Gaixoa ni

Paradisua, Ernest Hemingwayren hitzetan, “zezen plaza bat eta amuarrainez beteriko ibaia” da. Halaxe idatzi zion Francis S. Fitzgerald bere adiskideari Auritzetik, sanferminetako gehiegikeriak eta gero, bertara atseden bila joandakoan. Hiriak ere laster hartu ahal izango du atseden, eta bere ohikoetara itzuliko da, festa-ondoko ajea nola edo hala pasaz. Duela urte batzuk, Udaletxean komunikazio-ardurak zituen adiskide batek eman zidan egunotako inpaktua ulertzeko konparazioa: “Iruñea”, esan zidan, “auzo handi samar bat besterik ez da urteko 357 egunetan, baina sanfermimetan New York bihurtzen da”.

Nonahi ezaguna izatea preziorik ez duen balio sinbolikoa dela esaten dute ostalariek eta festen inpaktu ekonomikoari etekinik handiena ateratzen dioten sektoreek. Edonola ere, harrigarria egiten zait inpaktu ekonomiko zehatzaz informazio eguneraturik ez izatea. Jaien eragin ekonomikoari buruz Iruñeko Udalak eta Merkataritza Ganberak egindako azken txostena 2005ekoa da, eta 74 milioi euroko emaitza ematen zuen, bisitarien eta iruindarren zuzeneko gastua kontuan hartuta. 2019. urtean, Zezen Ikuskizunen Antolatzaileen Elkarteak (ANOET) txosten berriagoa eman zuen, eta bertan 142 milioi eurotan kokatu zuen eragin ekonomikoa. 2020 urtean festak bertan behera geratu zirenean, Udaletxeak 150 milioi euroko diru-galera aipatu zuen, estimazioak kontuan hartuta. Zenbaki horiek ontzat emanez gero, hiriaren aurrekontuaren erdia baino gehiago zor zaie “munduko onenak” zirela esanez Hemingwayk lau haizetara zabaldu zituen festei. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberaren datuen arabera, ostalaritza eta turismoko eragileentzat, urteko diru-sarreren % 25 gainditzen da urteko aste honetan. Udalak 2,7 milioi euroko inbertsio publikoa egin du aurten. Kontuak zeuk atera, irakurle.

Zaila da sanfermimetan hirian sortzen duten inpaktu ekonomikoa neurtzea, baina oso altua dela esanez erantzuten dute erakundeek galdera egiten zaienean, bereziki festen eredua bera zalantzan jartzen denean. Mundu mailako marka da Iruñea sanferminei esker, festa-modu hori atsegin ez dutenek ere onartzen diote, baina aspalditxo entzuten dira, ahopeka bada ere, eredua berritu beharra defenditzen duten ahotsak. Egunotako zalapartaren erdian apenas entzuten badira ere, gehiegikerien markaz duda egiten dutenak hortxe daude.

Demaseko festazalea omen zen Hemingway eta, bai, demaseko festa da sanferminetako urteroko promesa, milioika bisitari erakartzen dituena eta hiriko ekonomia hauspotu egiten duena. Horixe da, gaur-gaurkoz, festen markaren ezaugarri nagusia. Idazle estatubatuarra festetako enbaxadore ofiziosoa izan zen, eta munduan ezagutzera eman zituen geroztik bozgorailuen beharrik gabe hiria lepo bete ohi dituzten festak. Nafarroako Gobernuko komunikazio-zentroan 350 kazetarik eman dute izena aurten entzierroen berri emateko, 150 txupinazorako, eta ehun bat “Gaixoa ni”-rako. AEB, Argentina, Kuba, Alemania, Italia, Frantzia, Turkia, Erresuma Batua eta Suediakoak daude tartean, eta baita nazioarteko komunikazio-agentzia nagusiak ere.

Idazleak mapan kokatu zituen Nafarroako hiriburuko festak eta oraindik ikur nagusienetarikoa da, jantzi zuria eta lepoko gorriaz jantzita nonahi ikus baitaiteke. Denboran bidaiatzeko makinarik ez dago, baina pentsatu nahi dut emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten duen “eskutxo gorria” ere eramango lukeela Hemingway jaunak paparrean. Amets egitea libre da, ez da?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK