabide eta erantzukizunak, gizarte-, kultura- eta politika-arloan. Hain zuzen ere, genero-bereizketa horren ondorioz, emakumeok, oso gaztetatik, geure gaitasunak zalantzan jartzen ditugu. Horrela, gure arrakasta kanpoko faktoreei egozten diegu, eta ez norberaren merituei.
Egoera horren aurrean, hezkuntza oso aldagai garrantzitsua bihurtzen da sindrome hori jasan dezaketen jarrerak edo sentimenduak saihesteko. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da erabakiak hartzeko postuetan emakume gehiago ikusaraztea, baita haien arrakastak eta lorpenak aitortzea ere. Hartara, etorkizuneko belaunaldiek erreferenteak izango dituzte identifikatzeko eta ikasteko. Horretarako jaio zen ASPEGI, hain zuzen ere: Gipuzkoako emakume enpresaburuei eta profesionalei ahotsa eman, eta egitasmoak eta jarduerak antolatzeko, emakumearen talentuan arreta jarriz.